Begoña Bilbao: 'euskera bizia indarra galtzen dago'
Begoña Bilbao Alboniga Bermeon jaio zan 1932an. Euskal Filologia ikasketak amaitu ostean, Bermeoko Udalean euskara teknikari lanetan ibili zan eta idazten berandu hasi arren, sari ugari irabazi (tartean Lizardi Saria 'Ibaia maitasunaren oztopo' ipuinagaitik) eta hainbat obra kaleratu ditu, bat aitatzearren 'Bermeoko euskera kresaltsua'. Horrezaz gan, oraintsu argitaratutako Ipuin izugarriak bilduman, joan dan hamarkadan kaleratutako onenetakoen antologian be parte hartu dau Begoña Bilbaok, Zorion Zamakola, Txiliku, Luis Fernandez, Ana I. Morales, Julen Gabiria eta Harkaitz Canogaz batera. Oraintsu, lehenengo nobelea argitaratu dau: 'Palestina, zure mina'.
1.- Ikerketa eta beste genero batzuetan ibili ostean, nobela bat idatzi dozu lehenengoz. Zerk eraginda emon dozu pausua?
Bai, orain arte ipuinak, itzulpenak, ikerketak eta enparauak egin izan dodaz baina nobeleari be gustora heldu deutsat; itaunari zehatz erantzunaz, gaiak berak eraginda emon dot pausua zeozelan esateko. Palestinaren sufrimentua erabili dot abiapuntu modura ze aspalditik neukan herri horrek bizi dauan injustiziaren ganean idazteko gogoa. Hori bai, miresgarriak izan ziran niretzako, besteak beste, hilda egoan hizkuntza bat berreskuratzeko israeldarrek egindako beharra eta basamortua zan lekua lur emonkor bihurtzea. Jakina, gero Israelek 67an Golan, Sinai eta Palestina indarrez hartu ebazanean, zapalduen alde jarri nintzan. Abade batek arabiar koipezto guztiek Palestinatik alde egin beharko leukiela esan eustan eta horrek zer pentsau emon eustan. Kontua da ze, urteetan ibili nazala gai honegaz arduratuta eta makinatxu bat informazino euki dot gordeta. Palestinan ez naz sekula egon baina lagun handi bat daukat, Bermeon bizi dan Gazako lagun bat eta gaiaren inguruan sortu jatazan dudak eta berak argitu deustaz. Beste alde batetik, orain urte batzuk, 82an ordenadorea erosi, 85ean edo Interneten nabegetan hasi eta gaur egun ezin naz bizi hori barik, informazino iturri ederra da.
Antxina, orain 40 urte hasi nintzan gai honetaz arduratzen eta prozesu eta aldaketa guztiak jakinmin eta interes handiagaz hur-hurretik jarraitu dodaz: juduek holokaustoa sufridu osteko egoerea, Israeleko Estaduaren sorrerea, kibutzen mobimentua, lurrak indarrez ostutea, juduek egindako estadu propioaren aldeko aldarrikapena, palestinarrak isolatzeko Israelek eregitako hormatzarra, sarraskiak.
2.- Burukomin handiak eragin deutsuz nobela honek?
Ez. Badakizu, gustoko beharrean ez dala aldatzik egoten, berez urten deust. Ipuin luzea ete dan 'Palestina, zure mina'?, leitekeana da. Jakina ipuinaren eta nobelearen artean badagoz aldeak; kanpotar idazle entzutetsu batek esaten eban: ipuina da lehiotik begira zagozala, kanpoan pasetan dana kontetea, hasi eta amaitu; nobela bat, barriz, lehiotik ikusten dozun horretan sartzea da, norberaren subjetibidade guztiagaz. Nire kasuan, zenbat-gura informazino neukan, narrazino luzeagoa egiteko modua be bai baina azkenean 118 bat orrialde izan dira. 2002an hasi nintzan nobela hau izango zanaren lehenengo zirriborroak eta lerroak idazten. Irakeko gerreari eta mundu zabaleko beste kontu batzuei komunikabideek emoten deutsen zabalkundea eta aitatutako gerrearen kontra munduko miloeka herritarren kontrako jarrerea ikusita, hasarre negoan Palestinako egoerea, ostera, bazterrean geratzen zalako. AEBko gobernuak Israel babesten dau eta Sharonek gero eta kukurruku gehiago egiten dau, negargarria da. Atara kontuak 56 urte edo pasau dira eta nazinoarteak ez deutso jaramon larregi egiten gaiari. Palestinarren kontrako injustiziak zabaltzeko eta gizarteratzeko ahalegina be bada liburu hau.
Liburuan agiri diran kronikak edo jazoerak benetakoak, errealak dira nahiz eta gero buelta batzuk emon nik kontakizunaren haria osotzeko.
Beste alde batetik, euskera erraza erabili dot, akaso errazegia ze argitaletxeak gazte literaturako Taupadak atalean sartu dabe eta, horrezaz gan, ahalik eta jente gehien erakarri gura izan dot gaiak merezi dau eta.
3.- Orain 31 urte 'Palestina' izeneko kantu bat idatzi zenduan abeslaria dan alabearentzat...
Bai. Abestia grabauta be badago eta oso dotore. 'Palestina, Palestina, indarrez jokatu, indar guztiak alkartu, aske eta nahi legez bizitzeko' zan kantuaren leloa. Gaur egun, batzuk estadu bakarraren alde egin daben arren, nik neuk beti pentsau dot Palestina eta Israel, bakotxa bere mugetan bizitzea posible dala, horixe da ganera palestinarren aldarrikapena: estadu bi sortzea hain zuzen. Palestinaren antzera, zatituta bizi diran herriei eskainitako kantua zan.
4.- Ospitale batean izartu da emakume gazte bat, Gazan. Kolpe bat hartu dau buruan baina ez dau ezer gogoratzen: ez zelan zauritu dan, ez nor dan, ez non dagoan. Apurka-apurka, gauzak gogoratzen eta zapalkuntzearen kontzientzia hartzen doa eta berak emongo deusku Palestinako egoerearen barri. Liburuan zenbat da fikzinoa eta zenbat errealidadea?
Fikzinoa edo asmautakoa protagonisten istorioa bera da eta ganerakoa errealidadea; benetako jazoeretan oinarrituta idaztea gustetan jat baita ipuinak idazten dodazanean be. Protagonisten kontuen barruan be egoera errealaka agiri dira, besteak beste, gizartean dagoan zatiketea, palestinarren kontrako muturreko jarrerak edo israeldarren artean, palestinarren alde egiten daben batzuen jarrerea.
5.- Israelgo Parlamentuak Ariel Sharonen "deskonexino" plana onartu dau aldeko 67 botogaz, kontrako 45egaz eta 7 abstentzinogaz. Holan ba, kolono juduek Gazatik eta Zisjordaniatik urten beharko dabe. Lehenengoz emon dau Parlamentu israeldarrak inguru horreetan dagozan 21 asentamentuetako juduak erretiretako agindua. Hurreko etorkizunean egoerea aldatuko ete da?
Hurreko etorkizuna baltz ikusten dot. Sarraskiak gero eta odoltsuagoak dira, hormatzarra tarteko, ostutako lurrak gero eta gehiago dira eta zatiketea gero eta sakonagoa, makalik dagoan Arafatek aginte zibila baino ez dauka eta aginte militarra Israelek dauka Palestina osoan...; israeldarren arteko gerra zibila segurutzat joten dabe askok ze Israelgo Parlamentuaren erabagia ez dabe onartzen. Asentamentu edo kolonietatik alde egin dagien dirua emoten deutsien arren, ez dabe handik hanka egingo. Belen, Hebron, Nablus, Ramala, Jerusalem bera isolatuta dagoz, koloniakaz inguratuta. Jordan erreka bazterreko lur aberatsetatik be ez dabe urtengo.
Epe laburrean ez dot gauza onik espero. Askok pentsetan dabe AEBn Kerryk irabazi ezkero, nazinoartean be igarriko dala zeozer baina nik neuk ez dot uste, danak be inperialista hutsak dira eta. Dana dala, aurrerago Europa sartuko balitz hor egon daiteke zeozelako konponbidea ze Israelek ikarea dauka ez ete dan isolatuta geratuko.
5.- Sarreran aitatu dogun Ipuin izugarriak bilduma horretan “Isuritako ura ez da batzen” zuk idatzitako ipuina agiri da, 1991n Irun Hiria saria irabazitakoa. XX. mendearen lehen erdian kokatzen da, baina era berean esan leiteke “betiko” Euskal Herri bat erakusten deuskula, mendez mende transmititu diran lan-modu, ohitura eta sinismenakaz. Gizarte tradizional horregaz lotzen da kontetako modua be, izan be, ahozko ipuin magikoen etxurea emon deutsazu narrazioari. Gauzak sinple-sinple kontetan dozuz baina aparteko indarragaz...
Ez dakit ba, Elkarreko Xabier Mendiguren argitaratzaileak holan dino eta bera da aditua. Neuri fikzinoa asko gustetan jat baina lehen esan deutsudan legez, benetako jazoeretan oinarrituta, bestelako artifizio barik. Akaso, kontakizuna benetako jazoeretan oinarritzeak aparteko indarra emoten deutso testuari. Aitatu dozun ipuin horretan, neure amari entzundako kontakizuna dago oinarrian, arrantzale giroko kontua, sasoi haretako ohiturak, neska bi eta mutil baten arteko maitasun triangelua.
6.- Bermeoko euskera kresaltxua amaitu barik itxi zenduan edo hobeto esateko morfosintaxia aztertzea falta da. Inoiz lan hori amaitzeko asmorik?
Nik neuk ez baina beti esaten dot bateren bat ausartuko balitz neure laguntzino osoa eukiko leukela. Hori bai, inoiz baino gehiago idazten nabil azken boladan eta esango deutsut beste nobela bat be badaukadala amaituta; Xabier Mendigurenek irakurrita dauka eta orrazketa batzuen faltan dago. Beraz, ez dago esaterik, bizi banaz, leitekeana da inoiz ardura hori hartzea baina gurago neuke besteren batek egitea. Gai honetan eta bizitzako bestelako egoeratan danan eretxiak entzun eta erabagiak adostasunez hartzearen aldekoa naz.
7.- Euskalkien eta lekuan lekuko berbakeren gainbeherea zure ardura nagusienetakoa da...
Beti egon naz euskera biziagaz arduratuta. Bermeoko euskera kresaltxua idatzi aurretik be, hain berbakera aberatsetik berbak galtzen joiazala ikusi neban eta kasu askotan herritarren artean konplejua egoala, euskera txarra ete zan eta antzeko jarrerak. Horregaitik, berba eta esamolde bizi horreek idatziz jasoteko preminea ikusi neban. Gaur egun be konplejua daukagu geure etxeko berbakerea erabilteko eta eskolan umeek ikasitakoa imitetan ahalegintzen dira guraso asko. Horregaz batera, guraso eta seme-alaben arteko transmisinoa etenda dago eta euskera bizia indarra galtzen dago nabarmen. Ahozkorako eta eguneroko hartu-emonetarako lekuan lekuko berbetea erabiltea da zentzuzkoena eta idatzirako, batuaren edo bizkaiera normalizatuaren alde egitea.
Koldo Isusi Zuazo