Euskaldunok munduan  III. urtea // 82. zenbakia

Pete Cenarrusa Euskal Herrian


Munitibar izan da Cenarrusak bisitau gura izan dauan lehenengotariko Bizkaiko herria, izan be, aita bertakoa eukan, gazte denporan Ameriketara joandakoa hain zuzen be.

Pete Idahon jaio zan, Carey herrian, baina gero Bellevue herrira joan zan familiagaz. Idahoko unibersidadean irakasle ikasketak egin ebazan eta aireko armadan be ibili zan, 1950ean politikan sartu zanera arte. 1976an Estaduko Idazkari Nagusia izentau eben, eta hiru hamarkadaz egon zan kargu horretan, 2002. urtean Ben Ysursari kargua ixtea erabagi eban arte.

Idazkari lanetan ibili zan urte horreetan guztietan euskal kulturearen aldeko hainbat egitasmo abiatu ebazan Cenarrusak, oraindino be martxan dagozanak, tartean bere izena daroan zentrua (John Bieter da zuzendaria). Zentru honetan euskal kulturearen eta historiaren azterketa sakona egin izan dabe, eta horretan dabilz gaur egun be, bertoko kulturea sustatzeko helburuagaz.

Askotan, Euskal Herriko euskaldunen eta Idahoko euskaldunen arteko zubi-lanak be egin izan dauz eta oraingoan be horretan dabilela esan geinke. Izan be, Euskal Herriaz gozetan etorri da Pete Cenarrusa hona, baina bide batez, telebista katearen laguntzinoagaz, gaur egungo Euskal Herria ikusteko aukerea eskainiko deutse Idahoko euskaldunei.

Pete Cenarrusaren ibilbidea saritzeko asmoz, 2001. urtean Euskaldun Unibersal izentau eben.

Atxapunte

Pete Cenarrusa gure artean dago, Bizkaian hain zuzen be. Familiaren sustraietaraino hurreratu gura izan dau, eta AEBetan, Idahon, euskal kulturearen alde eta berau sustatzeko hainbeste lan egin ostean, orain berak bizi gura izan dau barru-barrutik bertoko giroa.

John Bieter ‘Cenarrusa Center for Basque Studies’ zentruko idazkariagaz eta beraren emazte Fredagaz etorri da Cenarrusa Euskal Herrira. Baina ez hori bakarrik, Idahoko telebista publikoko kateko ekipo bat be etorri da eurakaz, ibilbide eta egitasmo guztiak grabau eta Idahoko euskaldunei euren jatorrizko lurraldea hurragotik sentiduteko aukerea emoteko asmoagaz. Jim Peck berriemoile bereziak www.idahostatesman.com, telebistaren web gunean ondo baino hobeto definiduten dau berton lehenengoz dagoan persona batek (bera) sentiduten dauana. Kamerea lepoan hartuta, Cenarrusak Euskal Herrian emon dauzan eta emongo dauzan pausu guztien atzetik dabilz, bitxikeriak ondo jasoteko lan gogorra egiten. Erreportajea martian emongo dabe IPTV Idahoko telebistan, ‘West of the Basques’ tituluagaz.