Musikea  III. urtea // 82. zenbakia

BITE, Bizkaiko Trikitixa Elkartearen sorrerea


Nazioarteko trikitixa jaialdia Kursaalen

Zemendiaren 27an, zapatuan, trikitixeak beteko dau Donostiako Kursaal, iluntzeko zortzietatik aurrera. Hemengo musikariez gan, kanpoko musikariak entzuteko aukerea eukiko dogu, Quebec-etik, Italiatik eta Kantabriatik baitatoz musikari konbidauak. Quebecetik Sabin Jacques soinu-jotzaile bikaina, Italiatik gure artean daborduko ezaguna dan Carlo Rizzo pandero-jotzailea, eta Kantabriatik, barriz, Soltxu eta Miriam, panderoa astintzen pare bakoa dan bikotea. Aurten, perkusinoari emon gura jako garrantzia, eta horregaitik, Euskal Herriko musikariei dagokienean, perkusino-tresnak ondo baino hobeto ezagutzen dabezan lagunak izango dira Jaialdian: Imanol, Mutriku eta Leturia pandero-jotzaileak, Jexux Mugika eta Jexux Telleria, Felix Ilarramendi Errota, Juan Ezenarro Berastegi, Joxe Makazaga Ziolar; azken hiru honeei lagunduz, Agurtzane Elustondo soinu-jotzaile bikainak parte hartuko dau.

EHTE

Aurten sortu da Bizkaian Trikitixa Elkartea, BITE. Orain arte Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egozan alkarteak, eta orain Bizkaiaren txandea etorri da. Aitatutako alkarte horreek, ostera, ez dagoz Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen menpean, erakunde autonomoak dira. Dana dala, EHTEk, besteak beste, alkarlana bultzatzeko eta informazinoa banatzeko helburuak daukaz, alkarte honeen guztien arteko hartu-emonen garrantziaz jaubetuta.

Aurtengo ekimenak

Bizkaiko Trikitixa Elkartearen lehen ekintzea Bizkaiako Trikitixa Eguna berreskuratzea izan da. Orain dala hogeita hamar urte egin jaken lehen aldiz Iurretan antxinako tresna-jotzaileei omenaldia, eta aurten barriro berreskuratu da ohitura hau. 1974an Serafin Arantzeta OromiƱori omenaldia eginaz ekin jakon, eta oraingoan ere holan ekin jako, Iurretako jaien azken egunean. Serafin Arantzeta bera ez eze, Antonia Arantzeta arrebea be omendu dabe.

Bestalde, Serafin OromiƱo (1900-1976) soinu-jotzaileak eta Antonia pandero-jotzaileak (gerra denporan hildakoa) disko bat grabau eben 1927an, eta aurten lehen omenaldia antolatu ebela 30 urte bete diranean, disko hau bera berrargitaratzea erabagi dabe: 'La voz de su amo. Vuelta de erromeria. Jota vasca'. Disko hau topetea ez da bape erraza izan, argitaratu eta berehala gorde egin ebelako, baina azkenean, Juan Zarrabetiaren baserrian topau dabe.

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak beste ekimen batzuk be antolatu ditu aurten, berbarako, Rakel Pujana gazteak, besteren artean Euskal Telebistako Hitzetik Hortzera saioan bertso idatziak kantetan jardun dauanak, Bizkaiko hainbat eskolatara egingo dau bisitea, eta kanturako aholku eta teknikak irakatsiko ditu gazteenen artean.

Hori gitxi ez balitz, zemendiaren azken asteburuan, Bilbon, trikitixea izango da protagonista. Zemendiaren 26an, Donostiako Nazinoarteko Jaialdiaren bezperan, Bilbaoko Kafe Antzokiak hainbat trikitilari hartuko ditu. Partaideei dagokienean, Roberto Etxebarria eta Kepa Arrizabalagak joko dabe batetik, eta Xabi Aburruzagak be eskainiko dau bere saioa. Musikari kanpotarrak be konbidauko dabez, Donostiako Nazioarteko Jaialdian izango diran batzuk: Sabin Jacques, Carlo Rizzo, eta Soltxu eta Miriam hain zuzen.

Liburu barri batek be ikusiko dau argia, Bizkaiko Elkartearen eskutik. Xabi Aburruzagak Rufino Arrola soinu-jotzailearen trikitixa-piezak bildu ditu, eta baita Bizkaiko beste trikitilari batzuenak be; sasoi bateko pieza horreen partiturek osotzen dabe, beraz, liburu barria.