Interjakintza, kulturen buztarketea bultzatzeko egitasmoa
Europagaz izandako truke kulturalek garrantzi handia izango dabe erakusketan. Holan ba, sektore hau hamabi sail tematikotan bananduta aztertu ahal izango da: Santiago Bidea, Europako artea, Errenazimenduko bidaiariak, Erromantizismoko bidaiariak, Inprenta, Europako hizkuntzetara itzulitako euskal literaturea, Euskerara itzulitako Europako literaturea, Erlijinoa, Musikea, Zientzia eta Teknologia, Humboldt eta Europako euskaltzaleak. Badago zer ikusi eta zer ikasi!
Aitatutakoez gan, adituentzako lan jardunaldiak be antolatu dabez eta lehenengo edizino honetan Errumania izango da konbidaua, nahikoa ezezaguna dan herrialdea ezagutarazoteko. Errumaniako kulturearen ezaugarriak, tartean arkitekturea, literaturea, musikea, antzerkia, zinea, filosofia eta arte plastikoak ordezkatuta egongo dira. Durangora etorriko dira, besteak beste, Errumaniako Filmoteka Nazionaleko zuzendaria, Manuela-Miranda Cernat, Errumaniar Literatureari buruzko Museoaren zuzendaria, Alexandru Condeescu, Musikearen Museo Nazionaleko zuzendaria, Ilinca Dumitrescu eta Errumaniako Argitaratzaileen Elkarteko zuzendaria, Doina Marian.
Horrezaz gan, umeentzako txokoa be egongo da Errumaniako txotxongiloakaz, bertako profesionalek txotxongiloen emonaldiak eskainiko dabez eta, ‘Mamuen kantua’ eta ‘Drakula’ obrakaz.
Errumania Europako batasuneko kide izan ez arren, bihar-etzi izan leiteke, eta daborduko hartu-emonak egiten hasteko, INTERJAKINTZA da egitasmorik bikainena, tartean ‘Danon Etxea’ erakusketeagaz. Hori bai, oraingoan Errumaniari tokau jako. Hurrengoan, batek daki! Erakusteko hainbat kontu daukazan herrialde bateri, seguru.
Bizkaie!
INTERJAKINTZA erakundea aurkeztu barri dabe Bilbaon, Durangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz sortu barri dan proiektua, baita Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazinoaren laguntzinoagaz be.
Egitasmoaren helburua gure herriko agente kulturalek Europar Batasuneko homologoakaz daukiezan hartu-emonak sustatu eta indartzea da.
Interjakintzaren egoitza Durangoko Murueta torretxean egongo da, Landako Erakustazokatik hur. Lanak berehala hasiko dira eta ezuztekorik ezean, 2006an zabalduko ditu ateak.
Edozelan be, erakundearen proposamena ezagutzera emoteko asmoagaz, INTERJAKINTZAk ‘Danon Etxea’ erakusketea antolatu dau, Durangoko Landako eta San Agustin guneetan. Bertan, Europako Batasunaren historiaren nondik-norakoez ikasi ahal izango da, eta Batasun horren sorkuntzan Herrialdeko jentearen parte-hartzea aztergai egongo da.