Diarios de motocicleta
Personaia historiko baten ganeko filma egitea gatx-gatxa izaten da beti, baina persona hori kondaira edo mitoaren mailara ailegetan bada, beharra gehiago korapilatzen da.
Edozelan be, Walter Salles-ek errazago euki dau kasu honetan, filmeko protagonista biek idatzitako literatur testuez baliatu ahal izan dalako; horrek laguntza ezin hobea emon deutso personaia bi honeen irudi goresgarria albo batera ixteko. Gazte biek Hegoamerikatik zehar egindako bidaiaren istorioa kontetan deusku benetan izan zanari jarrraituz: bidaiari honeek ondo pasetako eukien benetako gogoari inposatu jakon errealidade gordina.
Salles-en filmaren benetako gatz eta piperra horretan dago, abentura bila joandako gazte biren pikareskea eta kontinentearen benetako egoera latza ikusikeran agiri dan amorrua ederto nahastetako lanean, hain zuzen. Personaiek Hegoamerikako edertasuna, alaitasuna, duintasuna eta alkartasuna ikusi ahal izango dabe, bai eta pobrezia, gaixotasunak, gizarte bidebakokeriak... be.
Bestalde, Gael Garcia Bernalek “Che” izango danaren irudi sinisgarria emongo deusku, baina Rodrigo de la Serna ez da atzean geratuko, Alberto Granado samur eta kutuna hazurmamitukeran. Bien antzezpenek kimika berezia daukie eta batez be kontrapuntu bikainak dira.
“Road movie” honek merezi dau, proselitismo merketik eta mitotik urrundu eta personaien benetako gizatasunean oinarritzen jakin daualako Amerika latinoaren alderdi biak erakutsiz.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Walter Salles.
- Herrialdeak: Argentina, Brasil, Txile, Peru eta AEB.
- Iraupena: 126 minutu.
- Antzezleak: Gael García Bernal (Ernesto Guevara de la Serna), Rodrigo de la Serna (Alberto Granado), Mía Maestro (Chichina Ferreira), Mercedes Morán (Celia de la Serna), Susana Lanteri (Tía Rosana), Jean-Pierre Noher (Ernesto Guevara Lynch), Lucas Oro (Roberto Guevara), Marina Glezer (Celita), Sofia Bertolotto (Ana María), Facundo Espinoza (Tomás).
- Gidoia: José Rivera; Ernesto Guevararen "Notas de viaje" liburuan eta Alberto Granadoren “Con el Che por Sudamérica” liburuan oinarritua.
- Argazkia: Eric Gautier.
- Muntaia: Daniel Rezende.