Euskerea berbagai  III. urtea // 82. zenbakia

Deunoro jaia


Ados. Orduan, zer egiten eben orduko euskaldunek Santu guztien egunaren bezpera gauean? Edo, hobeto esanda, ospatzen ete eben? Zeltiarren urtea urriaren 31 aldera akabetan zan sasoi haretan, udabarri eta udarako giroak iges egin eta udagoien eta neguko hotza etorrelako. Gau honetan, beraz, gabon zahar gaua izaten zan eurentzat. Hurrengo eguna “Samhaim” (sow-en) deitzen eben, eguberri. Egungo tradizinoa ulertzeko, ostera, beste bi ohituren hondar aleak falta jakuz: erromatarren Pomona eguna eta XIX. gizalditik aurrerako kristinautasunaren egutegiko zemendiaren 2a edo Santu guztien eguna. Pomona eguna uztaren jainkosari egindako eskaintzea zan; ordurako uzta batuta euki behar zan; hortik frutu eta barazki asko erabiltearena. Kristinauek urtearen hil eta jaiotzeko egunetik hasita, hilen eguna sortu eben, heriotzearen atxakiapean.

Euskaldunek, ostera, denporearen neurketea ez eben aitatutakoen antzera egiten. “Urte” berbeak berak esaten dau urtea izotza edo edurra “urtuten” (urtu > urtute > urte) zanean beteten zala. Zenbakietan legez, 20 zenbakia garrantzitsua zan egunak kontetako (hogei, berrogei, hirurogei...) eta oraindino egiten diran azoken datak ikusi ezkero, asko eta asko 40 eguneko tarteakaz egiten dira (lau “lau-hurren” > aste “laurden”, astea orduko parametroen barruan hartuz). Beste hainbat kontutarako 60 eguneko epea hartzen zan, era ez zehatzean bi ilargialdik behar daben denporea, hain zuzen be.

Josu Naberanen euskaldunon antxinako hilargi egutegiaren arabera, gaur hurrilaren 16a da, astelehena (kontuan hartu gaur guretzat urriaren 29a dala, barikua; hau da hau, gu barikuan eta lehengo euskaldunak astelehenean. Euskaldunak beti egoera txarragoetan!). Josu Naberanek egindako ikerketen eta batutako datuen arabera, euskaldunok denporea, egunak, asteak eta hileak edo hilabeteak (hil(argi) beteak) geure erara neurtzen genduzan. Bada hor beste gai bat, gaiak berak neurtutako denporea bezain luzea.

Azkenik ba, euskaldunok ez ei gendun kalabaza barrurik argitzen; berez argiak izanda, kalabazak emon geuntsozan Santu guztien bezpereari. Izan be, santu gitxi dago Euskal Herrian!

Xabier Paia

Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokea pasau zan legez, urriko azken eguna be astegoienean joan jakun, Euskal Herrian ez, baina ia mundu osoan zehar ospatzen dan “Halloween” edo Santu guztien bezpera eguna hain zuzen be. Berbearen itzulpena zuzen-zuzena da, “All Hallows Even” berba multzotik datorrelako.

Akaso, neuk legez, zuetako askok pentsauko zenduen hau jaiau Ameriketan asmautako kontua dala, dirua inozokeriatan gastau eta parranda egun bat gehiago izateko atxakia baino ez dala. Izan ahal zan, bai, baina lehengoan galego batek esan eustanean Galizian be kalabazearen zer bera egiten dabela, itzelezko zalantzea sartu jatan buruan. Izan be, amerikarrak kapaz dira edozer gauza egiteko, baina galegoak serioagoak edo behintzat zustar sakonekoak dira holako kontuetan. Sorpresa are handiagoa izan zan katalan batek beste horrenbeste esan eustanean, Katalunian be gauza bera egiten zala urriaren 31an. Ondorioz, zer izan ahal da Kataluinia eta Galiziako usantzak batzen dauzan fenomenoa, Euskal Herria alde batera ixten dauana? Euskaldunok tratua euki ei gendun iberoakaz, baina badira Finisterreraino ailegau eta Euskal Herrian horrenbesteko oinatzik itxi ez eban taldea: zeltak. Aztarnak badagoz sikeran pasau zirala esateko, baina jakina da Aturritik Ebrorako tartean ez ebela aitatutako beste bi lekuetan besteko indarrik euki.