Zinea  III. urtea // 80. zenbakia

Laurel Canyon (Tentazinoen kalea)


Film honetako gauzarik aitagarriena, duda barik, Frances McDormand-en antzezpen lana da. Antzezle honek magnetismo berezia heldu eragiten deusku eta horri esker eutsi ahal jako halan-holango lan honi. Kasu honetan, aktorea rock-zale bohemiarren arauei jarraituz –sexua, drogea eta rock and rolla– bizi dan musika ekoizle baten narruan sartzen da. Ekoizle arrakastatsu eta heldu hau Harvard-eko unibersidadean lizentziaturiko mediku baten ama da; semeak psikiatrian jarduten dau bere existentzia eta amagaz daukazan hartu-emonak ulertu guran.

Gauzak horrela, protagonistearen semea, Sam, eta beraren neskalaguna, Alex, Los Angelesera joango dira lan kontuak dirala eta. Horretarako, amaren etxea aukeratu dabe behin-behineko bizileku modura, hutsik egongo dalakoan. Baina hara ailegauta, ezusteko bizilagunak eukiko dabez: Sam-en amagaz ez eze hak ordezkatzen dauan musika taldeagaz be banandu beharko dabe etxea.

Kontakizuna kontrapuntuen eta alkarrenganako erakarpenaren bidezidorretik abiatuko da: batetik, Alex eta Sam-en bizimodu ordenatu eta tradizionala daukagu, eta, bestetik, Janeren eta maitalearen bizimodu ardurabakoa, askea eta kaotikoa.

Abiapuntua, beraz, ez da txarra; edozelan be, filmaren erritmoa geldoa izateaz ganera, personaiak sano estereotipatuta dagoz eta gidoiak ez dau asko laguntzen, topiko larregi erabili eta personaien kontraesanak azal-azalekoak diralako, aldez aurretik erraz aurreikusteko modukoak. Guztiagaz be, antzezpenak nahiko onak dira eta argumentuak zelan edo halango interesari eusten deutso, filman azaldutako maitasun jokoak lagun.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Lisa Cholodenko.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 103 minutu.
- Antzezleak: Frances McDormand (Jane), Christian Bale (Sam), Kate Beckinsale (Alex), Natascha McElhone (Sara), Alessandro Nivola (Ian), Louis Knox Barlow (Fripp), Russell Pollard (Rowan), Imaad Wasif (Dean), Mickey Petralia (Mickey), Melissa de Sousa (Claudia), Alexandra Carter (Darla).
- Argazkia: Wally Pfister.
- Muntaia: Amy E. Duddleston.