Bilbaoko V. Poesiaren Astea
Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan aurkezpen ugari egongo dira aste osoan zehar arratsaldeko 19:30etan. Areatzan eta Arriaga Antzokian be hainbat ekitaldi antolatu dauz Bilbaoko Udaleko Kultura Sailak, liburuak eta irakurketea sustatzeko helburuagaz. Holan ba, arduradunen esanetan, ‘ekimen garrantzitsua da Poesia Astea, eta oso ondo errotuta dago’.
Igazko edizinoan hamar bat mila lagunek hartu eben parte ekitaldietan. Egunero, batazbeste 250 bat persona hurreratu ziran Bidebarrietako Liburutegian antolatutako ekitaldietara. 2003ko Poesia Asteak euki eban arrakastea ikusita, aurten be jente asko alkartuko dala esan leiteke. Holan ba, edizino honen arrakastea, eta baita aurretik datozan edizino guztiena be, bertara hurreratzen diranen esku dago. Ekitaldiak ez dira falta. Orain, Bizkaiko uriburutik bueltatxua emon eta poesiaren inguruan antolatutako ekitaldiakaz disfrutetea baino ez dago.
Bizkaie!
Bilbaoko Udaleko Kultura Sailak Bilbaoko V. Poesiaren Astea antolatu dau. Urriaren 22ra arte aukera parebakoa eukiko dabe bai bilbaotarrek, baita inguruko herrietakoek nahiz kanpokoek be arte eder honetara hurreratzeko, izan be, hainbat ekitaldi antolatu dabez.
Pedro Guerraren kantaldia, oraintsu hil dan Andolin Eguzkitza euskal idazle eta euskaltzainaren omenaldia (argitaratu barik itxi ebazan poema batzuk irakurriko dira eta liburua be argitaratuko dau Susak Eguzkitzaren olerkiakaz: "Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki" izenekoa hain zuzen) eta aste osoan zehar Bilbaora hurreratuko diran hainbat poeta ezagunen ekarpenak dira aurtengo ekitaldi garrantzitsuenak. Tartean Igor Estankona, Blanca Andreu, Ana Rossetti, Jean-Michel Maulpoix eta Veroniko Dalacoura egongo dira.