Autonomietako presidenteen goi-bilerea: argazki antzua baino ez
Agirre Lehendakaria zanak esaten eban bilera eta gailur guztietara joan eta parte hartu behar zala euskaldunon interesak jokoan baldin baegozan. Madrileko bilereak emon dauana ikusita, dudan nago ia bilera horreetara joandako bateren bateri errespetua eskatzea alperreko lana ez ete dan izango. Gogoan hartzeo modukoa zen Maragallen proposamena, hau da, datorren urtean beste antzeko bilera bat egitea Catalunyako presidenteak antolatuta. Bateren batek esan beharko eutsen Maragalli eta Zapaterori antzerkia alde batera lagata, hoba dala edukinen ganean berba egitea. Eta gogoan izan dagiela arazoak benetan konpondu gura badira holako argazkiak sobran dagozala.
Iñaki Atxutegi
Joan dan asteko barria izan da Estaduko autonomien presidenteen bilerea. Zapatero estaduko gobernuburuak deituta batu dira presidente guztiak Estaduko buruen begiradapean. Gobernu eta Estaduko buruak erdian ikusi doguz argazkietan. Autonomietako presidenteak, ostera, euren inguruan. Bilerearen emoitzak ikusita, inork ez daki zehatz zertarako batu diren agintariak. Edukin bako bilerea izan da. Argazkia zan bilerearen helburu bakarra. Jakin badakigu argazkiak garrantzitsuak dirala gaurko gizarteetan. Hitzetik hortzera esaten jaku irudia eskaintzea lakorik ez dagoala botuemoilearen atentzinoa erakarteko; helburua bete dabela esan leiteke, bilerako argazkiak ikusita.
Errealidade anitza da Espainiako estaduarena. Konstituzinoak esanda, badagoz erreginoak, nazionalidadeak eta Afrikan kokaturiko uriak. Badagoz oso espainiarrak sentiduten diranak eta Espainiatik ezer gitxi gura dabenak. Badagoz urtetan autogobernu maila lortzeko lan haundiak egin dabezanak eta autonomia zer dan ondo ulertzen ez dabenak. Badagoz autogobernu maila handiagoa lortzeko irrikan dagozanak eta Estaduko gobernura begira.
Gehiago esango neuke. Ez daigun ahaztu PP eta PSOE nor baino nor dabilzala hainbat autonomia erkidegoetan. Sarri ikusi dogu oposizinoko alderdiaren komunidadeak batuta gobernu zentralari zelanbaiteko oposizino politikoa egiten. Beste modu batean esanda, sentimentu aniztasuna eta aniztasun politikoa ikusten doguz nahastauta Estaduko egiturean. Beraz, holako bilerea batean lurralde jakin bateko arazoak konpondu gura izateak nahaste politikoa baino ez dau sortarazoten, hain dira desbardinak erkidegoen errealidadeak, beharrak eta gurariak.
Horrexegaitik batek baino gehiagok bere buruari itauntzen dautso zergaitik eta zertarako joan zan Ibarretxe lehendakaria bilera horretara. Ez dot uste bilera horretatik probetxuzko ezer esperoko ebanik Lehendakariak. Egia da Lehendakaria izan dala bileran protagonista. Zehatzago esanda, protagonismoa eta atentzinoa erakarri dau Lehendakariak bilerea egin baino arinago joateko ala ez joateko egoanean. Behin baiezkoa emon ta gero bigarren plano batean geratu dela esango neuke.
Azken urte honeetan eusko abertzaleek (baita katalanek be) ez dabe gura izan gure kontuak eta ganerako erkidegoen arazoak modu berean sartzea. Behin Espainian egon ezkero, modu berezian gura izan dabe egon. Holako bileratan “guztiontzako kafea eta kafea baino ez” esakintzen dala pentsau eben. Ez dot uste euskaldunon Lehendakaria Murtzia edo Melillako presidenteen maila bardinean ikustea gu danon gustokoa izan danik. Antolatzaileek euren burua defendiduko dabe esanaz bakotxak bere mezua bota ebala bileran. Lehendakariak euskal gizarteak hartu beharreko erabagiakazko errespetua eskatu dau, Estatutu Politiko Barria gogoan, duda barik.