Brasil iparralderantz
Etxean gu hirurok eta beharginak baino ez gara egon, eta churrasco bat jan dogu: okela errea eta ensaladak. Ondo pasau dogu alkarregaz, berba egiten eta, batez be, barre egiten.
Herria nasai-nasai dago. Udatiar gehienak joanda dagoz, honezkero. Tabernak nahiko hutsik dagoz eta gauaz jente gitxi dabil. Badago alderdi bat modako tabernez beterik dagoana: taberna txikitxuak dira, eta prezioak, karuak.
Argentinako mutil batek esan deust hareatzatik Trancoso herrira joan gaitekezala. Eta horixe egin dogu hurrengo egunean. Armozau ostean, hondartzara bajau eta han joan gara. Alderdi batean itsasoa urdina eta olatu zuriak daukaguz, zeruan ia hodeirik ez, urdi-urdina, hanken azpian harea eta ura; beste alderdian, hareatzea, egurrezko tabernatxuak, arbolak eta landareak. Ederra da ingurua, edonora begiratzen dozula be. Ederra benetan. Ordubete inguru oinez egin dogunean, jente piloa ikusi dogu hareatzan, taberna biren aurrean: etxunduta, uretan, berbetan... Turistak dira. Eurengana ailegau garanean, eskumuturrekoak ikusi deutseguz. Hotel batean dagozan turistak dira.
Aurrera jarraitu dogu eta erreka sakon bat pasau behar izan dogu. Erropak eta boltsea buruan jarrita pasau gara. Olatuak handiagoak dira alderdi honetan eta surfa egiten dabilz. Uretatik urten eta koko bat eskatu dogu edateko. Kokoari zulo bat egin eta plastikozko pajita bat sartzen deutsie, handik ura edateko. Edaten dozun lehen kokoari lar gogorra eristen deutsazu. Bigarrenetik aurrera gozetan hasten zara.
Etxunduta egon eta gero, bueltatxu bat emoten joan naz eta ederra izan da ikusi dodana: herritik datorren erreka nasaia, hareatzan barrena, itsasoko eta errekako urak batzen diran lekuan bertan, hareatzan, egurrezko txabolatxu bat. Ondoan Rastafari deitzen dan barkua, egurrezkoa hau be. Atzeko aldean arbolak, palmondoak, eta landara piloa. Hareatzan familiak batera eta bestera, umeak uretan olgetan. Paradisua emoten dau, batez be, aurpegi eta begietan erakusten daben zoriontasunagaitik. Hori be kutsagarria da, eta daborduko kutsatuta nago, goitik behera.
Gauzak hartu eta herrira joan gara, aldatzean gora. Trancoso ederra da: koloretan pintautako egurrezko etxeak, etxe aurrean jentea trankil berba egiten, umeak olgetan, bizikletan. Nasai-nasai. Autobusa hartu, etxean dutxau, lagunak agurtu eta Salvadorrera doan autobusean sartu naz. Hamazazpi orduz, lotan goxo-goxo.
Iratxe Ormatza
Peneagaz nago Rio de Janeirotik joan behar nazalako. Riok atrapau egiten zaitu, eta ez zaitu joaten ixten, gozotan hartzen zaitu eta gatxa da alde egiteko erabagia hartzea. Rion, hondartzek, jenteak eta giroak sorgindu egiten zaitue.
Brasileko azken geltokia Salvador de Bahia izango da. Han hartuko dot hegazkina etxera joateko. Hara heldu baino lehenago, bidean geratuko naz, izan be, kostaldeko hareatzak sano ezagunak dira: eder-ederrak ei dira. Autobusa hartu dot, zehatz-mehatz nora joango nazan erabagi barik. Autobusetik bajau nazanean, Ipar Euskal Herriko mutil bi ezagutu dodaz. Atzerritar bakarrak izan gara eta laster hasi gara berbetan. Lehenengo ingelesez, eta gero, nongoak ginan jakinda, euskeraz, baina bategaz bakarrik, besteak ez dau euskeraz berbarik egiten jakin eta. Hiru aste pasetan etorri dirala esan deustie, oporretan. Alkarregaz autobusa hartu eta Arrial de dĀ“Ajudarantz jo dogu.
Herrian, errentan hartu dogun lekua zoragarria da: ugerlekua, bakotxak bere logelea, palmondoak, lora ederrak daukiezan landarak... Herria be ederra da. Lehen hippyen herria izan zan, eta oraindino usain berezia dauka. Etxeak kolore askotakoak dira, txikiak, gehienez pisu bikoak. Bideak harrizkoak dira, eta arbolek bidea tapetan dabe.
Hurrengo egunean hareatzara joan gara: itsasoa, harea, palmondoak, arbolak, bedar berdea, jente gitxi, kainaberez eta egurrez egindako tabernak, aulkiak, mahaiakā¦ Hareatzan nire portugesa hobetzen saiatzen naz. Doinu polita dauka, eta ez da lar gatxa. Izan be, emoten dau hizkuntzea ikastea gura izatea berez datorrela, leku zoragarrian eta jente zabalagaz egonda.