AEBko hauteskundeetan parte hartzeko aukerea
Aurreko hauteskundeetan (2000. urtean), 27 milioi herritar, gazteak gehienbat, etxean geratu ziran eta abstentzinoa sekulakoa izan zan. Lagun horreek animetako edo, egon badagoz orrialde kuriosoak Internet-en:
http://www.votergasm.org/ Columbia, Harvard eta Wisconsin unibersidadeetako ikasle talde batzuk preparautako webgunea. Bisita asko dituan webgunea da, batez be, Rush Limbaugh ultrakonserbadorea danak orrialdera ez sartzeko aholkua emon ebanetik, “orgasmoak eta sexua” Jon Kerry alderdi demokrataren hautagaiari emoten eutsazalako esan ondoren.
Beste alde batetik, http://www.moveonpac.org musikari batzuk antolatu daben tourra da jenteak Bush presidentearen kontrako botoa emon dagian: Pearl Jam, Bruce Springsteen & the E Street Band, REM, Dave Matthews Band, Jurassic 5, Dixie Chicks, Death Cab for Cutie, James Taylor, Ben Harper, My Morning Jacket, Jackson Browne, Bonnie Raitt , John Fogerty, Keb' Mo', Bright Eyes, John Mellencamp, Kenny "Babyface" Edmonds dira honen bultzatzaileak. “Vote for Chance” da euren leloa, “Botoa emon aldaketearen alde”.
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Hor datoz bai Estadu Batuetako hauteskundeak, zemendiaren 2an. Zoritxarrez guri be eragingo deusku saltsa-malta horrek, izan be, munduko herrialderik indartsuenak munduko politikan eta gizarteak hartuko dauan bidean eragina be badaukalako. Analista politikoen esanetan, lehia handia dago eta aldea oso txikia izango da; hautagai bien artean (Bush-Kerry) burruka bizia dago eta azken botoa be garrantzitsua izango da segurutik.
Kontuak kontu, boto emoileen artean, Estadu Batuetako armadak planetako herrialde askotan daukazan soldaduen botoak be ez dira ahaztuteko modukoak, boto asko dira. Horretarako, nahiz eta postaz helduko diran botoak izan, FVAP izeneko erakundeak (Boto Emoileen Laguntzarako Erakunde Federalak) on-line eta Internet-en bitartez botoa emoteko baliabide guztiak martxan imini dauz.
Bitxia bada be, soldaduek ez eze, astronautek be aukerea eukiko dabe izarretatik botoa emoteko, astronauta batek bai behintzat (lehenengo aldiz Estadu Batuetan baina orain zazpi urte, lehen aldiz astronauta errusiar batek emon eban bere botoa MIR espazio geldiunetik). Oraingoan, NASA-ren laguntzaz, ISS espazio geldiunean dagoan Leroy Chiao izeneko astronauteari botoa emoteko aukerea luzatu jako.
Internet Sareari esker, estaubatuarrak ez garan guztiok be antzeko aukerea daukagu: http://www.globalvote20004.com webgunean sartuta munduko edozein lagunek hautagairen bat aukeratu eta botoaren bidez babesa emon leikio. Jakina, hautaketa honek ez dauka balio ofizialik, baina antolatzaileen esanetan, mundu osoko biztanleen preferentziak neurtzeko idea bitxia da eta sistema honetan jasoten diran emoitzak benetako hautaketa baino 48 ordu lehenago plazaratuko dira (gura izan ezkero, e-mailez jaso zeinkiez emoitzok). Oso sistema erraza da orrialde horretakoa: ingelesez dago baina hautagairen bat aukeratu ondoren, gure korreoko helbidea sartu behar dogu (zein herrialdetakoak garan be bai). Atoan, gure korreora helduko jaku emondako botoaren konfirmazinoaren galderea eta bertan dagoan helbidera sartuz, beharra eginda eukiko dogu.