Azken uretaratzea?
La Naval ontziolearen sorrerea
Ontziolen zabaltze ekitaldia 1916an izan zan, apirilaren 27an. Eguna ospatzeko langileek soldatako egun bateko saria jaso eben eta bazkaria doban; konbidatuentzako, barriz, tea banatu zan. Egun honetan jarri ziran “Conde de Zubiria” eta “Marques de Chavarri” ontzietako azpialdeak. Biak Labe Gariak enpresearen enkarguz lantegira ikatza itsasoz ekarteko. Ontzien motorrak be enpresan bertan egiteko ziran. Eurekaz batera, “Alfonso XIII” 5.000 tonako itsasontziaren lehenengo zatiak be jarrri ziran.
Ontziola barritik uretaratutako lehenengo ontzia “Conde de Zubiria” izan zan, 1917ko garagarrilaren 7an. Nahiz eta arratsaldeko lauretan hasi uretaratzea, bide erdia eginda eukanean, ontzia geratu egin zan eta beste lau ordu behar izan ziran ontziak, jarritako bide guztia egiteko azkenik uretara helduz. Zer esanik be ez dago ontzia uretara heldu zanerako konbidaurik ez zala inguruan geratzen. Jazoera honek zeresan handia eragin eban Bilbaon. Hurrengo egunetan arazoa zein izan zan jakiteko egindako ikerketak, ontziak laban egiteko erabilitako bilgorra kalidade eskasekoa zala jakin zan. Hortxe ba arazo guztia. Baina antza danez ez zan konponbide onik lortu ze abenduan “Zubiria” ontziaren bikotxa zan “Marques de Chavarri” ontzia uretaratu zanean, gauzea oraindino larriagoa izan zan, eta barriro be ontzia bide erdian geratuta, zazpi egun behar izan ziran azkenean uretara botateko.
Hurrengo urteetan ontzioleak sekulako indarra hartu eban eta eraikuntza eta azpiegitura guztiak handitu egin ziran. Geroago etorri dira behargin eta zuzendaritzearen arteko ezin ikusiak eta gaur egungo egoera baltza.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria
Azken hilabeteotan, Europako Batzordeak Espainiako ontziolak hartutako laguntzak itzuli beharko ebezala iragarri zanetik, eguneroko gaia bihurtu jaku ontziolena. Erabagiak milaka langileen etorkizunean eukiko dau eragina eta Bizkaian bertan, zuzenean edo zeharka, milatik gora izango dira kaltetuak.
Bizkaiaren kasuan Izar taldearen barruan dan La Navaleko ontziola dogu kolokan. Hurrengo lerroetan ontziola honen hasikeratan sakontzen ahaleginduko gara.
Bizkaia osoan egoan ontziola lanaren ohiturearen barruan, XX. mendearen hasikeran sortu ziran Bilbaoko errekan ontziak burdinez egiten ebezan lehenengo ontziolak: Astilleros del Nervion eta Euskalduna. Lehenengoa Astilleros del Nervión izan zan, José Martínez de las Rivasek sortuta 1889an, Charles M. Palmer ingelesagaz batera, Espainiako armadarako gerra ontziak egiteko asmoz.
Euskalduna ontziola Ramón de la Sotak, orduan Bilbon zan enpresa munduko gizon garrantzitsuenetarikoak sortu eban. Ontziola honetan egindako lehenengo ontzia “Portu” gangila dogu. Oraindino ikusi leiteke Euskalduna ontziola bera kokatuta egoan leku berean oraintsu zabaldu daben Bilboko Itsas Adarraren Museoan.
La Navaleko ontziola 1916an sortu zan. Ontziolea urte batzuk arinago jaiotako 'Sociedad Española de Construccion Naval' enpresak sortu eban. 1908an sortu zan Madrilen enpresa hau, gobernuak bultzatuta Espainiako ontziak barriztetako asmoz. Sorreran 'Sociedad Española de Construccion Naval' enpresea Estadu Espainiarrak emondako armadeagaz zerikusia eukien lan eta ontzi militarrak egiteko sortu zan. Enpresearen sorreran bizkaitarrek eta ingelesek hartu eben parte, azken honeek Vickers ltd, Armstrong eta John Brown enpresen bitartez. Estaduak, bere aldetik, enpresearen eskuetan jarri ebazan El Ferrol eta Cartagenako arsenalak, Matagordako eraikinak, eta azkenik 1905an Sestaon erositako lurrak.
Edozelan be, 1912rako lan militarrak gitxitzen joiazala kontuan hartuta eta aurrera jarraitu gura izan ezkero, enpreseak lan zibiletara begiratu behar ebala argi ikusten zan. Holan ba, aztertzeko egozan aukerak bi ziran: Matagordasen euken ontziola barriztau eta haunditu edo barria egin. Dana ikusita, azkenean barria egitea erabagi eben. Eta barria egiteko lekurik onena Penintsulako iparraldea zan. Burdina egoan lekuetatik hur.
Kokaleku desbardinak aztertu eta gero, azkenean Bilbon Labe Garaiak egoteak eta hau La Naval enpresako gidaritzearen parte izateak, zein inbersinoetarako Bilbon egozan bankuak emondako erraztasunak eta Bizkaiko beharginen trebetasuna, enpresa barria Bilbotik hur egitea ekarri eban. Ahalegin horren bultzatzaile nagusienetarikoa Tomas Zubiria Ibarra, Zubiriako Kondea izan zan, sasoi haretan Altos Hornos eta Sociedad Española de Construcción Naval enpresetako burua.
Spiers enpreseari emon jakon ontziola barriaren diseinuaren ardurea. Lehenengo eta behin Nervión ontziolako azpiegiturea aprobetxetako aukerea emon bazan be, azkenean ontziola barri-barria egitearen alde agertu ziran Spiersekoak. Ontziola ordura arte Labe Garaiak enpresak Sestaon erabilitako lur batzuetan eregi zan, Labe Garaiak lantegia eta Astilleros del Nervión ontziolearen bitartean eta guztira ia 100.000 m2 lur zatia hartzen eban.
Ontziolako lehenengo zuzendaria Alexander Murray izan zan Londreseko aholkulariak emondako aholkuei jarraituz. Langileak goizeko 7retan hasten ziran lanean arratsaldeko seiretan amaituz. Guztira hamar ordu, kontuan hartzen badogu ordu bete izaten ebela otordurako. Ordutegia bardina zan neguan zein udan. Dana dala, tira-bira handiak izan ziran beharginen eta zuzendaritzearen artean, bizitzaren kostuak gora egiten ebala eta soldatak barriz geldi egozalako.