Txutxu-mutxuan  III. urtea // 82. zenbakia

Hamabost urte barru, etorkinak biztanle guztien % 10 inguru EAEn


Ondorioak

- Gure biztanleriaren piramidean belaunaldien ondorengorik ez dagoan legez, etorkinen ekarpenak orain arte sortutako desoreka handia bardindu leike. Kontuan izan behar da azken 30 urteotan euki doguzan jaiotze tasa urriek gure egitura ekonomikoa kolokan imini dabela. Hamasei eta 24 urte bitarteko 125.000 persona gitxiago dagoz, kopuru absolutuetan, 1997an baino.

- EAEk gizarte lehiakorra izaten segiduten badau, immigranteak biztanleriaren % 10 izan leitekez 15 urte barru, hau da, 200 mila persona inguru kopuru absolutuetan.

- Horren ondorioz, planifikazino eta integrazinorako ahalegin handiak egin eta egon leitekezan kultur gatazkak (berbetea eta usadioak) aurreikusi beharko dira, beti be gizarte eta lan mailako gatazkak ahaztu barik.

- Azken baten, danok argi euki behar dogu hemen beharra badagoalako etorten dirala kanpotarrak. Gure beharrizana daukie eta guk eurena. Guztien eskubideak aseguretea eta persona horreek integretea izango dira desafio nagusiak.

Begiluzea

Egailan Soziedade Publikoak immigranteek lan merkatuan daukien eraginaren ganean egindako ikerketa baten emoitzak aurkeztu ziran aurreko astean. Txostenak 2003ko abenduaren 31ra arteko epea jasoten dau.

Kopuru orokorrak

Azken bost urteotan, % 68,2 hazi da legezko biztanle atzerritarren kopurua, % 18,2 azken urtean, hain zuzen be. Gogorarazo behar da 90eko hamarkadearen amaieran Euskal Autonomia Erkidegoko migrazinoen saldoa negatiboa zala.

2003ko abenduan legezko 28.600 atzerritar egozan gure artean. Biztanle atzerritar ez-legezkoen % 30eko kopurua ontzat emon ezkero, eta kalkuluan zuzenketa elementuren bat sartzen badogu —komunidadean Europako Batasunetik kanpoko beharginen pisua txikiagoa da— ondorioztatu geinke legez kanpoko atzerritarrak 10.000 inguru dirala EAEn.

Europako Batasunetik kanpoko legezko biztanle atzerritarrak herritar guztien % 2,6 dira estaduan, EAEn barriz, % 0,7 baino ez. Etorkinik gitxien jasoten daben Europako hamar eremuetako bat gara.

EAEn Gizarte Segurantzan afiliatutako atzerritarrak afiliatu guztien % 2,2 dira daborduko, orain dala urte bi baino puntu erdi gehiago. Dana dala, estadu osoan % 5,6ra heldu dira daborduko.

Atzerritarrak eta beharra

Atzerritarrak beharrerako edaderik onenean jatorkuz. Lanik ez egiteko edadean (umeak eta erretiroko sasoian dagozanak) ailegetan diran etorkinak oso gitxi dira.

INEMen eta Langairen datuak aztertu ezkero, beharra topetan dabilzen immigranteen profila ondokoa dala esan geinke: gizon gaztea, oinarrizko ikasketak daukazana, Latinoamerikatik edo Ipar Afrikatik datorrena eta eraikuntzan lana topau gura dauana.

Legez kanpoko beharra nahiko handia da. Andreek eta latinoamerikarrek daukie jokerarik handiena ezkutuko ekonomian behar egiteko, eta Ipar Afrikakoek, barriz, egoera arautuagoetan jarduten dabe. Andre latinoamerikarren ehuneko handi batek behar egiten dau ezkutuko ekonomiarako jokera handia daukien sektoreetan (etxe barruko lanak, ostalaritza...).

2003an EAEn kontratautako atzerritarren ia erdiak ezelako kualifikazino bako lanetarako hartu ziran; bostetik batek kualifikazinoa eskatzen eben industria eta eraikuntzako lanetan jardun eban; eta % 14 kualifikazinoa eskatzen eben ostalaritza eta merkataritzako lanpostuetan. Horren harian, soldatak, gogortasun fisikoa edo ordu-eskakizun handia dirala eta, etorkinek lanposturik gatxenak beteten dabez. Ezaugarri horreek daukiezan beharrak dira, hain zuzen be, bertokoek bere gan hartu gura ez dabezanak.

Edozelan be, bertokoek baino kontratu-errotazino maila txikiagoa daukie atzerritarrek, lan egoera gatxak dirala eta.