Crimen Ferpecto
Álex de la Iglesiaren komedia barri eta dibertigarriaren metraje zati handi bat herritarrek dirua bazterrak gastetan dabezan azalera handi horreetariko baten ikusi ahal izango dozue. Baina hilketa dislexiko honen protagonistea ez da Jerry Lewis baldarra izango, ezpada solairuko buru bihurtu gura dauan behargin trebe, matxista eta seduzitzailea. Personaiaren deskripzinoa lehenengo personan eginda dago, pelikulearen ingurunea ederto mugatzen daben sekuentzia bikainen bitartez eta protagonisteak berak kamereari zuzendutako berbaldiaren bitartez. Personaiaren egozentrismoari ondo be ondo lotutako ideia da.
Behin personaia behar dan moduan aurkeztu eta gero, Álexek eta Gerrikaetxebarriak pelikulearen ustezko gatazkearen nondik norakoak azalduko deuskuez: Rafael eta Antoniaren arteko lehia bihotz bakoa jantzien solairuaren zuzendaritzea lortzeko asmoz.
Halandaze, pelikuleak aurrera egin bitartean, nongura agertuko jakuz kontsumo gizarteari egindako kritika zorrotzak, personen norberekeriaren ganeko ukutu sarkastiko eta baltzak, jokabide esperpentikoak eta zuzendari bilbotarraren hain gustokoa dan garraztasuna.
Antzezleen jarduna, bestalde, zoragarria da. Guillermo Toledok arrakastatik larritasunera, kontroletik zoramenera pasetan dan personaiaren rola ondo be ondo beteten dau. Mónica Cerverak itzelezko talentua daukala erakutsi dau eta Luis Varelak be ondo jarduten dau ozpindutako personaia ilunaren zereginean.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Álex de la Iglesia.
- Iraupena: 104 minutu.
- Antzezleak: Guillermo Toledo (Rafael), Mónica Cervera (Lourdes), Luis Varela (Antonio), Enrique Villén (Campoy inspektorea), Fernando Tejero (Alonso), Javier Gutiérrez (Jaime), Kira Miró (Roxanne), Rosario Pardo, Gracia Olayo (Concha).
- Gidoia: Jorge Gerrikaetxebarria eta Álex de la Iglesia.
- Ekoizpena: Gustavo Ferrada, Álex de la Iglesia, Juanma Pagazaurtundua eta Roberto di Girolamo.
- Musikea: Roque Baños.
- Argazkia: José L. Moreno.
- Muntaia: Alejandro Lázaro.
- Zuzendaritza artistikoa: José Arrizabalaga eta Arturo García Otaduy.