Bidaide  III. urtea // 80. zenbakia

Dragoiaren orroa


Danetariko egoerak

Gehienetan, errealidadea mutur desbardinetan banatzen da, eta zorionez, munduak autoerregulazinorantz joten dau. Baina egia esan, ‘boom’ asiarrak eragin zuzena eukiko dau gure munduan, eta asko ikusgai dagoz daborduko. Europar Batasunak bueltan eskatu deutsez diru-laguntzinoak euren produkzinoa beste lurralde batzutara eroan daben enpresei, eta laguntzino gehiago jasoteko eskubidea ukatu deutse ganera. Hau guztia bertoko enpresek Asiako eskulan eta lehengai merkeak ez aprobetxetako egiten dau. Frantzian eta Alemanian, berbarako, sindikatuek ‘enpresa-moda’ honeri aurre egin deutse daborduko. Gure herrialdean, hainbat enpresek asiar produkzino-lineak bertan behera ixtea erabagi dabe, eta milaka personek euren lanpostuak galdu dabez.

‘Zabor’ kontratu barriek (gehienetan gazteei egiten jakez kontratu mueta honeek) ezegonkortasunerantz eroaten dabe gizartea, arlo ekonomikoan dagoan egoerearen antzekoa sortarazoz.

Jaiotza-tasea gero eta txikiagoa da, testuinguru honetan logikoa dan legez, eta emoten dau urtenbidea etorkinetan dagoala. Holan ba, beste dimentsino baten sartzen gara: enpresek euren produkzinoa garatzen dabilzan herrialdeetara eroaten badabe eta gure herrialdeetara nazionalek egin gura ez dabezan beharrak egitera badatoz, zer geratzen da? Egongo ete da ia danentzat lanposturen bat erabateko enplegu-tasaz berba egiten dan aldi honetan? Egia esan, bihar-etziko egoerea nahiko baltz datorrela esan geinke, eta akaso mendebaldeko beharginek euren pentsakerea aldatu egin behar izango dabe. Ikusitakoak ikusita, esan geinke epe ertainean mendebaldeko gizarte ongizateak atzerakadea eukiko dauala.

Herrialde industrializatuetan lan-baldintzak gero eta txarragoak izango dira, eta horren erakusle dogu Alemania: bertan, enpresa batzuk soldata beraren trukean beharginen lanaldia handitzea proposatu dabe, produziduten segidu gura badabe behintzat. Behargin askok onartu dau proposamena. Akaso, hau izango da bidea, sindikatuak burrukan hasi bitartean behintzat. Baina ez dogu sekula ahaztu behar diruak agintzen dauala.

Testua eta argazkiak:
Zigor Aldama

Azken asteotan barri deigarriak heldu jakuz hurretik. Elcheko txinatar industriagune batzuetan apropos bertako zapatagileek eragindako suteak izan dira, Asiako konpetentziari aurre egin guran. Mundu globalizatuan ez dago bazterrik kutsatu bakorik eta Asia XXI. gizaldiko arerio nagusia da.

Atal honetan herrialdeen errealidadea bidaien eta gizartearen ikuspuntutik aztertzen dogu gehienetan, baina oraingoan beste arlo garrantzitsu bat jorratuko dogu: ekonomia. Asia XXI. mendeko superpotentzia ekonomikoen artean dagoala esan geinke, maila berean bildurra eta esperantzea -azken hau batez be enpresa arloan- sortarazoten dauzan superpotentzia hatan be. ‘Asiako erraldoia izartzen danean...’ esaldi ezaguna atzean itxi behar dogu. Daborduko izarrik dago, eta kafe asko hartu dauz ganera. Munduaren bihar-etziko testuinguru ekonomikoa zein izango dan jakiteko ezinbestekoa da Asiako gaur egungo ekonomiaren funtzionamentuaren nondik-norakoak ezagutzea.

Ekialdea eta Mendebaldea

Europako eta, maila txikiagoan, Amerikako gizarte-ongizate sistemek konpetentzia gogorra daukie: Asia. Hasieran, mendebaldeko enpresek lehengai merkeagoa erosten eben bertan; gero, egiteko errazak ziran produktuak han produziduten hasi ziran, eta gaur egun, barriz, enpresa ugarik bertara jo dabe. Asiar ekonomia indartsu dago, eta gero eta hazkunde nabarmenagoa dauka, urtean % 5 eta 10 bitartekoa hain zuzen be (mendebaldeko munduan baino bi eta bost bider handiagoa). Horregaitik, jente askok gure inguruko lanpostu ugari arriskuan ikusten dauz, eta bildur da.

Enpresaburu askok, irabazi gehiago lortzeko helburuagaz, enpresea bertara eroatea erabagi dabe, edo bertan enpresearen atal bat zabaltzea, Asiako produkzino kostu bajuek (lehengai eta eskulan merkeak) eta aldeko testuinguruak (azpiegitura egokiak, ezelako presino sindikalik barik eta gobernuaren laguntzino osoa) bultzatuta. Egoera hau arazoaren goiko aldea baino ez da, guk ikusten doguna besterik ez, eta duda barik, bihar-etzi gure gizarteari bete-betean eragingo deutso. Sistema ekonomiko biren arteko burrukea da, baita aurrez-aurre dagozan gizarte birena be. Bizimodua ikusteko ikuspuntu biren arteko burrukea: ekialdekoa eta gurea.

Gizaldi batzutatik hona, gizarte arloan eta gizarte-ongizate kolektiboaren estaduan lehenengoa Europa da. Estadu Batuek, barriz, liberalismo ekonomikoa eta kapitalismoa islatzen dabe, indibidualismoaren, aurrerapen tekniko-soziologikoen eta gizarte-ongizatearen testuinguruan. Baina, zeintzuk dira txinatar sistemearen oinarriak (Asiako ganerako herrialdeen erreferentzia legez)? Deng Xiaoping-ek 70. hamarkadan kanpora zabaldu ebanetik, Txina planetako herrialde desorekatuenetarikoa bihurtu da. Muturreko egoerak edonon baino urrunago dagoz: pobrezia eta aberastasuna uri berean alkarregaz bizi dira; gosez dagozan eskaleek Parisko edota Milango trajeakaz jantzita doazen ejekutiboen atentzinoa deitu gura dabe; milaka fabriketan miloeka persona dago lan-baldintza txarretan beharrean, mendebaldean lan bera egiteagaitik kobrauko leukena baino hiru bider gitxiago kobretan, asiar aberats barriek kasino eta burdeletan dirutza itzelak gastetan dabezan bitartean.

Asiar behargin gehienek ez daukie gizarte segurantzarik, ezta pentsino-planik be. Bertan, ondorengoek bermatzen dabe jubilazinoa, gizarte zerbitzurik ia ez dago eta gastuei familiak berak egiten deutse aurre, Asiako instituzino garrantzitsuena familia bera baita. Eta ezaugarri danetan deigarriena: inork ez dau pentsetan gauzak beste modu baten egin behar diranik.

Zelan egin aurre bizimodu honeri aisialdia eta gizarte zerbitzuen hobekuntzea baloretan doguzan gizartetik? Zein izango da gure ekonomiaren, eta batez be, gure bizimoduaren etorkizuna? Oraindino inork be ez deutse galdera honeei erantzun, baina ikuspuntu desbardinak egon badagoz: batzuk gizarte ongizatearen amaierea aurreikusten dabe; beste batzuk, barriz, Asia Mendebaldearen aukerea parebakotzat joten dabe.