La caja 507, Enrike Urbizuren thriller barria
'Delinkuentzia antolatuaren piramidea erakutsi gura izan dot'
Gaztea izan arren, esperientzia handiko zinemagilea da Urbizu jauna, Alex de la Iglesia eta Jorge Guerricaechevarriaren lagun handia, eta laster, abuztuaren 23an hain zuzen be, 'La Caja 507' film barria estreinauko dau. Daborduko Urbizuren zazpigarren film luzea da, 112 minutuko iraupena izango dauena. Zuzendari beharretan ez eze, gidoilari zereginetan be trebea da, eta lan barri honetako gidoia be berak idatzi dau. Prozesu guztia kontroletako asmoagaz, Enrike Urkizuren beraren ideia baten oinarrituta zuzenduriko lehenengo filma da oraingo hau.
Sogecine produkzino etxeko iturriek jakitera emon dabenez, filmaren aurrekontua 3.185.000.- eurokoa da, eta Malagan, Kadizen, Tangerren eta Madrilen filmau dabe.
La caja 507
Thriller garbia da, generoen nahasketarik bakoa, mafiak ezelako traba barik dabilzan inguruan, Andaluzian giroturikoa. Halan da be, ez da akzinozko filma, B serieko zine baltzean edota hirurogeiko eta hirurogei eta hamarreko hamarkadetako Frantziako zine poliziakoan oinarritutakoa baino; gauzak holan dirala, alderik eta garrantzitsuenak pertsonaien dilema etikoak dira. Enrike Urkizuk berak adierazo dauenez: 'Europako isurbide bilakatu dan lekuan, delinkuentzia antolatuaren piramidea erakutsi gura izan dot'. Filman adierazotakoak fikzinozko kontuak dira, baina kontetan diran gauza asko gidoia idazten emon dituan urteetan Andaluzian ikusi eta bizitakoak be badira; azken finean, benetako egoerea islatu gura izan dau zuzendariak.
Goitik behera kontrakoak eta desbardinak diran pertsonaia biren inguruan eregiten dan istorioa da: errealidade desitxuratu eta galduaren ispiluaren alde bakotxean dagozan gizon biren istorioa. Momentu baten, zenbait arrazoi dala bide, gizon biek euren hariak mobiduten dituen txotxongiloak izatea erabagiko dabe. Gizon horreen bien bizitzak gurutzatu egingo dira, aurrez aurre egongo dira, eta bete-betean sartuko dira lasterketa bildurgarrian, baina bakotxak bere helburuak dituala.
Film honetan, Espainiako zinemagintzan oso ezagunak diran aktoreek hartu dabe parte. Antonio Resines, Jose Coronado, Goya Toledo, Dafne Fernandez, Mirian Montilla eta Sancho Gracia dira Espainiako Mediterraneoan eta Afrikan girotuta dagoan filmeko aktoreak.
Gorago esan dogunez, film poliziakoa da, baina ohiko ezaugarriez ganera, aparteko ukutuez be jantzi dau zuzendariak; beraz, uda sasoian ikusteko aproposa izan daiteke, neguko burukominak, beharrak, nekea, estresa eta udara arteko zurrunbilo iluna ahaztu eta gure arreta osoa eskatuko dauen istorioan buru-belarri sartzeko.
Argumentua
Modesto (Antonio Resines) protagonista nagusia gizon zintzoa da, Eguzkiaren Kostaldeko banketxe baten behar egiten dauena. Lapurrak banketxean sartu, segurtasun kutxak lehertuarazo eta Modesto itxiko dabe barruan preso. Ordura arte ondo gordetako sekretua ezagutu eta haren bizitzea goitik behera aldatuko da. 507 kutxea be bertan dago, eta alabearen heriotzea ez zala istripua izan argituko deutso kutxearen edukiak.
Rafael (Jose Coronado) polizia izanikoa da, zehatz usteldutakoa eta ezelako eskrupulurik bakoa, eta kutxa horretatik ostutakoa berreskuratzea izango da haren beharra. Desagertutako agiriak beste batzuen esku dagozan bitartean, haren biziak ez dau ezer balioko, eta txakur amorratuen antzera, bilaketeari ekingo deutso. Rafael beteranoa da eta badaki ondo era horretako txapuzetan ez dana arau jakinik egoten eta bakotxak bere tranpak eta maltzurkeriak erabili behar izaten dituala ahalik eta onurarik handiena atarateko, baina, jakina, bakotxari berea emonaz edo gauzak legebidez eginaz. Zeregin horretan, Modestok abantaila bat izango dau: inork be ez daki berak dakiana, eta ganera, ez dau inork kontuan hartzen.
Filmeko gaiaren aukeraketea
Enrike Urbizuren esanetan, prentsan agertutako barrien pilaketa obsesiboan oinarrituta jaio da 'La Caja 507', diru baltzaren tramak, lur susmagarrien birkalifikazinoak, irabazteko asmoz, apropos edo gurata biztutako suak, nazinoarteko mafiak edota politikearen munduko ustelkeria batuz.
Hori guztia, Espainian eta, batez be, Espainiako hegoaldean jazoten danaren ezaugarri arrunt legez adierazo dau Enrike Urbizuk.
Enrike Urbizuren biografia laburra
- Orain 38 urte Bilbon jaioa.
- Zazpi film luze zuzendu ditu:
'Cuernos de mujer'
'Todo por la pasta'
'Como ser infeliz y disfrutarlo'
'El hermano pequeño'
'Cachito'
'La vida mancha'
'La Caja 507'
- Bestalde, zuzendari beharretan ez eze, gidoiak be idatzi izan ditu. 'La caja 507' filmeko gidoia Enrike Urbizu eta Michel Gaztambiderena da, eta 1999an Roman Polanski handiak zuzendutako 'Bederatzigarren Atea', 'Dumas kluba', Arturo Perez Revertek idatzitako nobelan oinarritutako filmeko gidoia Enrike Urbizuk idatzi eban.
- Irabazitako sarien artean, Cartagena de Indiaseko (Kolonbia) Nazinoarteko Zine Jaialdian, zuzendari onenaren saria, 'Todo por la pasta' filman egindako beharragaitik.
Koldo Isusi Zuazo