Euskerea berbagai  III. urtea // 80. zenbakia

Lizundia Jaunari, adeitasun osoz


Lizundia Jauna, barriro dinotsut, artikuluro zeure testuan ageri dan besteko mina eragiten dodala jakingo baneu, hauxe izango zan idatziko neukeen azkeneko artikulua. Euskereak batzen gaitu zu eta ni, eta pentsau daigun eztabaida hau berau positiboa izan dala biontzat. Ez dot euki zu aurrez aurre ezagutzeko plazerra, baina espero dot hori jazoten dan egunean laguntasun osoz emotea bostekoa. Neuk behintzat holan egingo dot. Euskal herritarrak holakoak gara, ezta?

Xabier Paia

Euskaltzain Jaun Agurgarria:

Hasteko, onar dagizula neure parkamenik eta sentiduena, neure eskerrik beroenakaz batera. Parkamena eskatzen deutsut, neure testuaren intentzinoa ez dalako izan inor mindutea, arazo emoten dauan euskerearen inguruan barre eragitea baino. Zeu, ostera, barre eragin gura horrek mindu zaitu gehiena. Bestalde, eskertzen deutsut erantzun izana, neure galdera eta balizko zalantza batzuk argitu dozuzalako. Edozein kasutan, ez egizu pentsau esandakorik ukatu behar dodanik edo damu nazenik idatziaz, zeure erantzunak oraindino arrazoi sendoagoa emon deustalako.

Ahaztu barik, barkamena eskatzen deutsat Euskaltzaindiari be, 137. araua beharrean 139.a dalako neuri horren baliagarri egin jatana. 137. arauak be badaukaz mamina eta hazurra (euskalkien erabilereaz), baina aspalditik jakin dot nik zein dan Euskaltzaindiaren eretxia euskalkien ganean, Bizkaie! aldizkaria Erret Akademiako web gunearen esteketan agertzen ez danetik.

Neure tonua ei da gustau ez jatzun hori, neuk hamabostero euskerea berbagai atal honetan entonetan dodana. Neurea kritika satirikoa dala emoten dau. Zer gura dozu esatea ba! Argi egoan Euskaltzaindiak beste inoren aginduz egin dauala azken araua, osterantzean ez dalako normala aurreko arau gehienak Hiztegi Batuari buruzkoak izatea. Pikanteena Aita Santuen izenena izan leiteke. Era berean, aginduaren jatorria argi egoan be. Eskerrik asko konfirmazinoagaitik. Kontua da euskal herritarren gehiengoak, euskaldun zahar zein barri (banaketa hitleriar diskriminatzaile horri buruz pentsetan dodana argi itxi neban Bizkaieko atal honen 46. alean), aspalditik jakin dogula zelan idatzi gure herriaren izena, ezelako araurik ikasi barik. Eta zergaitik hori? Euskaltzaindiak euskaldunon berbakerea arautu behar daualako, baina Lazarragaren hizkuntzea egunero erabili gura dauanak ezin daualako Euskal Akademiaren erabagien zain egon, bardin proposamen, erispide, arau edo lege. Ez dago zertan kontau zein dan Euskaltzaindiaren tramitazino prozesua, ogirik bako aste bete baino luzeagoa dala badakigu zalantzak argitzeko asmoz www.euskaltzaindia.net gunera behin baino gehiagotan joten dogunok.

Adierazpena Hezkuntza Sailak eskatuta egin zala dinostazu, Madrilgo gobernuak Eusko Jaurlaritzeari eragiten eutson presinoa handia zala eta. Hortxe esan deustazu zein zan bere eraginkortasuna. Argi dagidan eraginkortasun desbardinez gabizala biak: zeurea eragin politikoa dala esan leiteke; neuk dinodan eraginkortasuna, barriz, euskal hiztunen arau horren aplikazinoaren ingurukoa da, Euskaltzaindiak lehenetsi beharko leukeena. Pentsau gura dot arau barri bakotxak euskaldunen berbakerea eguneratzen dauala, ordenadorakaz egiten dan legez. 139. arauak, Euskal Herria izena dalakoak, zer eguneratze ekarri deutso ba jenteari? Onar egidazu, Lizundia Jauna, inor ez dala harrituko arau honen erabagiakaz, ez bada erabagiagaz beragaz, neu legez. Euskaltegietako ikasle barriek, baita etorkizun urrunekoek be, 139. araua barik, ederto asko ikasiko eben zelan esan eta zelan idazten dan Euskal Herria. Nafarroa Behereko herrien izenak ondo ez jakitea posible da, baina bestea ez.

Hiru berbatan idaztea emotearen ganeko bromea ez bajatzu gustau, parkamena eskatzen deutsut atzera be. Broma soil bat baino ez da. Ostera, deklinabidearen edo artikuluaren erabilerearen ganean badaukat zer edo zer esateko. “Euskalerriako” ondo esanda dagoala dinostazu eta neuk ez deutsut esango txarto dagoanik. Euskera ona izan ahal da hori, baina ez zuzena. Euskaldun zaharrek euskera ona erabilten dabe, baina euskera ona ez da beti zuzena izaten. Pentsetan dot euskaltzain batek beste edonork baino argiago izango dauala banaketa hori. Edozelan be, euskaltzain ez diran irakurleek, atal honetako 44. alean topauko dabe euskera ona, zuzena eta egokiari buruzko azalpena, beti be neure tonuan. Holakoa naz eta, zer egingo jako.