Oihana Bartrarentzat Arrigorriagako txartela
Ofizioetan burua erakusten
Zortziko nagusiko lanean ikusi genduan Oihana eta Iker ari zirala bertsotan txukunago. Ikerrek Matxalenegaz kantau eban, aspaldian pagea dala-eta muturtuta dabilen semeagana berba egitera hurreratu dan aitaren papelean. Lehenengo bertsoa holan amaitu eban: “baina guztia erretan dozu / nirea ete da kulpa / beti zabiltza jolastokiko / makinitetan sartuta”. Eta bigarrena: “zure sasoian lan egin neban / soldata txikian truke / zure egoeran egotearren / pozik beharko zenduke”. Oihanari 40 urteko andrea izatea suertau jakon, maite ebala autortu barri deutson semearen lagunaren aurrean (Josu Landeta). “Agian maite al nozu, baina / zure amaren moduan” esan eutson lehenengo, “fijatzen hasi beharko dozu / zure gelako nesketan” bigarrenean eta “...ulertukozu denboraz / eta nigana bueltau zaitekez / hogei urte gehiagogaz”.
Juanjo Respaldizak ez eban asmau ofiziotan. Nagusikoan gaiari etekinik atara ezinik ibili zan Olibaresegaz eta txikikoan Ikerren traktoreari altoa emon deutson udaltzaina zala bertso batek iges egin eutson. Iker polito hemen, bere traktorak kotxe ilarea sortu eta Juanjok alto emondakoan “gehiago haziko da geratzen banauzu” bota eutsonean lehenengo, eta hurrengoan “piztu sirena eta zabaldu bidea”. Jabi Olibaresek be dezente egin eban lan saio honetan. Lokartu ostean beharrera berandu doan langilea zan Josu eta Jabi eskilarea garbitu barri dauan behargina, itxaroteko eta ez zapaltzeko eskatzen. Lehenengo bertsoa bikaina izan zan, Josuren prisazko etxurea ederto deskribidu ostean zera botata: “emon eizu buelta / orain arte be lasai egon zara eta”.
Kartzelan Juanjo ondoen
Bakarkako lana puntuei erantzunagaz hasi zan. Ariketa honetan asmetako baino ez galtzeko izaten dira lanak, eta puntu biak “salbau” ebezanak Oihana eta Juanjo izan ziran, baita bertso bana luziduta be. Kartzelako gaia hau izan eben sei bertsolariek: Sestaoko merkataria zara. Navaleko langileek grebara deitu dabe eta eurekaz bat egiteko zeuri be dendea zarratzea proposatu deutsue. Nahiko azaletik hartu eben guztiek eta inor gitxik asmau eban dendariaren papelari etekina ataraten. Oihanak holan arrazoitu eban grebea egitea azken bertsoan: “gure laguntza emon behar jake / behar daben momentuan / agian bihar gu egon geinke / eurak dagozan lekuan”. Olibaresek arriskatu egin eban eta grebea ez egiteko bidea hartu, baina bigarren bertsoan egindako potoak kalte handia egin eutson, saioan bigarren egitea eskura eukalako. Juanjok bete eban kartzelako lan txukunena. Dendariaren arrazoia ederto borobilduz amaitu eban lehenengo bertsoa: “Egun horretan gure dendeak ez dau zabaltzen aterik / nork erosia amaitzen bada / ez da egongo saltzerik”. Azken bertsoari be erremate polita emon eutson: “Konpondu bedi arazo latz hau / konpondu bedi betiko / eta horrela Sestao hiltzen / ez dogu inoz itxiko”. Aurrera egiteko aukera gitxi dauka Juanjok eta azken agurrean autortu eban 20 urteko ibilbideari amaierea emoteko pentsetan hasita dagoala.
Hurrengo saioa Gernikan
Horrenbestez, Oihanak finalaurrekoetan kantetako txartela eskuetan dauka eta ganerakoak falta diran kanporaketatako puntuazinoak itxaroten geratuko dira. Lehenengo saio biak ikusita, 360 punturen bueltan egon leiteke aurrera egiteko mugea. Kanporaketatako hurrengo saioa, hirugarrena, Gernikan jokatuko da datorren domekan, urriak 24. Lizeo Antzokian izango da, 17:30etan, eta sei bertsolari honeek izango dira bertan kantuan: Xabier Paia, Gorka Ostolaza, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo “Abarkas”, Joanes Igeregi eta Amaia Jauregizar.
Iñaki Aurrekoetxea
Arrigorriagan jokatutako kanporaketea irabazi ostean, Oihana Bartra bilbaotarrak Bizkaiko Txapelketan aurrera egiteko txartela lortu eban domekan. Saioa ez zan apartekoa izan, baina erakutsitako orekeak eta batazbesteko mailak horrenbestean asetu ebezan Lonbo Aretoa bete eben 250 ikus-entzuleak. Oihanagaz batera Iker Belaustegi, Matxalen Zabaljauregi, Josu Landeta, Jabier Olibares eta Juanjo Respaldiza aritu ziran kantuan, danak be Leire Aurrekoetxea aurkezlearen esanetara.
Saioan zehar gailurrik jo ez bazan be, bertsolari guztiek izan eben momentu txukunen bat eta holakoetan garrantzitsua dana, inor ez zan urduritasunean ito. Entzuleak eskertu egiten dau bertsolariak sufriduten ez ikustea. Batazbesteko mailea eta orekea adierazoteko datu pare bat: bigarrenetik bosgarrenera zortzi puntuko aldea baino ez zan egon azkenean, eta seigarrenak be Munitibarko saioko laugarren puntuazinoa errez gainditu eban. Honeek izan ziran epaileek emondako azken puntuazinoak:
Oihana Bartra: 389,5
Iker Berlaustegi: 360,5
Jabier Olibares: 358
Juanjo Respaldiza: 356,5
Matxalen Zabaljauregi: 352,5
Josu Landeta: 345,5