IPUina, POema, MArrazkia, maMUA: IPUPOMAMUA - Hipopotamoaren etxea
Bernardo Atxagak bere izenagaz lagundu deutso proiektu honi, baina ez holan bakarrik, izan be, Berlingo teatro baten izandako esperientziatik abiatuta, kontseilari moduan be ibiliko da. Hipopotamoa Euskal Herrian ikusten ez dan animalia da eta, modu horretan, ipuinetan jazoten dan moduan, egunerokotasuna apurtuko da. Ganera, hipopotamoak badauka beste alde sinboliko bat be: bidaia asko egiten dauzanez, munduko leku askotako literaturea ekarriko deusku, eta literaturea, jolasa eta euskerea nahastauta, hipopotamoak zubi bat eregiko dau: literaturea eta umeak alkartuko dauzan zubi ameslaria.
Hipopotamoa Lamiategi izeneko zelaian finkatuko da, errekearen ondoan. Aldi berean leku ezkutu eta begi bistakoan. Aurrean jolasean ibilteko zelaia eukiko dau eta, atzean, laster eregiko dan mendi tontor artifizial baten, Ipupomamuaren ateak zabalduko dira, Diana Gorostidi eta Ana Sistiagaren proiektu arkitektonikoari jarraituz. Etxe etxurarik ez dau eukiko baina. Bedarrezko estalkiaren azpian, bunker bat egongo balitz legez, besteak beste, antzezlekua, lantegia, jolaslekuak, liburutegia, irakurteko txokoak eta erakusketa aretoa egongo dira, bi solairutan banatuta. Gorringo taldeak ipuinak landu ostean, umeei bertan biziarazoko deutseez. Jolas antolaturako eta jolas librerako, kanpoaldean agiriko leku bat egongo da, zelaian, eta bertan ipiniko ditue animaliak eta fikzinozko irudiak, “gune fantastiko” bihurtuz. Beste alde batetik, parkeak, kafetegia, bulegoa eta denda eukiko ditu, eta azken horretan eskainiko dana berezia izango da: idazleek sinatutako liburuak, berbarako. Jaiegun eta oporretan familia guztiarentzako eskaintza zabala egingo da, eta astegunetan, barriz, hezkuntza zentroetarako lan-tresna izango da Ipupomamua proiektua.
Eraikuntza lanak datorren urtean hasiko dira, eta 2006an amaitzeko asmoa daukie. Asteasuko udala izango da egitasmoaren lehenengo babeslea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskerearen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Sustapen Sailak be laguntzinoa emongo dabe. Udalaren, Aldundiaren eta Jaurlaritzearen artean pagauko dabe egitasmoa, bakotxak herena iminiz, 1.800.000 euroko aurrekontua osotu arte. Ipupomamua proiektua euskera bizibarritzeko planaren barruan kokatzen dabe Gipuzkoako aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak. Miren Azkarate kultura sailburuak azpimarratu dau ahozkotasunagaz, erabilereagaz eta kalidadeagaz lotura daukan egitasmoa dala: “euskal kultureari, euskal idazleei eta euskal ipuinari kanpoko leihoak eta ateak zabaldu behar deutsaguz, eta horregaitik da garrantzitsua proiektu hau”.
Zorionak beraz, proiektuari. Berak aho zabalik hartzen gaituan bitartean, Euskal Herriko ume, gaztetxu eta nagusiek esku zabalik hartuko dogu gure lehenengo hipopotamoa, euskal faunan eta, zer esanik ez, literaturan.
Julen Gabiria
Heldu da hipopotamoa Euskal Herrira. Asteasun geratuko da biziten, eta ahoa zabal-zabalik daukala egiten deusku konbitea. Mundu osotik bidaia asko egindakoa da, eta horrexegaitik munduko liburutegi asko ezagutzen ditu; halanda ze, liburuz kargauta dator.
Azkenean euskal haur eta gazte literaturak lortu dau bere lekua: IPUPOMAMUA. Orain dala hiru urte sortu zan Bernardo Atxagak “Ipupomamua” deitutako egitasmoa, Gorringo antzerki taldearen ekimenez. Tipula ekoizpen-etxeko Joxean Muñoz idazleak emon deutso formea, batez be, Gorringo antzerki taldearen ideiari. Ume eta familia askok astialdia euskeraz bizitzeko lekua eta aukerak behar ditue, eta, besteak beste, helburu hori lortzeko sortuko da aitatzen gabilzan proiektua. Beste alde batetik, sortzea eta jolastea kontsumidutea baino erakargarriagoa dala erakusteko asmoa eukiko dau Ipupomamua egitasmoak. Ganera, arduradunek esan dabenez, “euskereak gune bat behar dau aisialdiagaz eta jolasagaz identifiketako; literaturea be antzeko gune baten bila dabil, eskolatik urtetako”.
Hau guztia hezkuntzan eta programa didaktiko landu baten arabera antolatuko da, eta modu horretan ipuinak eta narrazinoak ulertzeko eta maitatzeko bideak eskainiko dira; halanda ze, hau dana lortzeko behar-beharrezkoa izango da ikerketa talde, irakasle eta literatur sustapenerako taldeen arteko kolaborazinoa.
Haur eta gaztetxuentzat ipuin, poema eta marrazkiakaz alkartzeko gune izateaz ganera, Ipupomamua ipuin egile, idazle, irudigile, kontalari, antzezle eta editoreentzat topagune be izango da, eta modu horretan euskal kulturan mobiduten dan guztiagaz hartu-emon zuzenak eukiko dauz. Gauzak holan, ez daigun pentsau kultur etxe, liburutegi edota Txikipark moduko bat izango danik: askozaz be harago joateko asmoa dauka, eta “literatura euskeraz entzun, sortu, irakurri, ikusi eta bizitzeko gunea” izatera heldu gura dau Ipupomamuak.