Gorka Lazkano nagusi Gatikan
Kartzelakoan Gorka eta Arkaitz izan ziran onenak
Puntua emonda ez zan inor luzidu eta ariketea duin salbau eban bakarra Beñat Ugartetxea izan zan. Saioan zehar argia joan egin zala eta ederto aprobetxau eban Leire Bilbaok jarritako puntua. “Argirik gabe edo argia piztuta: argi gabe egon naiz / lehen izututa / argi ta garbi nahi dut / hemengo burruka / joateko etxera / barrua hustuta”. Kartzelako gaia polita izan zan Gatikakoa be. Umetan amak ipuin asko kontetan eutsuzan. Orain ospitalean daukazu ama eta bere ondoan zagoz. Arkaitzen lehenengoa eta Gorkaren azkenengoa dozuez hemen.
Izarapean batzen ninduen
gozo-gozo guri-guri,
kontu kontari lokartu arte
pasatzen ziren ordu bi.
Txanogorritxo zein Txerritxoak,
edota Edurne Zuri.
Ospitalean ikusten zaitut
begiak itxita, zuri,
nahi al zenuke orain ipuin bat
nik neuk kontatzea zuri?
Gaba danetan jarri ohi zinen
nire ohe inguruan
eta neu be gaur holantxe nago
guztiz toki seguruan.
Lehen zu pozagaz egoten zinen,
ni gaur kriston apuruan,
baina ipuinak ondo amaitzen
zirela daukan buruan,
ia ba ama hau amaitzen dan
zure ipuinen moduan.
Azken kanporaketea datorren domekan Zeanurin
Gatikako ipuinak amaitu eta kontuak eginda, Gorka aurrera doa eta Arkaitzek be ziurtatuta dauka finalaurrerako lekua, saio baten faltan bigarren puntuazino onena dauka-eta. Gogoratu kanporaketetako irabazleakaz batera sei puntuazino onenak daukiezanak pasauko direla. Oraingoz sailkatzeko aukereagaz dagozanak honeek dira: Xabi Paia (391,5), Arkaitz Estiballes (379), Garikoitz Sarriugarte (377,5), Eneko Abasolo “Abarkas” (372), honeek laurak ez dabe problemarik eukiko, eta Beñat Ugartetxea (369) eta Joseba Artza (364), honeek biak bai, azken kanporaketan zain geratuko dira. Datorren domekan izango da hori, zemendiaren 7an, Zeanuriko frontoian, eta 17:30etatik aurrera kantauko daben bertsolariak Anertz Muniategi, Eñaut Intxaurraga, Amaia Uribe, Jon Unanue, Iñaki Iturrioz eta Lander Ibarluzea. Bertsozaleontzako egun seinalatua da zemendiaren 7a, Xalbador handiaren heriotzaren urteurrena.
Iñaki Aurrekoetxea
Bizkaiko Txapelketako azkenaurreko kanporaketea jokatu zan joan dan domekan Gatikan eta saio biziaren ostean parekotasun handia suertau zan aurreko postuetan. Gorka Lazkanok eta Arkaitz Estiballesek puntuetan bardinduta amaitu eben, baina epaileen arteko postu batura txikienaren erispideari jarraituta Gorkak lortu eban lehenengo postu hori eta bide batez finalaurrerako txartela.
Gorka eta Arkaitzegaz batera, Beñat Ugartetxea, Ibai Guridi, Joseba Artza eta Igor Meñikak kantau eben eta Leire Bilbaok egin ebazan aurkezle lanak. Kanpoan busti giroa baina Gatikako frontoiak etxura polita eukan, 350 ikusle saioaz gozetako prest. Saioa bizi bizi joan zan, kanporaketetako ohiko gorabeherakaz eta parekotasuna agirian zala. Azken puntuazinoak holan geratu ziran:
Gorka Lazkano: 379
Arkaitz Estiballes: 379
Beñat Ugartetxea: 369
Joseba Artza: 364
Igor Meñika: 337
Ibai Guridi: 325
Ofizio politak nagusian
Zortziko nagusian lan polita egin eben bertsolariek, erritmo onean, eta saio borobilenak hemen entzun genduzan. Beñat Ugartetxeak eta Arkaitz Estiballesek osotu eben lehenengo bikotea. Arkaitz fabrikako nagusiak enkargadu postua emon eutson Beñati eta honek lankideakaz daukazan arazoakaitik kargua ixtea be pentsau dau. Lan polita egin eban batez be Arkaitzek: “lehenengo zeure buruarengan / izan zazu konfidantza” amaitu eban lehenengo bertsoa, hurrengoan “eta enpresak egin behar badu / zorionean aurrera / arazo txiki baten aurrean / ezin da egin atzera”. Beñatek azken bertsoan “denontzat askoz hobe izango da / kargutik kendu ezkero” esan eta Arkaitzek holan errematau eban saioa: “onena ez zara izango baina / hoberik ere ez dago”. Ibai Guridi Elorrioko gazteak nagusian egin eban bere lan txukunena eta esan behar dot gustagarri egin jatala bere ahotsa.
Joseba Artzak be lan polita egin eban lehenengo ofizioan. Gay giroko tabernako bezeroa zan Joseba eta tabernara lehenengoz sartutakoa Igor. Bien begiradak gurutzatu egin ziran. Josebak polito eroan eban saioa eta aitagarriak dira lehenengo eta hirugarren bertsoetako azkenak: “ez zaitut hemen inoiz ikusi / nola duzu izena guapo?” eta “izan behar dena ez duzun arte / segi armairu barruan”. Zortziko txikian maila dezente bajau zan. Lazkanoren hasikerea polita izan zan, ezkon barria bera eta argazkiak mobiduta atara ebazan argazkilariagaz kantuan: “hamaika bider esan / neutsan andreari / txanpanik ez jartzeko fotografoari”. Bizkaieraz kantau eban Gorkak, garbi eta natural, eta horrek lagundu eutsalakoan nago. Hurrengo batean arituko naz txapelketa honetan bertsolariek bizkaieragaz daukiezan hartu-emonez, Xabi Paiaren aurreko artikulua atxaki lez hartuta.