Musikea  III. urtea // 83. zenbakia

Akelarre taldearen agurra


Akelarre jaio zan boladan rock erradikala zan nagusi Euskadin, eta aldarrikapen, protesta eta salaketa sasoia be bai. Euren errepertorioan eurek eginiko abestiak eta euren estilora moldatutako bersinoak jo dabez urteotan plazarik plaza. Halan da be, Akelarreren konpromiso nagusia euskerea izan da: Frankismo sasoian euskeraz abesten eban taldeak nahiz eta galazota egon. Hainbat kontzertu eskaini ditu Akelarrek eta disko asko argitaratu ditu. Akerlarre taldearen ibilbidea ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula.

Hiru hamarkadatan kontzertuak eskaintzen ibili eta gero, Akelarre taldeak agur esan deutse zaletuei eta eszenatokiei. Guzurra emoten badau be, 32 urtez Euskadiko plazak musikaz eta giro parebakoaz bete dituan taldeak zuzenean joteari itxiko deutso. Hainbat belaunaldik Xanetek, Xabik, Pakok, Juanpak eta Markosek eginiko musikeagaz gozau dau, baina epe hori amaitu dala esan dabe Akelarre taldekoek.

Taldekideen ustez, ez dago ezelako sekreturik hainbat urtetan kontzertuak emoten egoteko. Iraunkortasuna, norberaren sustraiak eta izakerea dira lanean jarraitzeko motor nagusiak. Markos Juaristi Akelarre taldeko baxu-joleak adierazo dauanez, 'Gogorra da plazaz plaza ibiltea, baina gogoak aurrera jarraitzeko indarra emoten dau." Halan da be, zikloa ixteko garaia heldu dala pentsau dabe, nekearen eragina igarri egiten dalako batez be.

Urteetan atzera eginaz, 70ko hamarkadan jarri zan martxan abentura musikal hau Soraluze eta inguruko lagun batzuk musika-taldea sortu ebenean. Hasieran, Los Mansos izenagaz ziran ezagunak baina, taldeari izena aldatu eta luze iraungo eban Akelarre jarri eutsen. Lehen kontzertuak Deba aldean emon ebazan Akelarrek, baina Euskadi osoko herrietara heldu ziran apurka-apurka.