Jan-edanak  III. urtea // 81. zenbakia

Animalien okelea jatearen onespena kulturan (I)


Gizakion proteinen beharrizan biologikoa baino harago doazen balore eraginkorren artean hurrengoak daukaguz:

· Kultura guztietan dago jakiren baten inguruko debekuren bat eta kultura gehienetan animali zehatz batzuk jateko debekua indartsuagoa izaten da landare jakin batzuk jatekoa baino. Aditu askoren eretxiz, animaliek eta gizakiok antzekotasun morfologiko gehiago daukaguzalako da hau (berbarako, odolagaz landareen sapeagaz edo sabiagaz baino askoz gehiago identifiketan gara).

· Kultura desbardinetan proteinak daukiezan elikagai desbardinakazko sentimentu eta arau ugari dagoz eta honeek inguruneagazko adaptazinoagaz zerikusi handiagoa daukie beharrizan biologikoakaz baino; munduko leku batzutan zergaitik jaten dira (ala ez) behiak, txakurrak, zaldiak, insektuak…?

· Gizateriaren historian zehar, gizarte gehienen aberastasun maila (ikuspuntu ekonomikotik begiratuta) handitzen joan dan neurrian, euren okela-konsumoa handiagotzen joan da. Gaur egun, gure gizartean berbarako, egoera horren gailurrera heldu gara eta animalia eratorriko elikagai gehiegi konsumiduten dogu, eta hori gure osasun arazo larri askoren iturri bihurtu da.

Ironia dala emoten dau, ezta?

Mendeetan zehar gaitasun ekonomiko handiagoa euki gura izan dogu, besteak beste janari faltarik ez izateko; eta azkenean, lortzen dogunean, larregikeriara pasetako jokerea daukagu eta hori geure kontrako faktore bihurtzen da.

Hori da orain gure bizitzako erronketako bat: gura dogun beste jateko aukerea izanda, “nahikoa da” esaten ikastea.

Hau bai hau, gizakiak mundua menderatuko dauala uste dauan bakotxean, naturak eta bizitzak gehiegikeriaren ondorioak erakusten deuskuz eta apaltasuna eta neurritasna gauza onak dirala gogorarazo. Ikasi daigun neurritasuna umore onagaz eta gustura bizitzen.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomaduna

Kaixo irakurle, badakizu “animalien okelea” esaten dogun askotan “animalien gorputza” esatea gura izaten dogula? Hau da, gaurko gaian “okelea” berbeagaz, bai ugaztunen, arrainen, hegaztien, anfibioen edota insektuen gorputza adierazo gura izango dogu.

Eta, “kulturan” esaten dogunean zer adierazo gura izaten dogu?

Talde sozial bakotxak beraren sinismen, ezaguera eta praktikak daukaz, eta honeek aurrekoengandik ikasi eta ondorengoei irakatsi egiten jakiez. Sinismen, ezaguera eta praktika horreen barruan jateko modua be badago. Kultura bakotxak bere balio propioak ezartzen dauz, jangarria zer dan, gozoa zeri deritzon, txarto jatea zer dan, lodi egotea zeri esaten jakon... Jakien balorazino bat egiteko orduan ingurunean daukaguna be kontuan euki behar dogu: berbarako, aspaldiko euskaldunek ez eben kiwiaren ganeko eretxirik ez balorerik, ezagutzen ez ebelako. Holan ba, jateko erea portaera biologikoaz gan, soziala be badala esan geinke, eta beti bere osotasunean ulertu beharko geunke.

Jateko ona zer dan erabagiteko orduan, gehienetan ez dogu norberak banakako frogak egin ostean erabagiten, mendeetan zehar garatuz joan dan jakituria kolektiboaren eraginez baino. Jakituria kolektiboa, aldi berean, urteetako esperientziez eta siniskerez osotuta dago: botere magikoko jakiak, debeku erlijiosoak, “guztiz onak” diran elikagaiak, “tabuak” diranak…

Kultura askotan okelea jatea oso ondo balorautako zeozer da; baina, zergaitik?

Aditu askoren eretxiz, okelea hainbat ordutan zehar sortzen deuskun betete sentzazinoagaitik jaten da asko. Gure gorputzak okelearen proteinen aminoazidoak digeridu eta asimiletako, beste jaki batzukaz behar dauan baino askozaz denpora gehiago behar dau; horregaitik emoten deusku beteta egotearen sentzazino atsegina gizakioi. Okelearen koipearen digestinoak be eragina dauka prozesu horretan.

Irakurle, gogoratuko dozun legez, proteinak gure gorputzeko estruktura askoren parte dira: muskuloak, zuntzak, antigorputzak, hormonak, entzimak... Badakigu, ostera, barazkiak ondo konbinau ezkero, posible dala proteinen beharrizanetara be heltzea. Horregaitik, kultura desbardinetan okeleak daukan onespena ulertzeko, arrazoi biologikoak baino zeozer gehiago euki behar dogu kontuan. Egia esan, hau edozein jakigaz pasauko jaku, jatea beti ekintza biologiko, emozional eta soziala dalako; arrazoi honegaitik, gure gaur eguneko jateko modu egokia aztertzeko orduan ezin geinke ahaztu gure gizartean momentu honetan dagozan modak eta jokerak (horreek gure beharrizan biologiko hutsetik oso urrun egon arren).