Internet, informazino eta zabor artean
Honegaz ez dot esan gura Internet murriztu, kontrolau edo zentsurau behar danik. Komunikabideak libreak eta zabalak izan behar dira demokrazian. Baina inork ez dau esan demokrazian bizitzea erraza danik, lanak eskatzen deuskuz eta. Gure lana da komunikabideen artean aukerea egitea eta zabor informatiboa baztertzea.
IƱaki Atxutegi
Internetetik daukagu eskura (edo begitara, zehatzago esanda) gure bihotzeko Bizkaie! aldizkari elektronikoa. Eta seguru nago Bizkaiera zatozten guztiok teknologizaleak izango zariela era batean ala bestean.
Kanpoko munduan, hau da, paperezko prentsan, irratian edo telebistan Internetek ez dauka beti irudirik onena. Sarri askotan ataraten dabezan barrietan Internet oso era zikinean aurkezten deuskue. Esate baterako, ez da arraroa jakitea munduko edozein bazterretan Interneten bidez ezagutu dirala hiltzailea eta hildakoa. Astean behin edo esaten deuskue kontuz ibilteko eta Interneten bidez kreditu txartelaren zenbakia ez emoteko mundu birtualean iruzurrak eguneroko ogia diralako.
Baina azken hiruzpalau urtetan terrorismoaren kontrako burrukearen atxakiagaz dana justifiketan danean, prudentzia histeria bihurtu da. Esaten deuskue talde terroristek Internet erabilten dabela euren ekintzak antolatu eta erreibindiketako.
Ez naz hasiko orain eta heamen Interneten alde egiten. Internet, munduko sare globala komuniketako bide bat da. Komuniketako eta informazinoa emoteko bidea. Badagoz erabilteko modu onak eta txarrak. Tresnak ez dauka errurik. Erabiltzailearen esku dago eskutartean daukagun tresna honeri probetxuzko balioa emotea. Hain handia eta anitza izanda, mundu mailakoa, orotarikoa, globala da. Gauzak holan, danetarik topauko dogu: egiak eta guzurrak, intoxikazinoak eta egia borobilak, gure eretxigaz bat datozen berbak eta bape gustetan ez jakuzaenak.
Bat baino gehiago imajinetan dot buruari buelta ta buelta emoten ia nora demontre gura dodan ailegau. Hain zuzen, Interneten Sarean dabil jira eta biraka "konfidentzial" horreetako bat, sasi-informazino horreetako bat. Jose Maria Garcia kirol kazetari megaizarrak esaten eban barriaren aurretik zurrumurrua datorrela. Ez eban esaten, ostera, zurrumurrua eta barria personak lohituteko erabili behar ziranik.
Konfidentzial honetan Ibarretxe Lehendakariaren osasunaren ganean esandakoak ez dauka informazinogaz zerikusirik. Ondo baino hobeto ikusita dagoan persona baten irudia lohitzea baino ez da asmoa eta komunikabide serioaren etxurea emon guran, telebistako "tomatea"ren pareko mailan geratu da.