‘Zaharregia, txikiegia agian’, munduan zehar
Azken aldiko literaturea, musikea eta irudiak alkartuz, emonkizunean kulturearen arlo desbardinak buztartzen dira, poesia, kantagintzea, filmak, irudigintzea eta rock alternatiboa.
Pasadan urteko udabarrian, egitasmo honegaz daborduko New Yorken egon ziran Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe. Eurakaz beste bi lagun joan ziran: Rafa Rueda, PLT taldeko kidea eta Bingen Mendizabal, hainbat filmetako musika sortzailea. Orduz geroztik, laurek batera ekin eutsen emonaldiari, eta Euskal Herriko hainbat lekutan ibili ostean, barriro be itsasoaz bestalde eskaini dabe emonaldia.
Bidaiaren dokumentala grabau dabe eta DVDan argitaratzeko asmoa daukie taldekideek. Lan horretaz Arkaitz Basterra zinemagilea arduratu da, baina oraindino asko dago egiteko. Izan be, hegazkinera igon ziranean lan asko eta emonaldi asko eukiezan aurretik taldekideek, baina hegazkinetik bajatu ostean be ez jake zereginik faltako Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabali.
Bizkaie!
‘Euskerea, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia da gaur egungo garaietarako, baina azken finean, euskaldunoi munduari begiratzeko modu jakin bat eskaintzen deusku, bizitzeko eta sentiduteko modu bat’. Ideia horregaz poema bat idatzi eban Kirmen Uribek, eta orduz geroztik oso ezaguna bihurtu dan emonaldiaren izenaren sorburua be bada: ‘Zaharregia, txikiegia agian’.
Uribegaz batera, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal AEBetara joan dira, poesia eta musikea buztartzen dauzan emonaldia eskaintzera. Oraintsu etorri dira bueltan, San Frantziskon lehenengo, (Berkeleyko unibersidadean, Nevadakoan eta Basque Cultural Centre-n) eta New Yorken gero, (Bowery Poetry Club-ean) hainbat jenteren belarriak eta begiak (baita bihotza be) bigundu ostean.