Bidaide  III. urtea // 82. zenbakia

Bisak: ahaztu ezinekoak


Herrialde muetak eta bisak

Herrialde mueta bi dagoz: bisa exijiduten dabenak eta ez dabenak exijiduten. Azken honeek Europako Batasuna osotzen daben herrialdeak dira. Halan da be, euretariko batzuk, batez be kide barriek, oraindino be bertara sartukeran eta urtekeran silua iminten dabe pasaportean. Baina honeek ez dira guri interesetan jakuzanak. Guk herrialdean sartzeko bisa eskatzen dabenak aztertuko doguz. Honeen artean, desbardintasun ugari dagoz, eta bi talde egin geinkez: bisa herrialdera sartukeran emoten dabenak (Europako Batasuneko nazionalidadea euki behar da derrigorrean) eta aurretik exijiduten dabenak. Lehenengoetara bisitan joateko ez dago arazorik, beti be pasaporteak heldu garan egunean hasi eta hurrengo sei hileetarako balioa badauka behintzat. Silua mugea pasetan dogunean jasoko dogu, nahiz eta bidaia lurrez, itsasoz edo airez egin. Herrialde batzuk tasea kobretan dabe (Egipto, Tunisia, Nepal...), eta beste batzuk, barriz, ez (Estadu Batuak, Argentina, Hong Kong...). Orokorrean, tramitea erraza izaten da; Estadu Batuen kasuan, baina, luzaroan egongo gara papel artean. Kontuan hartu behar da bisa horreek denpora mugatu baterako balio dabela. Batzuk 15 eguneko egonaldia egiteko balio dabe, eta beste batzuk 3 hilekoa.

Benetako arazoa bisa aurretik eskatzen deuskuenean dator, beste herrialde batera bisitan joan baino lehenago norberaren herrialdean lortu behar doguna hain zuzen be. Bisitariak kontroletako erabilten dabe tramite hau, baita diru publikoa lortzeko be. Herrialde batzutan araudi oso zorrotza daukie zorioneko bisa horreen ganean, eta baldintza horreek beteten ez dauzana ez da bertan sartuko. Errusiak, berbarako, bidaiariak ostatu hartuko dauan hotela, bidaian zehar egingo dauan ibilbide zehatza, bidaia-asegurua eta galdeketa bat betetea exijiduten dau. Dokumentu guztiak eskuratzen dauzanean, kontsuladuak bisaren tramite guztiak egiten dauz (atzera bota leike). Horretarako, egun batetik astebeteko tartea hartu leike, behar dauanaren arabera. Baina zenbat eta urgentzia gehiago, orduan eta karuago. Holan ba, urgentzia handiko bisa baten (24 ordu) trukean 135 euro pagau behar doguz, personako.

Burukominak

Ipar Koreako kasua muturrekoa da. Herrialdera sartu ahal izateko, bertako agentzia batean ‘tour’ osoa erreserbau behar izateaz gan, bisita-egun bakotxeko 250 dolar pagau behar dira. Normalean, bisaren prezioa herrialdean egongo garan egun kopuruaren eta bertatik urten eta sartzeko emoten dauan aukerearen araberakoa izaten da. Berbarako, bisa tipiko batek (merkeena be bada) 30 eguneko egonaldia baimentzen deusku, eta sarrera-urteera bakarragaz. Ostera, sei hilerakoa eta sarrera-urteeratan mugarik bakoa lau bider gehiago pagau beharko dogu, herrialdearen arabera beti be.

Negozioetarako bisak, ikasketarakoak eta baita bertan bizitzeko balio deuskuenak be badagoz. Mueta honeetako bisak lortzea askozaz be karuagoa izaten da, tramitazinoa luzeagoa eta gatxagoa dalako gehien bat. Izan be, dokumentu ugari aurkeztu behar dira horren egonaldi luzea zergaitik egingo dogun justifiketako, eta bertan egingo doguzan jardueren barri emon beharko dogu, zehatz-mehatz ganera. Buruhauste itzela.

Zorionez, bisaren tramitea egiteko dirua eta denporea behar izaten dan arren, estadu gehienetan ez da arazo handirik egoten. Askotan, alde biko eta alde askotako hitzarmenek bisa behar dan edo ez zehazten dabe.
Berbarako, Espainiak Latinoamerikako herrialde gehienakaz daukaz hitzarmenak; holan ba, ez da beharrezkoa aurretiaz bisa lortzea. Beste alde batetik, Europako Batasunak hainbat herrialdegaz daukaz hitzarmenak, Australia, Japonia, Singapur eta Ameriketako Estadu Batuak tartean, eta bardin pasetan da herrialde honeetan be.

Egia esan, Europan bizi garanak zorionekoak gara, eta ez bakarrik ongizate estadu batean bizi garalako, baita munduko edozein lekutara joatea nahiko erraza dalako be. Asiar edo afrikar batentzat askozaz be gatxagoa izango litzateke, jakinak diran arrazoiengaitik. Guri, barriz, mundu guztiak emoten deusku ondo-etorria...

Ezinbestekoa izan beharko litzateke beste herrialde batera bidaia egin baino lehenago bertara sartzeko baldintzak ezagutzea. Bidaia taldean egiten dabenek ez daukie bape arazorik, turistearen dokumentuen tramitazinoa agentziak berak egiten daualako. Baina bidaia norbere kabuz egin gura dauanak kontuan hartu beharko dau tramitazino horrek ekarriko deutson kostua, bai dirutan eta baita denporan be. Kasu askotan, ganera, hurren dagoan kontsulatura joan behar izaten da bisa lortzeko eskabide-orriak eskuratu ahal izateko, eta ostean, mezularia pagau bidaiariari pasaportea bueltan ekarteko. Txina lako herrialde bateko bisa normal bat 35 euro pagau behar badogu, garraio-tramitazino kostu guztiak gehituta guztira 100 euro inguru pagau beharko doguz. Rusiako bisagaitik, bisa normala gehi hoteletan egindako erreserbak 200 euro inguru pagau behar izango doguz. Dudarik barik, aurrekontu estuagaz dabilzanek kontuan hartu beharreko faktorea da hau.

Hurrengo erreportajean momentu gatxetan enbaxadek gugaitik egin ahal dabena eta euren zeregina zein dan aztertuko dogu.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Mikelek eta Edurnek Moskura joateko billete bi erosi dabez. Eguenean urtengo dabe. Ordu bete lehenago, Loiuko aireportuan dagoz, emozinoz beteta. Ia hutsik dagozan maletak gomutakaz beteta ekarri gura dabez. Hegazkin-konpainiako beharginak billeteak begiratu deutsiez, gero fakturazinoa egiteko. ‘Pasaportea, mesedez?’, dino. Orriak pasetan hasi da, bikotearen begiradapean. ‘Parkatu, Errusiarako bisa?’. Edurnek eta Mikelek alkarreri begiratu deutse, harrituta. ‘Pentsau dogu heltzen garanean emongo deuskuela... Inok ez deusku ezer esan’, dinoe. ‘Sentiduten dogu, baina bisa behar dan moduan ez badaukazue ezin dozue hegazkinera igon. Orain, hegazkin-konpainiek baieztu behar dabe dokumentuak eguneratuta dagozan ala ez... sentiduten dot’. Ez dago atzera bueltarik. Mikel eta Edurne gora begira geratu dira, Loiun.

Adibideak neurriz kanpokoa emon leike, baina ez dira ez bat ezta bi be egoera hau sufridu dabenak. Bisa, edozein herrialdetara denpora batez bisitan joateko derrigorrean euki behar dogun dokumentua (normalean silu bat edo pasaporteari gehitutako papel zatia) hain zuzen be, ezinbestekoa da herrialde askotan sartzeko, eta gehienetan berau lortzeak burukomin ugari ekarten deuskuz. Horregaitik, bidaia preparetan gabilzanean zein herrialdek eskatzen daben eta zeinek ez kontuan hartu behar dogu. Erreportaje honetan oinarrizko arau orokorrak azalduko doguz, baita normalean egoten diran arazoak be.