Sabino Arana Gori: euskara eta kultura
Liburuan agiri diran eretxietako batzuk:
- Jose Luis Aurtenetxe: 'Sasoi haretako euskerearen inguruko eztabaidetan Sabinok astintze-lana eragin eban, hizkuntza bizibarritzeko ezinbesteko eragin bultzagarria'.
- Lino Akesolo: 'Aranak alderdi bi ditu, euskerearen aztertzailearena bata eta eragilearena bestea'.
- Joseba Agirreazkuenaga: 'Sabino Aranak euskerea egitasmo politiko bihurtu eban'.
- Paulo Iztueta: 'Nazinoaren kontzeptuari Sabino Aranak emon eutson indarra'.
Bizkaie!
Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak “Sabino Arana Goiri: euskera eta kultura” liburua aurkeztu dabe oraintsu. Lan horretan euskerearen eta euskal kulturearen ordezkariek parte hartu dabe, Sabino Aranaren ideiek eta egitasmoek esparru bi horreetan azken ehun urteotan izandako eragina aztertzeko. Izan be, Sabino Aranak, beraren heriotzearen ostean ehun urte pasau arren, oraindino oso bizirik dirau bai politikan eta bai euskal kulturako jardueran.
Argitalpena helburu horregaz egindako mintegi batean izan ziran ponentzien eta ondorengo mahainguruaren emoitzea da. Egileak Paulo Iztueta, Jose Luis Lizundia (euskaltzaina eta Onomastika Batzordeko kidea), Joseba Agirreazkuenaga (euskaltzaitzain urgazlea eta EHUko irakaslea), Andres Urrutia (Euskaltzaindiaren Jagon Saileko arduraduna eta Deustuko Unibersidadeko irakaslea), Txomin Peillen (euskaltzaina eta Pau eta Aturriko Unibersidadeko irakaslea), Piarres Xarriton (euskaltzaina) eta Pruden Gartzia (Historian doktorea eta Euskaltzaindaren Bibliotekako arduraduna) izan dira. Mintegia Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Kultur Elkargoak antolatu eben elkarlanean eta haren koordinatzaileak Xabier Kintana (Euskaltzaindiko idazkaria) eta Jose Luis Aurtenetxe (Sabino Arana Kultur Elkargoko lehendakariordea) izan ziran.
Liburuan Sabino Aranak 1898 eta 1902 bitartean idatzitako zazpi karta be jaso dira. Horreetako sei Piarre Broussain Hazparneko (Lapurdi) mediku eta alkateari zuzenduak dira, sei horreetatik bat argitaratu bakoa eta bestea, Resurrección Maria de Azkueri bialdutakoa. Karta horreen artean bat nabarmentzen da: euskal abertzaletasunaren sortzaileak Hazparneko alkateari “Euskaltzaleen Biltzarra”ren harian bialdu eutsona; euskal intelektualen topaketa hori Hendaian izan 1901eko irailaren 16an. Bilera haretan emon eban berbaldian Sabino Aranak euskerea modernizau beharraz egin eban berba, horretara euskal gizartean leku nabarmena euki ahal izateko.
Azkenik, liburuak hirugarren atal bat be badauka, bertan Xabier Lizardi, Jose Ariztimuño "Aitzol" edo Luis Mitxelena lako idazle eta intelektual ezagunek Sabino Aranak euskerearen arloan egindako lan garrantzitsua azpimarratzen dabe.
Beraz, argitalpenean orain mende batetik euskerearen eta euskal kulturearen gainean egon diran eretxiak, egitasmoak eta jarrerak aztertzen dira, baita euskerearen erabileraz, etorkizunaz eta hizkuntzen artean izan leiken lekuaz izan diran jarrerak be.