Euskal Herriko ardaoak
Jatorri-deitura bakotxaren ezaugarriak:
- Arabako Errioxa:
Arabakoa Errioxako jatorri-deitura kalifikatuaren azpiguneetako bat da. Arabako Hegoaldean dago eta hemeretzi herri hartzen ditu. Danetara, 11.200 hektarea mahasti dituan lurraldea da. Kontseilu arautzaileak zazpi mahats-bariedade onartzen ditu. Baltzetan: Tempranillo, Graciano, Mazuelo eta Garnatxa. Zurietan: Malvasia, Viura eta Garnatxa zuria. Lurralde honetan, klase guztietako ardaoak egiten dabez: fruta-usaineko zuri gazteak, barrikan harrotu edo hartzitutakoak, zuri zahartuak, gorriak, urteko ardaoak eta onduak.
- Arabako Txakolina:
Aiara haraneko bost herritan banatzen da: Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo eta Laudio. Danetara, 55 hektarea mahatsondo batzen dabez. Erabilten dan bariedadea Hondarribi Zuria da gehienbat, nahiz eta beste bariedade batzuk be onartu. Kasu honetan, produkzino kopururik handiena ardao zuriarena izaten da.
- Getariko txakolina:
Jatorri-deitura honek hiru herri hartzen ditu: Zarautz, Getaria eta Aia, eta danetara 180 hektareatan dagoz mahastiak. Onartzen dituen bariedadeak Hondarribi Zuria eta Hondarribi Baltza dira. Jatorri-deitura honetan, ardao zuri freskoak dira gehien egiten dituen ardaoak.
- Bizkaiko Txakolina:
Jatorri-deitura honetan, 85 herri sartzen dira, eta eskualde askotan 160 hektarea mahatsondo dagoz landatuta. Onartzen diran bariedadeak Hondarribi Zuria, Folle Blanche eta Hondarribi Baltza dira. Gehienbat ardao zuri freskoak egiten ditue, baina ardao baltzak egiten be hasi dira.
- Nafarroa Jatorri-deiturea:
Deitura honetan, 16.000 hektarea erabilten dabez ehun eta hogeitabost herritan. Lur eremu handia danez, bost azpigunetan bananduta dagoz: Erribera Goiena, Erribera Beherea, Behe Mendialdea, Itzarbeibar eta Lizarraldea. Onartutako bariedadeei jagokenez, baltzen atalean, betiko Garnatxa, Tempranillo, Mazuelo eta Graciano bariedadeez ganera, Cabernet Sauvignon eta Merlot be onartzen ditue. Zurietan, barriz, Viura, Malvasia, ale txikiko moskatela eta Chardonnay dira deituran sartzen diranak. Jatorri-deitura honetan, ardao klase asko egiten dabez.
- Irulegi:
Nafarroa Behereko Irulegi eskualdeko bederatzi herritan produziduten dira ardao honeek. Danetara, 210 hektarea hartzen ditu. Onartzen dituen bariedadeak ondokoak dira: Tannat, Cabernet Franc, Cabernet Sauvignon, Petit Manseng, Gros Manseng eta Courbu. Irulegin klase askotako ardaoak produziduten ditue: ardao baltz gazteak, barrikan eta botilan zahartutako ardao baltzak, zuri freskoak edo zahartuak eta gorriak.
Ardao onak eta mokadu ezin hobeak mahai ganean jarri eta disfrutetea baino ez jaku falta. On egin deizuela janak, eta txarrik ez edanak.
Mikel Garaizabal,
Enologoa.
Bizkaie! aldizkariaren aurreko zenbakietan hainbat kontu esan doguz ardaoaren ganean, eta oraindino ez dot ezer esan Euskal Herriko bertoko ardaoen ganean. Oraingo honetan, barriz, interesgarria izango dalakoan, zehatz-mehatz aztertuko doguz.
Euskal Herriak baditu nabarmentzeko moduko historia, hizkuntzea eta kulturea; lurralde aberatsa da izan, eta emonkortasun horren adierazgarri, ospe eta izen handiko produktuak be baditu. Horreetariko bat nabarmentzekotan eta gure atala enologiaren ganekoa dala ahaztu barik, ardaoa aitatuko dogu. Euskal Herria ardao kontsumo handiko lurraldea da, izan be, azken ikerketen arabera, espainiar estaduan, ardao gehien edaten dogunak euskaldunak gara eta, ganera, edaten doguna kalidade handikoa da. Lehenago, ostera, kalidadeari ez geuntsan horrenbeste begiratzen izan; gaur egun, oro har behintzat, gurago dogu gitxitxuago edan, baina edaten doguna ona izan daitela.
Ardaoa edaten trebeak eta adituak gara; baina, edateaz ganera, ardaoa egin be egiten dogu, eta gero eta gehiago ganera: gure lurraldean zazpi jatorri-deitura dagoz eta eskualde bakotxak oso ardao desbardinak emoten ditu.
- Bizkaian, Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturea dogu.
- Araban, hiru jatorri deitura dagoz: Arabako Txakolina, Araba Errioxa eta Cava jatorri deiturearen barruan dagozan hiru herri: Biasteri, Oion eta Moreta.
- Gipuzkoan Getariko Txakolina jatorri-deitureak Aia, Zarautz eta Getaria hartzen ditu.
- Nafarroan lau jatorri-deituretatik bat Nafarroa Beheko Irulegi eskualdea da: ganerako hirurak Iruñeatik beherakoak dira: Nafarroa jatorri-deiturea (bost azpigunetan banandua), Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren barruan, Behe Errioxako azpigunean dagozan zortzi herri, eta azkenik, Cava jatorri-deiturearen barruan dagozan Mendabia eta Biana.