Barriketan  III. urtea // 81. zenbakia

Jabier Otxoa: 'ez nabela ahaztu sentidu dot'

Profesionaletan Kelme etxean eta Frantziako Tourreko Lourdes-Hautacam etapea irabazita ezagutu genduan txirrindulari bizkaitarra, Jabier Otxoa goi mailan dabil barriro, 2001eko trafiko ezbeharrean Ricardo anaia galdu eta ondorio fisikoak sufridu ostean. Atenaseko Parolinpiadatan domina bi irabazi ditu: zilarrezkoa pistako persekuzino saioan eta urrezkoa, barriz, erlojupeko iraupen proba konbinatuan. Horrezaz gan, munduko errekorra ezarri dau hiru kilometroko proban, Daniel Nicholson AEBko txirrindulariaren markea 16 segundutan hobetuz.

Atenasen 13 izan dira euskal ordezkariak (Marta Arce, Javier Conde, Sara Carracelas, Ivan Fernandez, IƱigo Garcia, Sandra Gomez, Arkaitz Garcia, Amador Granado, Carlos Molina, Yolanda Martin, Richard Oribe, Jabier Otxoa eta Santi Pesquera) eta, guztira, 12 domina eta sei diploma parolinpiko irabazi dabez. Zorionak bihotzez.

Jabier Otxoagaz, Berangon eskaini eutsien omenaldian izan ginan eta hona hemen berak kontau euskuzanak:

1. Atenaseko Parolinpiar Jokoetan zilarrezko eta urrezko dominak irabazi dozuz. Urrezko dominea lepotik jarri eutsuenean, zer izan zan burutik pasau jatzun lehenengo gauzea?

Sekulakoa izan zan. Holako zita batera zoazenean, beti daukazu dominea irabazteko itxaropena baina gauza bat da amesa eta beste bat, ostera, dominea benetan irabaztea. Dominea lepotik iminten deutsuenean, azaldu ezineko sentsazinoa bizi dozu, sekulako poza eta lasaitasuna buztarturik baina hor momentuan ez dozu besterik pentsetan, burua zuri daukazu, izarretan zagoz; geroago bai, jakina, familia, lagunak, entrenetan sufridutakoa eta gauza asko jatortzuz burura.

Zilarrezkoa irabazi nebanean, pozik nengoan baina gehiago gura neban eta urrezkoa irabaztea zan orduan ilusinoa. Niri gehien gustetan jatan erlojupeko iraupeneko saioan barruan neukan dana emon neban eta irabazlea neu nintzala esan eustienean sekulako bakea sentidu neban, lasaitasuna. Txapeldun olinpikoa nazala ez da bromea.

2. Sekulakoa da egin dozuna. Lortutakoaz jaubetu zara?

Bai. Esan deutsudan legez, hasieran ez daukazu astirik ezta gogorik be lortutakoaz gogoetea egiteko edo buruari buelta larregi emoteko baina denporatxua pasau da eta orain badakit, kirolaren historian nire izena hor geratuko dala idatzita. Ganera, bertan Atenasen gurasoak eta hurrekoak baino ez ziran egon nigaz eta zaparradea gehiago igarri dot etxean, komunikabide danak deika euki dodaz, eskuko telefonoa sutan...; oro har, bai, badakit zer lortu dodan, domina bat irabaztea oso gatxa da, izan be, gitxi batzuentzako saria baino ez dago eta, ganera, nik bat barik bi irabazi dodaz, zilarrezkoa eta urrezkoa, atara kontuak.

3. Kelme taldeagaz Frantziako Tourreko Lourdes-Hautacam gainean etapea irabaztea zure lorpenik handiena izan zan profesionaletan baina parolinpikoetan be palmares polita daukazu eta hasi baino ez zara egin arlo honetan. Gaur egun, zelakoak dira zure entrenamentu saioak?

Bueno, 2001eko trafiko ezbeharraren ostean, dakizunez ondorio fisikoak daukadaz eta profesionaletan egiten genduzan entrenamentuak ezin dodaz egin. Lehen jarduera osoko kontua zan txirrindularitzea niretzako, egunero entrenetan genduan eta gaur egun, barriz, astean hiru-lau egunetan ibilten naz ze pentsaizu, errekuperau be ez naz errekuperetan lehengo moduan, gehiago kantsetan naz eta, jakina, ondorio fisikoek be mugatu egiten nabe.

4. Elite mailan zagoz baina baliabide ekonomiko eta laguntzinoakaz nahikoa urri zabiz. Kontraesana emoten dau baina horixe da egoerea...

Bai. Duda barik, maila honetan, kontuan hartuta, elbarrien arteko goi mailea dala Olinpiadea, erakundeek eta Espainiako Federazinoak baliabide gehiago imini beharko leukiezala pentsetan dot; baliabide fisiko, ekonomiko eta materialak eta ardura apur bat gehiago. Esan behar deutsut, gagozan mailan egonda, mekanikorik be ez geunkala, bizikletak geuk montau behar genduzan, denporak hartzeko be ez geunkan inor eta beste batzuen ereferentziakaz ibilten ginan. Guzurra emoten dau baina horixe da errealidadea.

5. Zeozelako beka edo laguntzino ekonomikorik jasoten dozu?

Bekak bai bai diru-laguntzinorik ez, ostera: tristea da baina holakoa da egoerea. Lehen esan deutsut mekaniko beharra be egin behar izan dodala horretaz larregi jakin barik ze gu kirolariak gara eta guk bizikleta gainean emoten dogu emon beharrekoa; eta azaldu beharrik be ez dago baina zeregin horretan galtzen dozun denporea oso inportantea da, besteak beste, lasterketak hasi aurreko momentuak konzentrazinorako momentuak izaten diralako eta beste gauza batzuetan nahastau ezkero, akabo.


6. Atenaseko Parolinpiadea amaituta, deskantsua hartzeko gogoagaz egongo zara baina aurrera begira zeintzuk izango dira zure erronkak?

Egia da deskantsetako gogoagaz nagoala ze kirol jardueraz gan, Parolinpiaden osteko joan-etorriak, omenaldiak, komunikabideen deiak eta oso kantsagarriak dira. Aurrera begira, lau urte barru Pekinen egingo diran Parolinpiadetara sasoian heltzea gustauko litxakit, badakit ez dala arraza izango baina horixe daukat buruan. Datorren urtean, barriz, Munduko Txapelketan parte hartu gura dot eta, ahal dala, hor be dominaren bat edo beste irabazi...; oraindino ez dago zehaztuta txapelketea non jokatuko dan, akaso Kanadan.

7. Zoratuta zabiz batera eta bestera omenaldi bat hemen beste bat han, komunikabideei erantzuten...

Bai. Malagatik Bilbaora, hemen Berangon, laster Valentziara joango naz, handik Malagara barriro..., arnasa hartzeko asti barik nabil eta apur bat nasaitzeko gogoagaz baina jentearen interesa eta berotasuna eskertzekoak dira eta nahitaezkoak aurrera egiteko eta, ahal dala, danak pozik eukitea gustetan jat; badakit komunikabideek be euren lana egin behar dabela eta, ganera, eskertzekoa da elbarrion lana, sufrimentua eta kirol-ibilbidea zaletuei helarazoteko egiten daben ahalegina, batzuk behintzat; egia esan, parolinpiden jarraipenagaz batera, gure barri urtean zehar zabaldu beharko leukiela uste dot.

8. Gaur egun eredu zara bizikletearen munduan lehen pausuak emoten dagozan gazteentzat. Eredu sentitzen zara?

Bueno, lar esatea da hori baina badakit elbarrien artean, errekuperazino zentroan altea emoten deutsenean, jente asko dagoala zer egin ez dakiela eta lurjota. Nik danak animauko neukez eta esango neuskie egun osoan gora begira egotea kaltegarria dala; kirola osasuna da eta kirol apur bat eginaz, hobeto sentiduko dira, bakotxa gustorago sentitzen dan kirol espezialidadean; ganera, oso gatxa dan arren, sakrifizio eta sufrimentu apur bategaz, goi mailara heldu daiteke.

9. Orain arte jaso dozuzan omenaldiak ondo gogoan eukiko dozuz baina beharbada Berangoko udalerriak eskai deutsuna berezia izango zan...

Bai. Omenaldi beroa eta hunkigarria izan da Berangon, Ricardo Otxoa anaiari dedikautako parkean eskaini deustiena. Emozionau egin naz, herritarren berotasuna eta maitasuna sentidu dodaz eta ez nabela ahaztu ikusi dot, hori ez da diruagaz pagetan. Pentsaizu, Berangon urteetan bizi izan naz, bertokoa sentitzen naz eta ez dot inoiz ahaztuko bizikleta gainean lehen pausuak herri honetan emon nebazala. Ederra izan da.

10. Mezu berezirik bialduko zeunskie zure jarraitzaile, kirolean hasibarri eta erakundeei?

Jarraitzaileei beti legez hor egoteko, ondo-ondoan, momentu ederretan eta ez hain ederretan; kirolean, txirrindularitzan zein beste modalidade batzuetan hasten diranei, barriz, ez daitezela inoiz desesperau eta errendidu, irabazi ez arren, apurka-apurka hobetzen joan daitezala eta erakundeei, azkenik, oro har kirola eta kirolariak babesten dabezan neurrian, kirolari elbarriak eta parolinpikoak ez dagiezala ahaztu eta maila berean lagundu dagiezala.

Koldo Isusi Zuazo