DBHko hiru ikasleetarik bat erasoen jomugea EAEn
Adiskideen laguntzea
Azterlanak dakarrenez, persekuzino mueta honen biktimeak ikaskideei eta adiskideei eskatu ohi deutsie laguntzinoa. Oso gitxi dira guraso edo irakasleen babesa eskatzen dabenak. Aita-amek, ganera, ez dabe eskolako hartu-emonen barri eukiten. Ez dakie zein dan seme edo alabearen rola, euren portaerea ondo ezagutzen dabela adierazo arren. Irakasleei beste horrenbeste pasetan jake. Jokabide batzuk asmetako gauza izan daitekez, baina, argibide eske hurreratukeran gazteek erasook ezkutatu edo ukatzen badabez, ezin dabe gauza handirik egin.
Amaitzeko, José Antonio Oñaederrak adierazoten dau erasotzaileek pentsetan dabela probokazino bati erantzuten deutsiela. Askotan probokazino hori nahiko absurdoa izan daiteke, kasu baterako txarto begiratzea edo inbidia. Erasotzaileak beti justifiketan dau erasoa. Oñaederrak, aldi berean, aitatzen dau erasotzaileak kasu askotan persekuzino mueta baten biktimak izan dirala, kalean, etxean edo eskolan.
Joseba Terreros
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 30ek ikaskideen erasoren bat sufridu dau eta % 13,7 “bullying” izenaz ezaguna dan persekuzinoaren jomugea izaten da. Horixe da José Antonio Oñaederra Ramírez Psikologia eta Filosofia lizentziadunaren doktorego tesitik atara daiteken ondorioetariko bat. Honako lan hau EAEn gai honen inguruan egin dan lehenengo azterlan zientifikoa da.
Ikerlana egin ahal izateko, Oñaederrak DBHko 250 ikasle alkarrizketatu dauz, zentro publiko nahiz pribatuetakoak. Egileak jokabide hau aztertu dau gizarte eta kultur maila baju, ertain eta altuetan. Lan horretan modu honetara definidu dau “bullyinga”: ikasle baten edo batzuen aldiro-aldiroko erasoen edo ekintza negatiboen jomugea bihurtzen dan biktimea; ikaskideok gela berekoak izan daitekez edo beste edade edo gela batekoak.
Oñaederraren eretxiz, eraso mueta honeetan beti izaten da ikasle edo talde zapaltzaile batek persegidutako babes bako biktima bat. Beraren ustez, holako kasuetan botere desoreka handia egoten da eta biktimea persona makala eta ahula izaten da ikuspuntu fisiko edo psikologiko batetik ikusita eta erasotzaileak ha baino indartsuagoak.
Irainak
Azterlanak agirian iminten dau berbazko erasoak eta, horren barruan irainak, agresinorik ohikoena izan ohi dirala. Horren ostean, zeharkako eraso fisikoa dago, hau da, gauzak ostea, objektuak ostentzea edo, beste barik, apurtzea. Ganera, zuzeneko indarkeria daukagu, belarrondokoak edota era guztietako kolpeak. Ildo honi jarraituz, azterlanak azpimarratzen dau DBHko hiru ikasleetariko bati gitxienez behin eraso egin deutsiela eta zortzietariko batek eten bako erasoak jasan behar izaten dauzala. Kopuru honeek larriak izan arren, antzeko zenbatekoak topau daitekez Europako beste herrialde askotan.
Oñaederrak adierazoten dau eraso kopuruak behera egiten dauala edadeak gora egiten dauan heinean. DBHko lehen eta bigarren ikasturtean “bullying” kasu gehiago izaten dira. Hirugarren eta laugarrenean kopuruak behera egiten dau. Seguru antzean heldutasuna izan daiteke aldaketa horren faktoreetariko bat.
Egindako ikerlanaren arabera, gazteen jarrereak erasoen pertzepzinoa zehazten dau. Gauzak holan, erasoak ikusten dauzan lekukoa da erasorik gehien igarten dauana. Biktimeak, ostera, oso eraso gitxi ikusten dauz. “Harrigarria da, baina holan izaten da. Sarritan, mutiko bi ikusten doguz burrukan edo batek ostiko bat emoten deutso besteari. Holakoetan, kolpea hartu dauanak olgetan ebilzala esan ohi dau”.
Erasotzaileak normalean mutilak izaten dira, baina biktimen artean ez dago alde esanguratsurik, generoari jagokonez. Neska eta mutilak erasoen jomugea izatea dira antzeko kopuruetan. Era berean, baieztu daiteke erasotzaileak eta erasotuak normalean gela berekoak izan ohi dirala.