Kulturea  III. urtea // 81. zenbakia

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki

Andolin Eguzkitzak hil aurretik idatzitako 29 poema jaso ditu Susa Argitaletxeak 'Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki' liburuan


Andolin Eguzkitzak 1975ean, Egan Aldizkarian, 22 urtegaz argitaratu eban 'Askatasuna' izeneko lehenengo poemea eta soneto horretan atzemon daiteke gero etorriko zanaren giltza:

Askatasuna, eder haizen hori
Maite haut, nahi, eta behar igurtzi,
Hire gorputz leun, azkor, oi Urtzi
Lagun iezadazu su hartzen gori!

Askatasuna, gogor haizen ezti!
Gora hi eta zoldu gaitunanok!
Biba guok, aurrera hatzaigunok!
Bizi gaitezen, oi gaitzanan bezti!

Bigun eta zoli, txairo maitale,
Zimelik ez, gaztain koloreko´ri,
Iruntsi behar gaitun lagunzale,

jo behar, gauaz, larruen gogale,
betiko elkarren jakinez berri,
Askatasuna, maite haut, SORTZALE.

Andolin Eguzkitza, GOIAN BEGO

Bizkaie!


1998ko urriaren 12an hasi zan Andolin Eguzkitza bere liburu barria izango zanaren poemak idazten. Eskuz koaderno baten idazteko ohiturea eukan geroago ordenadorera pasetako eta hor ibilten zan perfekzinoaren bila ideiakaz, berbakaz eta letrakaz burrukan. Poemok argitaratuta ikusteko astirik barik, aurtengo martiaren 24an joan jakun Andolin baina zorionez Andolin Eguzkitzarenen bihotzean sortu ziran horreek plazan dagoz daborduko.

Iñaki Eguzkitza anaia gaztearen esanetan, 'Andolinek literatur egitasmo asko eukazan esku artean, baina Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki poema liburua zan guztien artean aurreratuen eukana. Gogoan daukat poema horreetako zenbait irakurri eustazala, gustura sentitzen zan, argitaratzeko orduan leitekeana da aldaketaren bat egitea, baina koadernoan eta ordenadorean amaituta eukazan, kaleratzeko moduan. Liburuaren izenburua (Arimaren ondoko ezkietatik ibilki) Andolinena berarena da. Bilduma baterako poemak idazten hasi aurretik pentsetan eban izenburua, zelako poemak eta nondik norakoak idatziko ebazan zehazteko.

Gorago esandako moduan, 29 poema biltzen ditu Andolinen azken liburuak. Susa argitaletxeak kaleratu dau eta koaderno berdetik hartutako eskuizkribu batzuk jasoten ditu amaieran. Gorka Arrese editorearen arabera, 'irakurleak hobeto ulertuko dau idaztean Andolinek jarraitzen eban bidea'. Zoriontasuna I da liburuko azken poemea; edozelan be, Zoriontasuna II izeneko poemaren zirriborroa be ikus daiteke liburuan. Berba batzuk agiri dira izenburuaren azpian, baina besterik ez, Andolinek ez ebalako poemea amaitzeko astirik izan.

Liburuko hitzaurrea, Juan Ramon Madariaga poetak idatzi dau. Aspaldiko lagunak ziran biak. 'Hasieran irakasle, eta gero, lagun hand». Andolinen poemagintzako ardatz legez inplikazinoa eta konpromisoa aitatu ebazan Madariagak. Andolinen azken liburua izango zanaren espiritua 1975ean Egan aldizkarian idatzitako Askatasuna lehen poeman atzemoten da Juan Ramon Madariagaren esanetan, 'bere herri eta hizkuntzeagaz lotutako idazlea zala erakusten dau, zalantzaz beteriko personea'.

Desamodioa eta denporaren igarotea dira poema argitara barrien gai nagusiak. 'Barru-barrutik idatzi ebazan, erabat biluzik agiri da poemotan'.

'Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki' liburuaren aurkezpen egunean bertan, arratsaldez, Bilbao Poesia Astearen barruko ekitaldietan, Andolin Eguzkitzaren omenaldia egin zan Bidebarrietako Liburutegian. Bertan, idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain zanaren inguruan, Xabier Kintana Euskaltziandiako idazkariaren eta Tere Irastortza EIEko presidentearen berbaldien ostean, Juanrra Madariaga, Isabel Diez eta Igor Estankona agertu ziran taula gainean. Liburu barriko eta aurretik kaleratutakoetatik hartutako zenbait poema irakurri ebezan, Four Friends jazz bandak lagunduta.