Musikea  III. urtea // 82. zenbakia

Euskadi Gazteako XIV. Maketa Lehiaketea zemendiaren 13tik 26ra


Aurten aurkeztutako 200 maketetatik onenak aukeratzeko lehenengo pausua ospe handiko kritikariek osotutako epaimahai batek emoten dau. Talde honek 15-20 kanta aukeratzen dauz eta hurrengo egunetan irratian egongo dira entzungai. Interneten be entzun ahal izango dira, irratiaren web gunean.

Zemendiaren 27an, ‘Topaldi’ saio berezia egingo da. Egun horretan jasoko dira entzuleen botoak eta ganera, irabazleen izenak jakitera emongo dira, bai epaimahaiak aukeratutako taldea, baita entzuleen boto gehien jaso dauana be.

Epaimahaiak izentautako taldeak 3.000 euroko saria jasoko dau eta euren maketeagaz CD bat kaleratuko dabe, entzuleek gehien botau dabezan hiru maketen kantuakaz batera.

Amaitzeko, abenduan Maketa Lehiaketearen kontzertua egingo da, eta aurtengo talde irabazlea entzuteaz gan, talde ezagun bat izango da zuzenean.

Bizkaie!

Berrehun euskal talde eta bakarlarik aurkeztu dabez aurten euren sormenak Euskadi Gazteak antolatutako XIV. Maketa Lehiaketan. Entzuleek gustokoena aukeratu ahal izango dabe zemendiaren 13tik 26ra bitartean Internet bidez. Zemendiaren 27an ‘Topaldi’ saio berezian emongo dira jakitera aurtengo irabazleak, bai epai-mahaiaren irabazlea eta baita entzuleen botoen araberakoa be. Lehiaketa hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzearen laguntzinoagaz antolatzen da.

Lurralde guztietatik jaso dira maketak: gehienak Bizkaitik eta Gipuzkoatik, baina baita Nafarroatik, Arabatik eta Iparraldetik be. Epaimahaiak izentautako irabazlearen eta entzuleek aukeratutako irabazleen izenak jakiteko itxaron egin beharko da oraindino.

Lehiaketearen irabazleei onura handia ekarten deutsee sari honeek. EH Sukarra, Sorotan Bele, Seiurte eta Zea Mays taldeak maketa-lehiaketa hau irabazitakoak dira. Igaz, berbarako, oraintsu diskoa kaleratu barri daben talde bi izan ziran irabazleak: Kerobia nafarrek irabazi eben epaimahaiaren sari nagusia eta Kauta andoaindarrek entzuleen saria.