Euskerea berbagai  I. urtea // 8. zenbakia - 2002ko abuztuaren 15a - Hamaboskaria

Gizaldi akabuko kontakizunak II (1864-1920)

Txomin Agirre


Etorri naz, irakurle ipentzaua eta esan deutsudaz ondo edo txarto nire mugidalda ta pensamentuak; sinisten dot, asieran esan neban gisan, euskaldunik etzala itsutuko ziabezte oneek irakurten, baña, alan bere, zeñek kenduko deust biotzetik Euskal-erriagatik daukadan maitasuna?

Amaitzera nua ipuin bategaz. Bilboko Barrenkalian bizi ei zan atso batek maite eban mutil gazte eder bat. Ezaguturik mutillak atsuaren maitasuna, esan ei eutsan:

- Zergatik maitatzen nauzu, nik begiratu bere ezin badeutsut?
Eta atsuak:
- Badakit, badakit, eranzun ei eban; baña zeñek kenduko deust biotzetik nire maitasuna, zuk maitatu ez arren nik maitatzen bazaitut?
Atsuak ziñuana diñotzat nik bere Euskal-erriari.

Domingo Agirrekoak

Orain jira aidako bat egin biar dot Napoles aldera. Nire borondatia egin al baneike beste leku askotara juango nitzateke, baña eztago danetarako denporarik. Ostatuko lagunetatik ezin izan dot irabazi bat baño besterik biaje onetarako: beste lagun on bi batu jakuz gero. Laurok gagoz burnibidearen gelditokiko sala baten: españatarrik ezta geiago. Gabeko amaikak dira, otz egiten dau: or da emen, txoko guztietan gizon langilleak eta baita emakume batzuk bere lo dagoz neurdiñ zorro zarren gañian edo pardelen batzuk burkotzat arturik: biajari geienak traskillak, malmutzak eta motxalle itxurakuak deritzataz, neure loguriak argiak diran baño illunaguak dirala pentsau eragiten deust...

Billendeak artzen gagozala esan deutsat lagun bati: -Gu bakarrik izango gara españatarretatik. Eta -Ez, eranzun dau albuan gizon batek Kataluniako semeen mintzoera bigunian: -emen gara beste batzuk. Alan zan egiaz, etxadi osoagaz egoan eranzun eban gizona, danok poztu gara olako Iekuetan oi dan gisan eta sartu gara alkarregaz manurga batian. Berbeta aldi bat egin dogu diadarka bata bestia ondo aitu eziñik, trenaren zarateak estaltzen ebalako gure boza, baña nekatuak gagoz eta lotarako asmoetan asi gara.

Begiak iregi ditut gerotxuago egoera on bat ezin billatuta. Manurga onetako argi motelak erakusten dau laurka polit bat: nor dago goruntz begira, aua zabalik, azkenengo zigarruaren mutur edo punta esku adorebagian daukala; nor buru ta beso ondo estaldurik, korkoitz baten irudian okertu txokorrian; nor, jarri lekuaren erdian, bere burua gora ta bera, aurrera ta atzera darabillela, norbaitegaz daukan izketan baietzka baietzka balego legez; nortzuk bata bestiaren gañian buruak okerkeran ipiñita zerbaiti bultzaka dagozala uste da... Baña lo egin daidan al badot, bada loaren bearra daukat.

Goizeko lenengo orduetatik entzun dot erdi lotan biolin soñua. Pentsau dot biajari goiztar umore onekoren bat dala. Geruago eta urrerago entzuten neban soñua baña ez dot jaramonik egin soñularia gure manurgan sartu dan artean. Esnatu gaitu oso guztiok, jo ditu eta kantau ditu napolitana tristetsu batzuk barre pixkat eragiñaz... eta barría kendu deusku azkenian txapela erantzita ipiñi deuskunian aurrian eskerako platertxu bat. Biolindunak urten dabenian sartu jaku ostera beste bat eta onenbeste egin dau. Emengo oitura izan bear dau manurgarik manurga soñua jo ta eskian ibiltia. Ezta txarto; nor bere etxetik Napoleseraño, edo nai dan lekura arte biajia egin eta bidian batu biajerako edo geitxuago soñua juaz: ezta txarto. Goizeko zortziretan eldu gara Napolesera. Geldilekuan billatu ditugu españatar bi gehiago gu ekarri gaituen treneko bazterren baten etorri diranak. Balladolidko ikasle gazte bi dira. Alkarregaz jolas pixkat egin da beriala erabagi dogu Napolesen oraiñ sartu baga jarraitutia Pompeiaraño eta andik igotea lenengo Besubiora sei adiskidiok.

Alan bada, minutu batzuk geruago urtetan daben tren baten sartu gara seirok, ta baguaz. Agertzen da ezkerretara entzute andiko baia, zabala, urdiña, ontziz betea; agertzen dira millaka etxeak atzetik daukezan mendiak bultzaka bultzaka itsas ertzeraño ekarri eta an batu balitu legez uztai erdi baten itxuran; agertzen da aurrean Besubio mendia erraietan gordeten daben ekintza edo fabrikaren bateko kee baltza tontorretik goruntz erakusten dabela. Urdiñ ederra dauka zeruak, argi indartsua eguzkiak, arpegi alaia trenian goiazan guztiok...

Baña itxi daigun Napoles geroko. Ia eldu gara Pompeiako deseigoetara... Bertan gagoz.

Pompeian jatsi garianian urten deuskue bidera mutiltxu batzuk paper banagaz bakoitzak ostatu baten barri emoten. Iru edo lau etxe barri ikusten dira biajarientzat egiñak, eta beste gauzarik ezta agiri. Sartu gara lenengo billatu dogunian eta zerbait jaten dogun bitartian agindu deutsagu jabiari gertu ein daizala iru zaldi Besubiora igo daigun iru lagunak, bada beste irurak Pompeian gelditzen dira, mendian gora igoteko kemen baga. Gosalduta beingoan jarri gara zaldi gañian bi ikasliak, ni eta gidaria, eta beste mutill koskor bat atzetik saltaka dogula, zigor bategaz zaldiak erabilteko, urten dogu mendiruntz. Lenengo bidalde zabala beingoan igaro dogu, gero sartu gara bide estuaguetatik gorantz mendi barrenian dagozan erritxuetatik ziar. Ezin leiteke sinistu barren onetako lurraren narotasuna. Biziro ta indartsu jasoten dira arbola mueta asko alortez bete beteak; batez bere maastiak ikusgarriak dagoz, gizonen buruak baño mats mordo andiaguak dakustaz, ale bakoitza gaztañ ale bat añakoa daukee. Mats onegaz egiten ei da Lachrima Christi esaten deutsen edaria.

Atzera gelditzen dira or beian etxiak, arbolak, maastiak...; geruago ta urriagoak dira landara berdiak, lurrak auts baltzaren kolorea dauka, aldatsian gora geure zaldi zar azurtsuak ezin eruanik nekatu gara, beruak erre biar gaitu. Atseden bat egin dogu oraindik bidian billatu dogun etxetxu batian, edan dabe gidariak eta mutill koskorrak botella bat Besubioko ardao Alla Nostra salude, igon dogu zelanbait ondar baltzian gora Besubioko suak hartutako arri pilla itxura gaiztokoen artetik, eta eldu gara azkenian izerdi bitsetan Stazione esaten deutsen tokira. Emen jatsi gara zaldietatik, bada añ dago pika emendik gallurrera eze auntzak bere ezin leike igon. Oñez bada igongo dogu. Laguntza barik, makilla puntadun banagaz, soindoiña gerrian sorkituta, aupa mutillak! goora onezkero arnasa dagoan artian.., Or jarri, emen etziñ, arnasarik ezin artuta, izerdi tanto garbantzo alia añakoakaz, eguzkirik beruenaren azpian, lur goriaren gañian, txirrist eta laprast... gallurrian gagoz. Asko aurreratu gara zulo alder entzuten da barruko murmurrada bildurgarri bat, oñak ipinten ditugun tokian keiak urtetan dau, arpegira jatorkuz azufre usain gogor andi bategaz aidian dabiltzazan ondar baltz edo auts apurrak,.. Guazen aurrerago...

Puaa! Perill onetik iges egin dogu. Aize bolada batek keetan estaldu gaitu eta une batian, ia siñistu dot nik beintzat ito bearra. Guazen inpernu zulo onetatik urrutira. Dana da keia, dana da baltza, dana berotasuna, dana da itzala; gauza alai bat ezta agiri: bakarrik emoten deust barreguria lagunen arpegia ikusteak; afrikatarrak dirudie: olan egongo naz neu bere. Guazen beruntz.

Jatsi gara Stazionera aida batian, erdi bilinbolaka, oñetakuetan libra biña ondar ta arrikoskor ditugula, artu ditugu zaldiak eta Pompeian gagoz ia iruretan ziabezte oneek ipinten.

Gorputzak garbitu doguzanian juan gara Pompeiako deseigo edo errestoak ikustera. Sartzen da Porta-Marina deritzaion atetik... pausu batzuk aurrerago ikusten da ezkerretara musaga txiki bat erri onen gañian egoan auts edo lurra kentzean billatu diran gauzakaz: etxeetako tresnak, ontziak; ogi ikatz biurtuak, garia, alortak, gizon ta emakumeen gorputzak auts egiñik, baña euren itxura guztia ondo gordeten dabeela; emakumeen urrezko apainduriak, mallatu ta baltzituak batzuk, garbiak eta egin ziran moduan beste batzuk... Barruzko tristetasuna sartzen dabe gauza oneek. Kale onetan gora igon da billatzen dira besle kalien ariak, denpora atako burdi edo manurgak egin zituen utsuniak ondo ezagun dirala kaleetako arri latzian. Tellaturik eztauke etxeak, marmolezkoak dira asko, atarika arri koskorrakaz egindako ziamarrak daukez, barruan ikusten dira Jaungoiko guzurrezkoen talluak eta pintura zikin asko. Lenago ainbeste baralla egoan herri onetan isiltasuna bakarrik dago. Iñor ezta agiri uri guztian ingeles biajari bi baño besterik... Quomodo sedet sola civitas plena popula... A! Zelan dagoan bakar ta tristea lenago jente alaiz beteta egoan uri au. Emen dagoz Jaungoiko guzurrezkoen altarak, emen dagoz jostaketarako lekuak, emen dagoz kaliak isiltasun negargarriarekin, emen dagoz pekatu nazkagarrietako etxeak, baña jendeak, nun dira?... Gelditu ziran kanpoan etzinda gaztea eta zarra... ill zenduzan (Jauna) zure aserreko egunean: eritu zenduzan eta etzenduan euki errukirik. O Pompeia! Zure Igarlak ikusi zituen zuretzat gauza guzurrezko eta burbulloak eta ez eutsuezan agertu zure gaiztakeriak penitentziara biurtu zaitezan...

Jaungoikoaren zigorra ikusten da emen. Lenago Pentapolisko uriak ondatu ziran antzera (esan giñaike bildur baga) amaitu zan Pompeia bere dongatasunagaitik. Dudarik eztaukat ikusi dodana ikusi ezkero.

Illunabarra da. Eguzkiaren azkenengo errañu erdi illak biraltzen dabe lurrera bere amaierako argi apur misteriozkoa... Uri errukarri unen gordelariak gogoratzen deuskue atiak itxiteko sasoia dala eta arimia eziñ esandako damorriz beteta dogula, baguaz Napolesera eruango gaituan trenera. Zerk dakarkigu gure arpegietan agiri dan tristetasun au?

Illunabarrak... toki onek... gure arima nekatuak? Lo gozo baten bidez indarturik jagi naz Napolesen. Jaungoikoak laguntzen deusku. Gaur da San Jenaroren odol legorra urtuten dan egunetatik bat. Oetik jagi ta laster juan gara katedralera mirari au ikusteko asmoan, eta ikusi dogu, bai, geure begiakaz ikusi dogu miraria! Eleizan sartu garanian entzun ditugu diadar, txilio edo garraxi batzuk, erdi erregu, erdi negarrak; juan gara zarata bakanti au entzuten zan tokira, epistola aldeko kapilla batera, eta ara zer eguan: altara nausian Obispo jaun bat eskuetan kristalezko ontzitxu bategaz eta abade batzuk albuetan; kapilla erriko jentez bete betia esan dodan erregu muetan (gero esan deuskue miraria egiteko erregutzen ebeela). Igarri deuskuenian arrotzak garana eruan gaitue maitero gordelari batzuk altariaren eskillera malletaraño, an jarri gara belauniko beste kanpotar batzuekaz batian... eta laster, geuk ikusi dogu odol legorra zelan busti dan! Orduan asi da jentia negarrez eta kantetan Te Deum laudamus, eta Obispoak, aurreraturik gugana, jirabiratu dau ontzitxua, odol urtua obeto ikusi daigun argi egin dau abade batek, mun egin eutsagu santuaren odolari errespetorik andienagaz eta atzeratu gara beste jentiak ikusi eta mun egin eien.

Bedeinkatua izan dedilla gure Jaungoikoa, bada ikusi eragin deust mirari bat, bere Eleiza Santaren jaungoikotasunezko señale santu bat.

Mirari au ikusi ezkero begiratu bat egin deutsagu katedralari. Eleiz oso ederra da, aberastasun andiak daukaz, geienak San Jenaroren kapillan bertan: Dominikino eta Riberaren pinturak, zidarrezko altarak... eta beste gauza geigo. Katedral onen aurralde guztia, kanpoko aldetik, barriztetan dagoz, eta aldamioaren erdian ol andi baten dago eskribiduta: Ill restauro de la facciata del Duomo e opera de la carita citadina. Ezagun da emen bere erriak lagunduko ezpaleu zer izango litzatekian eleizakaz.

Astirik eztogu izango Birjilioren illoi lekua ikusteko eta baldin ezta Españiako errege ziranen jauregia, baña nai neuke ikustau Borbontarren Musaga, gaur Museo Nazionale deritzaiona. Ara guaz...

Napolesen nai litzateke bizi iru bat astean eta egunero ikusi musaga au zerbait jakiteko ekidankiro zer daguen etxe andi onen barruan. Pintura antxinakoak, tallu maisuenak; Pompeiako auts tartetik ekarritako etxe-ontzi, tresna, gorputz, azur, ule, paper erretako ondo konponduak; emakumeen belarri, beso ta paparreko joiak, nik dakit zer ez? Burua bero ta naastua atera dot eta baita nire lagunak bere diñuenez. Iru bat astean ikusi ezkero diñodan gisan... Jaunak, ez ete naz etorriko astiruago Italiara?

Musagatik urtenda, kale batian billatzen dogu jente pilla andi bat zerbait inguratuten dabela. Zer ete dago?.. Urreratu naz, begiratu dot, eta, zer uste dozue erdian egola? Bombo zar bat, kornetin mallatu bat eta bontzezko plater batzuk joten iru gizon. Zer soñua, Italiarako, Napoleserako! Eta alan bere jentia begira! Egia izango da orratik erria erri dala mundu guztian.

Beste kale bat ikusi dot alderdi bateko etxeetatik bestekoetara milla paper ori gorri ondo birtebakikoz apaindua luzera guztian. Kale atako jaia zan eta birtaratu dot alde batetik bestera gauza barriren bat billatu naian, baña ez dot gauza esangarririk arkitu: kaliaren luzeerako ertz bietan gauza saltzalleak, batez bere lorak eta alort edo frutak madari ta matsetatik asi ta gaztan errietaraño; beste kalietako gaztetegi alaia ugaritsuago, berri jentia, begi azkar baltz ederretakoa, zerbait gere Andaluziakoen irudikoa. Eztago soñurik eta dantzarik. Zer mingarria emengo dantza mueta bat ikusi eziña!

Eragin deutsagu manurgariari kale onenetatik kai aldera jira bat. O gauza ederra! Ikusi dodanik zerurik urdiñenaren azpian itxaso andi, geldi ta leuna ixill ta umilla dago begiak iritxi leikean aurrealde guztian; kaian zirkiñik bage dakustaz eun ontzi Jaungoikoak badaki nundik norakuak; leorrian millaka burdiak eta askozaz geiago gizonak ontzien bete-utsituan zereginduta; katien arradak, burdien trinki-trankak, gizonen oiuak, latigoen blastadak; an, or ta emen milla ots zarata, baralla ta diadar gortugarriak. Laurka dontsu au ikustera poz pozik batu balira legez, zenbat etxe, jauregi nagusi ta aberats itxurakoetatik asi ta pobreenetara itxas aurre onetan inguratuak. Eta, an dago keinatzailea, Besubioko mendi tontorrean emengo gauza guztiai begira keezko arbola illun madarikatua...

Baña, zeñ gogoratzen da emen Besubioaren keinakaz? Zeru eder onen azpian, burdi manduak eurak lorez apainduta dagozan toki onetan arnasa artzean bertan sartzen bada alaitasuna: zolitasun, ibillazkar ta txoro, diadar artean nai ta nai ez ukerituko balitzateke edozeiñ? Ara neu bere odolberritua nagola deitzat, mugidalda azkarraguetakua...Atzotik gaurko egunera, zer bitartea!

Baña biotzak dio
Zuaz Euskal-errira.

Gomutagarria da Erroma, goitandiak bere eleizak, ikusgarriak bere musagak; alaia da Napoles, biziak bere jentiak eta urdiña ta zabala bere baia; ikusgarria da Besubioa, gogoangarriak Pompeiako kale bakarrak; ederrak dira Italiako lur, soro, masti ta zelai guztiak, mendiyak, arkaitzak eta zerua; baña biotzaren erdian utsune andi bat daukat, desio ta esperantza bat biztuten jat: Italia ezta Euskal-erria eta Italiak bere ondasun, ikusgarri eder eta lurreko jantzi aberats zoragarri onakaz ezin leike bete euskaldun baten biotza. An, urrutian, Españako ipar aldean dago gure erria, mendi berdeen artean etxe zuriak gordeten dituana. Erri artako jenteak, euskaldunak ikusteko eta eurai emen ikusi ditudan gauzak esateko gogoa daukat; erri arek beteko dau nire biotza, bada, aiñ ditut maite lur artan gelditu ziran

soro, zelai,
baso, txara
ibai ta errekatxoak!