Txutxu-mutxuan  III. urtea // 81. zenbakia

Udan puntutako gidabaimen barria izango da abian


Araua ez betetearen larritasuna

-6 puntu: alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea; ausarkeriaz gidatzea; abiadura handian joatea, mugearen % 50etik gora eta 30 kilometroan; eta alkoholemiaren edo drogen probak egiteari uko egitea. Horreek guztiak arau-hauste oso larritzat joten dira.

-4 puntu: baliorik ez daukien agiriakaz gidatzea; beharrezko segurtasun neurriak beteten ez dauzan autoagaz gidatzea, edo IAT (ITV) arauak ez betetea; istripua edo sutea eragin daiken edozer autotik kanpora botatea; stop bide seinalean ez gelditzea; eta egokitzen jakonari bidea ez emotea, besteak beste.

-3 puntu: segurtasun distantziak edo neurriak ez betetea; ondo ikusten ez dan lekuetan argi barik zirkuletea; edozein gailuri (eskuko telefonoa, irratia...) konektauta dagoan entzungailuak erabiltea gidatzeko orduan; eta berbarako, zirkulazinoari kalte egiten deutson guneetan gelditzea.

-2 puntu: Segurtasun ugal barik gidatzea; baldintzak apurtuz norabidea aldatzea edota atzeraka egitea; 12 urtetik beherakoak bidaiari modura eroatea motozikletetan edo ziklomotoreetan; eta zerbitzu publikoko errailetan edo geltokietan gelditzea.

Begiluzea

Aurreko astean onartu eban Espainiako Ministro Kontseiluak gidabaimen barriaren aurreproiektu legea. Horren ondorioz, Bide Segurtasunaren ganeko Legea eta arautegiak aldatuko dira Hego Euskal Herri osoan. Neurriak gero eta zorrotzagoak izango dira.

Lege barri horretan, gidabaimena 12 kredituz edo puntuz osotuta egongo da ohiko gidarientzat; baimena barriro atara behar daben personen kasuan eta gidari barrien kasuan, ostera, 8 kreditu eukiko dauz. Kreditu horreek, galdu egingo doguz egiten doguzan arau-hausteakaz batera. Baina sistema hori ez da isunen ordezkoa, osogarria baino. Hau da, multak iminten jarraituko dabe eta ganera puntuak trafikoko arau-haustearen arabera be kenduko dira. Esaterako, persona batek alkohol larregi edanda gidatzen badau, baimeneko sei puntu kentzeaz ganera, 1.500 eurora heldu daiteken multea jasoko dau; hurrengoan persona horrek berak ausarkeriaz gidatzen badau, beste sei puntu kenduko deutsez. Ondorioz, gidabaimen barik geldituko litzateke sei hilabetez. Epe hori igaro ostean, gidabaimena atzera be atarateko aukerea eukiko leuke, baina 8 puntukoa litzateke.

Gidabaimena bigarrenez kendu ezkero, urtebete itxaron beharko da baimena barriro atarateko. Sistema barriaren helburu nagusia honakoa da: gidarien erantzukizunaren eta autokontrolaren bidez ezbeharren kopuruak behera egitea eta gidarien jokaera desegokiak ebitetea. Neurri horreek hildako kopuru handia dala-eta justifiketan dira, batez be, 18 eta 24 urte arteko gazteen hilkortasun-tasea handia dala eta. Multen kopurua honako hauxe izango da larritasunaren arabera: multa arinak, 90 eurora heldu daitekez; larriak, 300 eurora; eta oso larriak, barriz, 1500 eurora. Gidabaimen barri hori datorren udatik aurrera martxan imintea aurreikusita dago.

Gidari eta garraiolarien kritikak

Lege barriaren hainbat alderdi “larregizkotzat” jo dabez hainbat gidarik. Batzuen eretxiz, gehiegizkoa da arau-hauste arin batengaitik karnetaren herena kentzea. Edozelan be, begi onez ikusten dabez alkohola edateagaitik ezarri daitekezan zigorrak.

“Hiru”, Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak, daborduko haserrea azaldu dau. Espainiako Gobernuari garraio arloaren ezaugarri bereziak kontuan hartzeko eskatu deutso. “Hiru”ren esanetan, gauza bi hartu behar dira kontuan: batetik, garraiolari eta beste gidari profesionalek errepidean behar egiten dabenez, arrisku edo aukera gehiago daukiez arau-hausteak egiteko; eta bestetik, gidabaimena galdukeran lanpostua galtzen dabe.

“Garraiolaria ganerako gidariakaz alderatu ezkero, sarriago dago arauren bat hausteko arriskuan; beraz, arautegi berezia euki beharko leuke. Ganera, zigorra be handiagoa da behargin honeek, gidabaimena galtzeagaz batera, beharra be galduko dabelako”, adierazo dabe “Hiru”ko kideek.