Eguzkia bai, baina babes barik ez da komenidu
Honako honeek, beraz, eguzkitan egoteko eta hondartzan arazo barik ibilteko hainbat gomendio. Gogoan izan, osasuna jagotea kolorea hartzea baino askozaz garrantzitsuagoa dala. Halandaze, hareatzatik baltzituta etorri gura badozu, zure azalaren araberako babes maila egokia erabili. Ganera, ez ahaztu sorosleak guztion onerako beharrean dabilzan beharginak dirana eta errespetua zor jakena. Egin kasu eta ez jatzue damutuko.
Joseba Terreros
Eguzkitan parau gura izan ezkero, ez da nahikoa gure azala zelan edo halan babestea. Jagon beharra dago. Babestutea behar-beharrezkoa da astro distiratsuaz arrisku barik gozau, zahartzea aurrejagon eta azaleko zauriak ebitetako. Eguzkiagaz ez da olgetarik egin behar. Halantxe esan geinkio udako kanteari, eta behin eta barriro errepetidu, abrosidu arte, kalteak ezagunak izanagaitik be, sano larriak izan daitekez eta. Azaleko biziena, kasu baterako, azken hamabost urteotan hirukoiztu egin da. Arrazoi hori nahikoa da eguzkitan paretan garanean hartzen dogun jarrerea zein dan aztertzeko. Gogoan izan, horrenbestez, udako lehenengo agindua eguzkiaren kontrako babesa dala.
Dana dala, azala behar dan moduan zaintzeko, laguntzino ordezkaezina dogu: eguzki babeserako produktuak. Norberaren burua jagoteko oinarrizkoak izanda, egunean-egunean erabili, hondartzara edo ugertokira joan ez arren, eta etxetik urten baino 15 edo 30 minutu lehenago emon behar dira. Ostean, komenigarriena ordu birik behin ostera be emotea da, batez be uger edo kirol egiteko amesik badogu. Azkenik, oso kontuan hartu beharra dago azal muetearen araberako babes indizea; edozein kasutan, gero eta gehiago dira 15etik goragoko babesa erabiltea gomendatzen daben dermatologoak.
Halandaze, azal zuridunek 20ko babes mailatik goragoko kremak erabili beharko leukiez. Baltzaranek, gitxienez, 15eko babes mailea eta orainenak daukiezanek kontu handiz ibili beharko dabe. Horrezaz aparte, ez da komenidu eguzkipean egotea eguerdiko hamabietatik arrastiko lauretara bitartean, eta, ahal dala, hondartzara ondo pasetako, olgetako eta uretan sartzeko amesagaz joatea da onena, azalak hainbeste sufridu ez daian.
Hondartzara joan barik be, baltzitzeko aukerea dago
Gaur egun eguzki kosmetikeari esker, gerizpetan be baltzitzeko aukerea dago, izpi bakar bat be hartu barik. Merkatuan azalari kolorea emon eta, bide batez, baltzitzeko orio krema ugari dagoz. Beraz, eguzkitan egon gura ez dabenentzako urtenbiderik egokiena krema horreetariko bat erostea izan daiteke. Hartuko dozuen kolorea hondartzan hartu leitekenaren oso antzekoa izango da, baina orduetako nekeak eta izerdialdiak alde batera itxita.
Era berean, merkatuan baltzaran-kolorea askoz arinago hartzeko kremak be badagoz. Krema mueta honeek, ganera, azala preparau eta eguzkiaren eragin kaltegarrietatik defendiduten laguntzen deuskue. Azalak babeserako berez dituan mekanismoak indartu eta melaninearen produkzinoa bizkortzen dabe.
Guztiagaz be, eguzkipean igarotako egun baten ostean, azala hidratetea behar-beharrezkoa izaten da. Horretarako gauzarik onena eguzki osteko krema bat erabiltea da, horrek azala onera ekarten lagunduko deusku eta. Ganera, aftersun-ak gero eta hobeak dira eta horreetariko batzuek baltzaran-kolorea areagotu eta denpora tarte handiagoan koloreari eusten laguntzen dabe.
Hondartzetako bestelako arriskuak
Aitatutako eguzkiaren arriskua ez eze gure hareatzetan urtero-urtero makina bat ezbehar eta arazo be izaten da. Itoten dan persona kopurua txikia izan arren, sorosleek lagun mordoa atara behar izaten dabe uretatik. Hatxetan ibili ostean, zauri arinakaz hurreratzen diranak be ez dira gitxi. Hori ebitetea be norberaren esku dago eta gomendioei jaramon egitea da bidea. Izan be, hondartzako ezbehar eta larriunerik gehienak ardurarik ezagaitik jazoten dira. Egin be, sorosleek iragarritako ohar eta aholkuei jaramon gitxi egiten deutsegu beti. Eta gero, gerokoak!
Beraz, bandera gorria dagoanean, orduan eta lagunik gehien ataraten dabe itsasoko uretatik. Hau da, itsasora sartzea galarazota dagoanean, hatan be. Horregaitik, hareatzara joaten diranek sorosleen esanak betetea behar-beharrezkoa da. Bandera gorria goian dagoala eta uger egiten doanari ezin leioe, sorosleek, uretan sartzea indarrez galarazo. Baina, gero, sorosleek euren bizia arriskuan jarri beharko dabe ha personea uretatik atarateko.
Osasun Sailak, urtean-urtean, hainbat aholku emoten ditu hondartzan arriskuak ebitau edo, behintzat, gitxitzeko:
- Sorosleen aholku eta esanak bete.
- Bandera gorria dagoanean, ez sartu uretan.
- Bandera beilegiagaz, zuhur ibili.
- Uger egin ostean, dutxea hartu.
- Ez lohitu hondartzea.
- Marmokak dagozanean, kontuz ibili uretan.
- Azalean sarri-sarri emon eguzkiaren kontrako babesa.
- Zauriak jagon.
- Uretara sartzeko neurriak hartu: astero sartu...
- Ez eroan hondartzara eguzkiak hondatu leiken jakirik.
- Hatxetan ibilteko oinetako egokiak erabili.
- Burukoa jantzi eta ura edan.