Kantidadea eta kalidadea
Zenbat eta gehiago ikasi (ikastolan, liburuak edo aldizkariak irakurriz, musikea entzunez edo telebista ikusiz, etab.) eta zenbat eta gehiago erabili (gelaz kanpoko jardueretan, familian, ikaskideakaz, lagunakaz, zerbitzuetan, etab.), hainbat eta euskera hobea egingo da. Kantidaderik barik ez dago hizkuntz kalidaderik. Berbaldunak eta erabilerea behar dira kalidadean aurrera egiteko. Halan da ze, gazteak euskerearen ezagupen maila sakona eta zabala behar dau hizkuntzea modu on, artez eta egokian erabili ahal izateko: euskera batua jakin behar dau; bere herrian egiten dena; errepertorioak ezagutu behar dauz, eta abar. Baina, hori guztia behar-beharrezkoa izanda be, ez da nahikoa, izan be, hizkuntzea erabili ahal izateko hiztunak baldintza sozialak behar dauz, eta, ganera, bere erabilpenaren aldeko motibazino pertsonala eta kolektiboa.
Hezkuntzearen eremuari jagokonez, euskerearena bezalako egoera batean, hizkuntzearen normalizazino prozesuan sakondu gura badogu eta gure helburua ikasleek hizkuntzearen ezagupen maila egoki bat jaso eta erabili daien lortzea bada, irakaskuntzearen helbururik behinenak komuniketan irakastea izan behar dau, eta ez, sarriegi jazo dan eta jazoten dan legez, paradigma gramatikalak erakustera mugatzea. Baina, hizkuntzearen kalidadea hobetze honetan be, hezkuntzearen eragina handia izanda be, berak bakarrik ezin dau lortu ikasleek kalidadezko hizkuntzea ikasi, bereganatu eta erabiltea. Horretarako, eragile eta esparru desbardinetan era iraunkor eta egituratuan eragitea behar-beharrezkoa da.
Erramun Osa
Euskerearen kalidadearen inguruko ardurea ez da gaurko gaia, aspaldiko kontua da euskerearen kalidadearen galerea euskal idazle eta euskaltzaleen artean. Eta, ganera, ez da gurea bakarrik. Hizkuntza minorizatu guztietan dago bizirik ardura hau, baita ingelesaren presinoak eraginda, frantsesaren eta gaztelania lako hizkuntzen jagoleen eta idazle askoren artean be. Izan be, hizkuntzearen kalidadearen galerea ez da azken urteotako kontua, euskerearen atzerakada prozesuaren ondorioz gertatzen dan jazoerea baino. Hiztun alkarteek berbaldunak, esparruak eta funtzinoak galdu zein belaunez belauneko jarraipenean hutsuneak agertu ahala, hizkuntz kalidadearen galerea ebitau ezin leitekeen kontua da.
Izan be, prozesu hori ebitetako eta hizkuntzearen komunikazino ahalmenean zein erabilgarritasunean irabazteko, lehenengo eta behin, euskal hizkuntz komunidadearen iraupena eta hazkunde demografiko, geografiko eta funtzionalak bermatu behar dira, hizkuntz normalizazinoa sendotuz eta hizkuntz komunidadeari trinkotzeko eta bere garapen linguistikoa bideratzeko behar dauazan baldintzak, funtzinoak eta esparruak bermatuz. Osterantzean, euskereak hizkuntz normalkuntzako prozesu sendo bat ezagutzen ez dauan ginoan, ezinezkoa izango da kalidade osoa bermatzea.
Testuinguru horretan sakonduz, kalidade kontzeptua era dinamiko batean ulertu behar dogu, norberak dauan eta behar dauan euskera mailatik abiatuta, bere beharrizan eta betebehar komunikatiboak beteten dauzan hizkuntza ahalik eta jatorrena, ahalik eta aberatsena, eta behar danean, ahalik eta zuzenena erabiltea litzateke kalidadezko euskerea. Eta honek goi-mailako literatureagaz bezela, futbol partiduetako hizkera, ernegu, irain, ligetako moduakaz eta txisteak kontetako baliabide linguistikoakaz dau zerikusia. Baina, hori ahalbidetzeko, ezagupen mailea eta erabilerearen dentsidadea, hau da, norbanakoen artean eta taldean zenbatek eta zenbat dakien eta zenbat darabilen, oso kontuan hartzekoak dira.