Hamilton Downs Jai Alai
Askok pentsauko dabe Euskal Herrian be behera egin dauala zestarako afizinoak. Bertoko pelotaleku mitikoena zarratuta egotea da horren seinale garbiena.
Atxapunte
Oraintsu hainbat urakanek herrialdea astindu ostean, pozik egoteko arrazoiak daukiez oraindino Jasper izeneko herri txikitxu bateko biztanleak. Florida iparraldean dago, eta bertan, Hamilton Downs Jai Alai eregiten hasi dira daborduko. Baina, zer da Hamilton Downs Jai Alai? Zesta-puntea gustuko dabenek ondo baino hobeto jakingo dabe, eta asko pentsau barik pelotalekua dala esango deuskue. Eta bai, pelotalekua da.
Orain aste batzuk imini eben lehenengo harria eta 2005eko garagarrilerako lanak amaituta egotea espero dabe. Holan ba, datorren urteko udan 850 ikuslerentzako tokia eukiko dauan Jai Alai barrira hurreratuko diran zestalariek euskaldun jatorriko amerikar askoren begiak eta bihotzak alaituko dabez. Zerbitzu eta aurrerapen guztiez gozetako aukerea egongo da bertan, eta zelan ez, garrantzitsuena kantxea bera da, 52 metrokoa hain zuzen be.
Carlos Pita kubatarraren zuzendaritzapean zabalduko dauz ateak pelotaleku barriak. Manager lanetan Orlandoko Shanti Etxaniz ibiliko da, bera izan baita egitasmoaren bultzatzaileetako bat, Flenn Richard enpresaburuagaz batera. Diru kontuak interesetan jakezanentzat Richmond Entertainment Inc. Richarden enpreseak 30 miloe dolar baino gehiago inbertidu dauzala esango dogu.
Orain, danetara, bost pelotaleku eukiko dabez AEBetan (Dania, Ocala, Miami, Orlando eta Fort Pierce). Azken urteak ez dira onak izan zesta-puntarako, baina orain urte batzuk hamalau pelotaleku egon ziran AEBetan, horreetatik hamar Floridan, eta danetan aipagarriena Miami Jai Alai izan zan.