Gari: ‘bizitzen ikasten hasi naz’
Hasieran serioa emoten dau. Bigarren esaldirako alaia eta bizipen askodun personea. Holakoa da Iñaki Garitaonaindia ‘Gari’. Bakarkako hirugarren diskoa, ‘0-tik’, aurkeztu barri dau, eta zemendiaren 19an Durangon eta 27an Agurainen emongo dauz aurkezpen-kontzertuak. Lanaren tituluaren antzera, bera be barriro hasi da. Bizimodua erabat aldatu jako, eta Mikele bere alabatxuak eragin handia izan dau horretan.
Hertzainak taldea desegin zanetik bakarka egin dauan hirugarren lanagaz dator oraingoan, ‘Gari’ (1997) eta ‘Eguzki berritan zaude’ (1999) diskoen ostean hain zuzen be.
Bizitzen ikasten hasi dala eta gogorra izan arren, gustura dagoala autortzen dau. Musikalki be barrituta datorrela dino kantari, gitarra-jole eta kantu-egile ezagunak. Itsasoaren koloreko begirada sakonean igarten jako hori.
1.- ‘0-tik’. Diskoaren izena irakurrita aurreko dana ahaztu eta barriro hasi gura dozula emoten dau.
Bai, dudarik barik. Etapa barri bat hasi dot eta hutsetik hastea ezinezkoa izan arren, ikasketa barri baten sartzen zaranean, gura edo ez, zerotik hasten zarala esan geinke. Horregaitik, niretzat izenburu egokia da proiekturako. Sentimentu horreek diskoan agertzen dira, eta momentu honetan bizitzen nagoanagaz lotura zuzena dauka tituluak.
Aitagarriena nire bizimodua normalizetan nabilela da, eta horrek emoten deustan indarrak merezidu dau, benetan.
2.- Luzaroan egon zara diskorik atara barik, orain bost urte ‘Eguzki berritan zaude’ plazaratu zendunetik hain zuzen be. Zertan ibili zara ordutik hona?
Nire bizitza zuzentzen. Zuzentze hori ez da egun batetik bestera egiten, bere prozesua behar dau. Ez dakit denpora galtzea izan dan ala ez, baina esan neike infernutik be posible dala erreflexino edo emoitza baikor bat ataratea eta horreri eustea.
3.- Kanpoan be ibili zara. Zerk eraginda erabagi zendun atzerrira joatea?
Ez dot gogoratzen...
4.- Zer nabarmenduko zeunke aurkeztu barri dozun diskotik?
Lehenengoz, ze erraza izan dan proiektu hau bideratzea. Elkar diskoetxeak -Anjel Valdes eta Esti Esteibar-, taldeko kideak, kolaboratzaileak... Oso ondo inguratuta egon naz proiektu honetan, eta emoitzea hor dago. Gustura sentiduten naz eta lehenengoz disfrutau dot disko bat egiten. Ez da sufrimenturik agiri.
Disko honek ez dauka zerikusirik aurreko danakaz. Ni neu ez naz hori aztertzeko personarik egokiena, baina begi-bistakoa da, diskoa lehenengoz entzuterakoan ganera, nire lehengo kantek eukien ukutu iluna desagertu dala.
5.- Bost urteko etenaren ostean, estiloa ez dozula lar aldatu esan geinke...
Musikalki, kantak nireak izan arren, disko hau desbardina dala esango neuke. Lehengo diskoetan lan osoa nirea zan, edo gehiena behintzat. Disko honetan neuk kantak baino ez dodaz egin, Gasteiztik Bilborako autobusean gehienak. Gitarrea eta ahotsa neuk imini dodaz, baina beste guztia taldekoen lana izan da. Nik indarra eta emozinoa bakarrik behar dodaz, eta zelan ez, hori adierazotea. Taldekideek beste maila bat daukie, eta diskoan nabarmen dago musikalki beste giro batzuetara joan garala. Kanta batzutan, abesteko erea bera be desbardina da.
Baina zelan ez, ‘Gari’ da, eta gura edo ez, kanpoko aldea aldatu arren, ‘Gari’ izaten segiduko dau.
6.- Gaztelaniaz kanteteagaitik kritikak be entzun behar izan zenduzan. Halan da be, disko honetan badagoz erderazko kantak.
Elkar diskoetxeagaz hartu-emonetan hasi nintzanean, alde horretatik ez eustien ezelako mugarik imini. Azkenengo urte honeetan ez dot lar jo, baina kantau izan dodaz zuzenean kanta batzuk erderaz, eta alde horretatik oso gustura sentiduten naz. Nire publikoak behintzat, hori onartuta dauka, eta uste dot gaur egun Euskal Herri osoak daukala onartuta eta gai hori ez dala azpimarratzekoa.
7.- Larogehigarren hamarkadan, Euskal Rock Erradikala etiketeagaz ezagutu zan mobimentuaren talde mitikoen artean Hertzainak ez aitatzea pekatua da askorentzat. Zer botaten dozu faltan urte hareek gogoratzen dozuzanean?
Faltan... piperra. Lehen piper hori, indar hori egoan, indar abstraktoa, naturala. Gaur egun danak dinoe musikearen mundua txarto dagoala, baina nik uste dot badagozala bertoko taldeek egindako hainbat kanta on.
Egia da kriston aldaketea egon dala, baina kontuan hartu behar dogu garai haretan etapa barri bat hasi zala, eta ez bakarrik musikan, baita industrian eta hainbat arlotan be. Ganera, fenomeno hori ez zan bakarrik Euskal Herrian emon, Europa osoan baino.
8.- Martian, Bernardo Atxagagaz batera ‘Aitormena’ lana taularatu zendun. Irakurketea Atxagaren esku joan zan, eta musikeaz, barriz, zeu arduratu zinan. Gustora geratu zinan esperientziagaz?
Zelan ez, ba! Atxagagaz behar egitea itzelezko lujoa da. Ez zan izan batera behar egiten gendun lehengo biderra. Nire bizitzako momentu oso berezian jaso neban mezua eta ez neban sinisten. Gero, alkartu ginan, eta egia esan, Atxagagaz lan egiten dozunean, askatasun osoa daukazu. Lehenago esan dodan legez, ‘Aitormena’ beragaz egitea lujo bat izan da niretzat. Oso hartu-emon onak daukadaz beragaz, nire ‘aita espirituala’ dala esan neike, eta altzetea tokau jaten momentu danetan egon da nire alboan.
9.- Aita izan zarela kontutan hartuta, barriro kontzertuen, furgonetea eta errepidearen dinamikan sartzea da zure asmoa?
Bai, dudarik barik, seguru ganera. Argi daukat momentu honetan daukadan indarra aprobetxau behar dodala. Ganera, zuzeneko emonaldiak sendotu behar dodaz taldeagaz. Zuzenean gauzak ondo egiteko zuzenekoak egin behar dira.
Aita izatearena... maketea lehenengoz etxera ekarri eta jarri nebanean... zelan mobiduten dauan garria!
10.- Diskoan kolaboratzaile ugari daukazuz. Zergaitik aukeratu dozuz persona horreek zure hirugarren bakarkako lanerako?
Kanten letrak Atxagak, Jon Maiak, Jon Benitok eta Kepa Muruak egin dabez. Erlazino personalek garrantzia handia daukie niretzat eta laurakaz euki dodaz hartu-emon oso politak. Jon Benitogaz hartu-emonak ez dira luzarokoak, baina oso gizon berezia da eta asko gustau jat kanta bat beragaz lantzea. Musikalki, bikote legez, Koldo Uriate piano-joleagaz kanta bat egin dot, Atxagaren berbakaz. Jean Marie Ecay-gaz be beste kanta bat egin dot, Mikele nire alabatxuari eskaini deutsadana. Argazkiei jagokonean, ez dot ahaztu gura Joseba Olalderen lan bikaina. Zoritxarrez, oraintsu hil da eta nire omenalditxoa egin gura deutsat.
11.- Zein da zure epe luzerako asmoa?
Gauzak ilusinoagaz egitea eta baita dinamika honetan segidutea be. Hori da nire helburu garrantzitsuena, eta luzaroan ez, betirako! Lehen ez neban nire burua ikusten Mikel Laboa legez taula ganean, baina orain... dudarik barik! Kriston aldaketea sortu da neure barruan eta hori erakutsi gura dot. Batzuk ez dabe ikusiko, baina beste askok bai. Zuk zeuk igarten dozu aldaketea, eta aldaketa hori garbia danean, egiazkoa danean, transmitidu egin gura dozu. Gari barri bat agertu da eszenan, indarrez ganera. Bizitzen ikasten hasi naz eta garrantzitsuena orain ikasketa horretan segidutea da.
Saioa Torre Gereketa