Eretxia  III. urtea // 79. zenbakia

Hauteskunde giroko eztabaidak: ikuskizun amerikarra


Ikusle asko izan dabez gure artean Estadu Batuetako hautagaien arteko eztabaida bero horreek. Gehiago horreen ganeko informazinoek. Bai USAn bertan zein atzerrian, asko izan dira (gara) eztabaiden nondik norakoak ezagutu gura izan doguzanak. Batez be jakin gura dogu nork irabazi dauana eta ia behingoz "gure" hautagaiak aurrea hartzen dauan inkestatan.

Gure artean erraztasun handiz kritiketan doguz amerikarrak, euren bizimodua eta euren jokabide politikoa, baina egia da politiko amerikarrak eztabaidatan aurpegia emoten ohituta dagozala. Gu oso harro gagoz euskaldunak eta europarrak garalako eta sinistuta gagoz gure sistema politikoa amerikarrena baino hobea dala, baina egia onartu daigun: noiz ikusi dogu gure artean lehendakarigaien arteko benetako eztabaidarik? Inoiz ikusiko ete dogu Ibarretxe eta Patxi Lopezen arteko eztabaidea telebisinoan? Eta hautagaiak ikusleen galderei erantzuten?

Amerikarrek euren hautagaiak aurrez aurre ikusi gura dabez. Eta, hemen ez bezela, ez deutsee parkatzen hautagaiei eztabaideei uko egitea. Gure artean, ostera, eztabaidabako hauteskunde kanpainak egiten ohituta gagoz. Eta gure eretxia hobeto hartu ahal izateko ez dago, nire ustez bide hoberik proiektuak aurrez aurre imintea lakorik. Baten batek esango deust herri anglosaxoietan espektakulua maite dabela eta eztabaida horreek ikuskizun hutsa dirala. Danetarik izango da. Batzuentzako forma kontuak izango dira inportanteenak eta beste batzuentzako edukin politikoak. Edozelan be, alor biak ikusten doguz nahastauta eztabaiden ganeko kronikak irakurten doguzanean, biak inportanteak dira eta.

Eretxiemoileek esango deuskue zer adierazo eban hautagai bakotxak eta zein izan zan bakotxak luzatutako mezua. Eta horrezaz gan, hautagaiek esandakoa alde batera itxita, forma kontuak nabarmenduko dabez, ia nor egon zan lasaiago, ia nor agertu dan "presidenteago". Entzun eta irakurten dogu kontu friboloak dirala horreek, amerikarrak friboloak ei diralako. Eta izango dira. Batzuk, behintzat. Baina ez dot uste nik alde horretatik hobea danik gure eredua, hain zuzen, hautagaiak bakotxa bere aldetik prediketan eta alkarren artean ideiak gurutzatu barik. Onartu daigun egia: zenbat dira gure artean botua emoteko orduan etxura kontuei baino kasu egiten ez deutsenak? Benetan dinotsuet, hoba batera eztabaidatan bakotxa bere aldetik ibili barik.

IƱaki Atxutegi

Zorionez edo zoritxarrez, ez dogu botua emoteko eskubiderik Estadu Batuetako presidentziarako hauteskundeetan, baina egia da jakinmin handigaz gabiz harantza begira ia Bush ala Kerry aukeratzen daben. Euren mitinek, estaduz estadu egiten diran inkestek eta, batez be, hautagaiek izan dabezan eztabaidek gure atentzinoa erakarten dabe, atzerriko jazoera horreek guk uste baino eragin handiagoa izango dabe gure bizimoduan eta.