Musikea  III. urtea // 81. zenbakia

Kautaren lehenengo diskoa: ‘Izan zaitez zu’


Kautaren lehenengo diskoa ‘Izan zaitez zu’ izenagaz dator, Oihuka diskoetxearen eskutik. Musika-estiloari jagokonean, Metal Hiper Melodikoa dala dino Ritxi Aizpuru Oihukako arduradunak, ‘metalaren pisua eta gogortasuna poparen melodiagaz bat eginda datoz’, azpimarratuz.

Diskoan laguntzaile batzuk be euki dauz Kautak, tartean ‘Berri Txarrak’ taldeko Gorka Urbizu. ‘Izan zaitez zu’ laneko balada bakarrean Mirari Irurtzun, Arantzazu Mujika eta Itziar Lertxundiren ekarpenak be badagoz.

Gazteen kontzientziari bultzadea emoteko helburuagaz sistemeari berari be errepasoa emoten deutso Kautak, eta horretarako, metal melodiko popzalea erabilten dau. Aurrerantzean kontzertu ugari emongo dabez Gorka Mendizabalek, Xabier Mayak, Adrian Elustondok eta Mikel Morenok. Indarrez beteta datoz andoaindarrak, entzuleei erantzun bera eskatuz.

Bizkaie!

Lagun arteko musika-talde bat izaten hasi eta 2003ko Gaztea Saria irabaztera pasau dira (aurtengo martian emon deutse saria) Andoaingo Kauta taldeko mutilak. Orain hiru urte osotu eben taldea, ezelako helbururik zehaztu barik. Ikastola garaitik ezagutzen eben alkar eta gustetan jaken musikea egiteko batzen hasi ziran. Ordutik aurrera aldaketa asko bizi izan dabez Kauta taldekoek, eta tartean irabazi dabezan sariak kontuan hartuta, euskal musikearen munduan bidea egiten dabilzala esaten dabe askok, eta euren musikeak daukazan zaleak ikusteagaz hori egia dala esan leiteke. Musika-estiloa eurek zehaztu dabe, aurretik beste musika-talde batzutan ibili bakoak diralako. Behin ardatzak zeintzuk diran jakinda, aurreranzko bidea daroa Kautak.

Lehenengo agerraldia Andoaingo gaztetxean egin eben, baina oraindino, maketea bera be grabau barik eukien. ‘Zaharrak berri’ kantea grabau eben lehenengo, hurrengo urtean hain zuzen be. Egindako lana ona zala ikusita, Euskadi Gazteak antolatutako maketa-lehiaketan entzuleen saria jaso eben, eta taldearen izen ona atoan zabaldu zan, eta Gaztea Sarietan ‘Musikan Berria’ atalean Kauta izan zan irabazlea. Euren espazio propioa sortu dabe andoaindarrek, eta daborduko, taldea Euskal Herriko erreferentziatzat joten dabe askok.