Eretxia  III. urtea // 80. zenbakia

Sukaldariak eta zerga iraultzailea: kazetaritzearen oinarri profesionalak ahaztuta


Kontu zaharrak dira honeek, zoritxarrez, hortik dabilzan horrenbeste kazetari orojakintsu eta harroputzentzako. Gaur egun notizia emotea da inportantena, ale gehiago saltzeko, entzule edo ikusle gehiago eukiteko eta sariak irabazteko. Benetako kazetaritzearen eredu gitxi daukaguz gure inguruan eta euskal gatazka politikoa tartean dagoanean, are gitxiago.

Iñaki Atxutegi

Frantziako poliziak ETA erakundearen ustezko buruen kontra egindako operazinoaren ondorioz jakin genduan sukaldari euskaldun famatu batzuek “zerga iraultzailea” pagau ebela. Edo hori esaten eben hasikerako titularrek. Gero zehetasunak etorri dira kontu honen ganean.

Hasikerako datuak eta geroagokoak ez etozan bat. Ez ziran lau pagau ebenak. Lau horreetatik bik ez eben pagau antza eta beste bik eskatutakoa baino diru gitxiago pagau eben. Datuak goitik behera aldatu ziran ordu batzuk pasau ta gero. Baina datuak zuzentzen hasten diranerako kaltea eginda dago, sukaldarien izenak kalean egozalako eta ez onerako, hain zuzen. Gero etorri diran adierazpen eta azalpenak ez dabe lagunduko sukaldarien izen ona berreskuratzeko.

Orain hilabete bat edo, Zapatero gobernuburu espainiarrak dei egin eutsen komunikabideei haren alabeen argazkirik ez atarateko. Pribatutasunerako eskubidea aldarrikatu eban Zapatero jaunak eta, arrazoi osoz, holan onartu eutsen komunikabide gehienek.

Zoritxarrez, ez dabe agertzen begirune bardina komunikabideek euskaldunak tartean dagozanean. Sukaldariak daukaguz orain titularretan, baina zenbat aldiz ikusi izan doguz atxilotutakoen aurpegiak, izenak eta bizitzaren gorabeherak komunikabideen bidez?. Hori bai, hortik egun batzutara libre geratzen badira inork ez deutse parkamenik eskatzen, are gitxiago euren izena lohituta geratu danean.Terrorista berbea edo terrorismoagaz zerikusirik izatea erraz botaten da mahai ganera. Behin bota ezkero, ez da bape erraza lohitutakoa garbitutea.

Hamaikatxu debate eta eztabaida dagoz oraindino egin barik Estadu espainiarreko gizartean, eta horreen artean komunikabideena preminazkoa dala uste dot. Zabaldu daiguzan egunkariak eta telezaborraren kontrako artikulu eta adierazpen ugari ikusiko doguz. Baina inor gitxik onartuko dau albistegietan be komeni baino zabor gehiago dagoala.

Sinistuta nago telebistetako buruek esango deuskuela erlojupean dabiltzala beharrean, barria ataratea dala inportanteena eta balorazinoak beste batzuen eskutan dagozala. Hori jakinda, faltan botaten doguz kazetaritzearen maisu zaharrek esaten ebena, hain zuzen, iturri desbardinetatik kontrastau behar dirala barriak, interesatuari eskatu behar jakola bere bersinoa eta kontuz ibili behar dala barri iturri ofizialekaz, honeek be interesak daukiezalako.