Musikea  III. urtea // 81. zenbakia

'Edan hemendik', Urgaberen hirugarrena


Bizkaitarren hirugarren diskoa da ‘Edan hemendik’, eta hainbat kolaborazino eta ahots barri topau geinkez bertan, tartean Gatibu taldeko Alex Sardui gernikarra. Bizkaieraz kantetan entzun geinkez Sardui eta Barandiaran, ‘Kartzelako gutuna’ abestian hain zuzen be. Kanta hau entzutean, emoten dau Gatibu taldearen abesti baten aurrean gagozala, eta Exkixu taldeko abeslaria izan zanaren ahotsak arrazoia emoten deusku.

Oihuka diskoetxearen eskutik datorren diskoak Urgaberen aldi barri baten hasierea dakar askorentzat, aldi oparoa. Baina musikan, bizitzako hainbat arlotan legez, ingurukoek (kasu honetan entzuleek) epaitu behar dabe hori.

Bizkaie!

Taula ganean ordu piloa emon dauz Urgabek. Orain arte, 664 kontzertu eskaini dabez, eta aurkeztu barri daben diskoagaz, ‘Edan hemendik’, beste hainbestetan igoteko ilusinoa ez jake falta.

Urgabe taldea Gatikan jaio zan, eta lehenengo jaialdia trikitixeagaz eta erromeri giroan emon eben arren, gitxika-gitxika estiloa aldatu dabe. Taldean bertan egon diran aldaketek eragin zuzena euki leikie horretan, izan be, Agustin Barandiaran da, beraren trikitixeagaz, taldean segiduten dauan bakarra.