Bertsotan  III. urtea // 81. zenbakia

Irratitik plazara, bertsoaren aldarria

Irrati bidezko I. Aizkorpe Bertsolari Txapelketea


Egutegia eta bertsolarien zerrendak:

Zemendiaren 11n, gaueko 21:00etan Segura Irratian:
. Iñaki Zelaia.
. Iñaki Gurrutxaga.
. Alaitz Sarasola.
. Iñigo Izagirre.

Zemendiaren 18an, gaueko 21:00etan Segura Irratian:
. Estitxu Eizagirre.
. Andoni Otamendi.
. Jokin Uranga.
. Xabier Sukia.

Zeendiaren 25ean, gaueko 21:00etan Segura Irratian:
. Aritz Zerain.
. Nahikari Gabilondo.
. Bixente Gorostidi.
. Unai Muñoa.

Abenduaren 2an, gaueko 21:00etan Segura Irratian:
. Unai Agirre.
. Aitor Albistur.
. Iker Zubeldia.
. Iñigo Manzisidor “Mantxi”.

Egin beharreko lana:

- Agurra (ez da puntuauko).
- 8ko nagusian ofizioka 3na bertso.
- 8ko txikian ofizioka 3na bertso.
- Bakarka: 2 punturi erantzun zortziko txikian.
- Hitza gai bezela hartuta bertso bat hamarreko nagusian.
- 10ko txikian ofizioka 3na bertso.
- Bakarka: Gai bati 3 bertso, doinu eta neurri librean.
- Koplatan 4na kopla binaka trikitixearen laguntzaz.
- Agurra (ez da puntuauko).

Irati Goikoetxa
Ekaitz Goikoetxea


Irati eta Ekaitz Goikoetxearen ekimenez, irrati bidezko lehenengo txapelketea antolatu dau Segura Irratiak, Aizkorpe bailara osotzen daben bost udalek (Idiazabal, Mutiloa, Zerain, Zegama eta Segura) babestua, eta maila bikaineko bertsolariei plazarako ateak zabaldu guran.

Euren mailea ezaguna izan arren, plazarako aukera handirik ez daben 16 bertsolari gipuzkoar aukeratu dabez antolatzaileek estreinako txapelketa honetarako. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final laurenetan eta final erdietan ibilitakoak dira danak. Tartean finalista bat be badago.

Bertsolari gazteok daben saio falteari erantzunez, txapelketan nabarmentzen diran lehen hiru bertsolariei datorren urtean, herriko festen nahiz Kultur Asteen barruan, saio bana eskaintzera konprometidu dira egitasmoaren antolatzaile eta babesle diran Segura Irratia eta Idiazabal, Mutiloa, Zerain, Zegama eta Segurako Udalak. Oroigarriez eta kanturako sei plaza horeez gan, GOITUR Goierriko Turismoaren eskutik nekazal etxe batean bi lagunentzako astegoien bateko egonaldia irabaziko dabe lehen bi sailkatuek.

Irratiak eskaintzen dauzan baliabideak erabiliz, entzuleak be animau gura dabez Goikoetxea anai-arrebek. Txapelketarako gaiak bialtzea edo saioen inguruko balorazinoa eta eretxia emotea izango da entzuleen egitekoa. Partehartzaileen artean bi lagunentzako bina afari zozketatuko dira.

Zemendiaren 11n hasita, eguenero-eguenero iluntzeko bederatzietatik aurrera, Segura Irratiko estudioan bertan jokatuko dira kanporaketak, eta Segura Irratiaren sintonian, FMko 89.2an, jarraitu ahal izango dabez entzuleek. Kanporaketa bakotxean launa bertsolari arituko dira kantuan, eta lehenengo sailkatuak zuzenean lortuko dau finalerako txartela. Ganerako bertsolarien artean puntuazinorik altuena jasotako lehen biakaz osotuko da abenduan (oraindino zehaztu bako egun eta lekuan, leitekeena da inguruko jatetxeren batean izatea. Segura Irratiak zuzenean emongo leuke saioa) jokatuko dan finalerako seikotea.

Bertsolarien lana epaitzeko moduari dagokionean be badakarz barritasunak txapelketa honek. Epaileetako bik aurrez aurre epaituko dabe bertsolarien lana; baina hirugarrenak, aparteko gela batean eta ahotsak distorsionauta heltzen jakozala. Martin Aramendi ataundarra, Asier Oiarbide eta Migel Mari Imaz idiazabaldarra ibiliko dira zeregin horreetan. Gaiak jarri, orraztu eta aurkezteaz, barriz, Ekaitz eta Irati Goikoetxea arduratuko dira.