Bizkaieraz ala batuaz?
*Larunbatean atera eta
igandea heldu zaigu
gaur berba egin gura dabenak
eleizatik kanpo jai du
*Zapatuan urten eta
domeka ailegau jaku
gaur hitz egin nahi duenak
eleizatik kanpo jai dauka
Errima eta neurria nabarmen aldatzen dira. Badakit kasu berezia dala hau, baina ezin da inoz jakin zer tokauko ete dan. Idatzitik berbara alde handia dago; zer esanik ez idatzitik bertsora!
Xabier Paia
Atzo txapelketan kantau neban, irakurle maite. Zer dinozu? Ia zelan joan zan saioa? Gai-jartzaileak esan euskun aurrekoak baino hobea izan zala, eta kostako jakeela hurrengo saioei horren onak izaten. Bai, arrazoi daukazu, agian geu ginalako esan deusku. Nik ezin deutsut esan zelan ikusi dodan, neure abstrakzinozko munduan ibili nintzalako, inoren bertsoak entzun barik, eta holakoetan, normala izaten da norberak emondako epaia okerra izatea. Ea irabazi neban? Galdu ez, behintzat.
Kontua da, saioa eta gero zer edo zer hartzen gengozala, tipo batek itaundu eustala ia zergaitik ez dodan bizkaieraz kantetan, ikusita hemen, zeuri, bizkaieraz idazten deutsudala. Galderak erantzun laburra dauka, baina badakizu neuri zelan gustetan jatan luzatzea.
Zuk badakizu neure ama hizkuntzea erderea dala (ama inozko zentzurik zorrotzenean) eta euskerea ikastolan ikasi nebala, American Schoolen ingelesa ikasi ahal neban legez. Egun batean, ostera, bertso-eskolara apuntau nintzan eta horrek euskerea ezagutzeko bidea erraztu eustan (broma esklusiboa: erreztu ez da erratza pasetea edo “erre egin” aditzaren forma barria). Bizkaieraz askoz be beranduago ikasi neban, beharrizanagaitik batez be. Bizkaiko bertsolari gazteak batzen ginanean, neuk ez neban modurik izaten hango askok esaten ebena ganoraz ulertzeko; orduan, jaurerriko berbakerea landu behar izan neban. Ordutik, ostera, sano gitxitan erabili dot bizkaierea bertsotan. Eta zergaitik ba? Ohiturarik ez daukadalako. Eta hau ez da neuri pasetan jatan fenomenoa. Bertsolari euskaldun zahar asko dago batuaz kantetan dauana.
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak be orain gitxi emon dabe erabateko saltoa bizkaierara. Bizkaiera ez erabilteak ze ondorio euki leiken pentsetan hasi ezkero, argi dago errimategia sano desbardina dala bi kasuetan; baita laburdurak, esakereak eta beste kontu batzuk be! Edozelan be, ohitureak dauka indarrik handiena. Eta argi dago ezin dala batuaz eta bizkaieraz kantau aldi berean.
Bai, badakit neuk hori berori egin nebala atzo. Baina tira, ez neban apropos egin, eta hori bai, ez zan ezer aldatu batua bizkaierara pasauta. Izan be, askotan pasetan dalako hori. Hau koplau hartuta, esate baterako; kopleak lehenengo partea batuaz eta bizkaieraz eginda dauka eta bigarrenean buelta emon deutsagu guztiari, hau da, bizkaiera batuaz imini dogu eta alderantziz: