Kulturea  III. urtea // 81. zenbakia

Jokin Muñoz, Euskerazko Literaturako Euskadi Sariaren irabazlea


Izan be, Jokin Muñoz ez da barria ofizioan, eta, dana esan behar bada, ez dau suerte handirik euki, liburu interesgarriak argitaratu arren, oihartzun eskasa lortu dau eta. Jokin Muñoz Trigo Castejonen jaio zan, eta Donostian hazi ostean, Iruñean bizi da. Irakasle eta Filologia ikasketak egin ebazan Donostian, eta 1995ean argitaratu eban bere lehenengo lana: “Hausturak”. Gero, 1997an, “Joan zaretenean” etorri zan, eta 2000n “Atlantidara biajia”. Berak esanda da “Joan zaretenean” lanagaz oihartzun handiagoa espero ebala eta “Atlantidara biajia” obreagaz, barriz, Euskal Herrian autokritikarako ahalmen eskasa daukagula konturatu zan eta, ondorioz, gauza bera beste modu batez esateko beharra eukala. Holan ba, gauza bera esan dau, bai, “Bizia lo” liburuan, baina narratiba eran eta distantzia hartuta. Eta bai ondo egin be: “liburua amaitu nebanean, iruditu jatan liburu ona zala, kalitatekoa, finalisten artean egoteko modukoa”, adierazo dau Muñozek.

Ur Apalategi epaimahaiburuaren esanetan, Muñozen lanak “merezimendu osoa” dauka Euskadi Literatura Saria jasoteko. Muñozen literaturea “barritzailea eta arraildurarik bakoa” izan da epaimahaikideek erabili daben arrazoietako bat liburu hau saritzeko. Ganera, “personaien ulermenetik abiatuta, eta moralismoari uko eginez, Muñozek gaitasun aparta dauka irakurlea hunkitzeko”, Apalategiren eretxiz. Beste alde batetik, idazkera “minimalista eta aberatsa” daukala adierazo eban, eta “errealidadearen konplexutasuna berreregiteko abildadea” be goratu ebazan, “ipuingintzearen moldeak maisutasunez erabiliz eta, ipuinen batuketea gaindituz, batasun handiko lana sortuz”.

“Bizia lo” lanak bost kontakizun biltzen dauz, danak be 60ko urteetan jaiotako belaunaldiari bizitea tokau jakon giroari eta bizipenei sano lotuta. Gerra osteko giroan hasi eta fikzino futuristaraino heltzen da Muñoz liburu honetan. Idazleak berak autortu ebanez, “hasieran barrura begirako narrazinoak izan behar ziran, baina konturatu nintzan zenbat eta barrurago sartu, orduan eta ageriago agertzen jatala inguruko errealidadea. Eta, orduan, literatura intimista izan eitekeana, errealista izateko bidean jarri zan”.

Ur Apalategigaz batera, Ibon Egaña, Miguel Angel Elkoroberezibar, Esti Ezkerra eta Aritz Gorrotxategi izan dira epaimahaia osotu dabenak.

Azken bi urteotan sortutako polemikea dala eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadi Sarien arauak aldatzea aztertuko dauala agindu dau. Jose Antonio Arbelaitz Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendariak gogo txarrez hartu eban bost liburuak kontuan hartzeari buruz epaimahaikideek hartutako erabagia, “finalistek mailarik ez badaukie baino ezin dalako saria emon barik geratu”. Euskal Herriko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) esan dauanez, finalista izateko idazlearen baimena behar dala dinoan araua bertan behera ixteko eskaria egingo deutso Eusko Jaurlaritzeari, “barriro be”. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE) eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) ez dabe oraindino erabagirik hartu, baina EIZIEren bide bera hartuko dabela emoten dau.

Edozelan be, Jokin Muñozek irabazi dau aurtengo Euskadi Saria, polemikeagaz edo barik. Ordainetan, 17.677 euro jaso ditu: horreetatik, 3.535 euro “Bizia lo” liburua beste hizkuntza batera itzultzeko izango dira.

Beste alde batetik, Itzulpengintza alorrean Leo Perutzek idatzi eta Anton Garikanok itzulitako “Bederatzietatik bederatzietara” liburua izan da irabazlea, Agustin Otsoaren “Eraztunen jauna” eta Fernando Reyren “Ararat mendiaren sumina” itzulpenen aurretik.

Haur eta Gazte Literaturan, barriz, Txilikuren “Osaba Bin Floren” nagusitu da. Aurrean euki ditu Imanol Azkueren “Gaur egun handia da”, Juan Kruz Igerabideren “Okili-kili”, Ramon Saizarbitoriaren “Kandinskyren tradizioa” eta Felipe Juaristiren “Haydn-en loroa”.

Azkenik, gaztelerazko arloan, Eduardo Gil Berak idatzitako “Historia de las malas ideas” saiakereak irabazi dau.

Julen Gabiria

Pronostiko guztien kontra, Jokin Muñozek (Castejon, 1963) irabazi dau 2004ko Euskadi Saria, Euskerazko Literatura arloan, Alberdania argitaletxeak plazaratutako “Bizia lo” liburuagaitik.

Aurten be, eta badira urte bi, hautsak harrotu dira sariketearen oinarriakaz. Jakingo dozuenez, sari honeetan finalista izateko, hautagaiak paper bat sinatu behar dabe, finalista dirala onartuz. Igaz, itzulpengintza alorrean, Koldo Izagirrek uko egin eutsan orria sinatzeari, absurdoa zalakoan norbera aurkeztu ez dan sariketa bateko oinarriak idatziz onartu beharra. Itzulpengintza Sariko epaimahaikideek Eusko Jaurlaritzeari eskatu eutsien oinarri horreek aldatzeko. Aurten, hautagai baten partez bi izan dira paper dontsua sinatu ez dabenak, biak be Literatura arloan: Jon Alonso, “Hodei berdeak” (Susa) liburuagaz; eta Xabier Montoia, “Denboraren izerdia” (Elkar) lanagaz. Gauzak holan, hiru liburu izan ziran finalera heldutakoak: Bernardo Atxagaren “Soinujolearen semea” (Pamiela), Felipe Juaristiren “Airezko emakumeak” (Erein) eta Jokin Muñozen “Bizia lo” (Alberdania).

Halanda be, epaimahaikideek, zuhur, agiri bat kaleratu eben, finalean sartutako hiru liburuak ezeze, beste biak be kontuan hartuko ebazala esanez. Hori bai: euren eretxiz, bi horreetako bat izango balitz danetan onena, saria emon barik geratuko zan.

Eta begi guztiak Atxagari begira egon diranean, isil-isilik, Jokin Muñoz agertu da, aspalditik eskatzen eban atentzinoa lortuz.