Barriketan  I. urtea // 8. zenbakia - 2002ko abuztuaren 15a - Hamaboskaria

Eneko Acero: 'Mundakan hartu dodaz nire bizitzako olaturik onenak'

Acerotarrak, munduan zehar ezagunak diran surflari getxotarrak

Eneko Acero da nazinoartean ezagunena, baina Enekoren anaiak, Iker (27) eta Kepa (22) be surfaren munduan dabilz. Lehenengo olatuak Sopelako hondartzan hartu zituen eta oraindino be, etxean dagozanean behintzat, Sopelara osterea egin eta bertara hurreratzen diran ehundaka surflarigaz batzen dira neoprenozko jantziakaz mozorrotuta. Halan da be, Eneko Acero munduko ia itsaso guztietako hondartzetan ibilitakoa da surfean, eta oraintsu Indonesiako eta Maldivetako olatuen zipriztinakaz bustita eta eguzkiagaz erreta, baltzituta etorri da etxera.

1. Munduan zehar polito, baina etxean beharbada hobeto?

Munduan zehar oso gustora ibilten naz, ze surfak emoten deust jaten eta ganera asko disfrutetan dot herrialde ugari ezagutzen. Urte batzuk baino ez dira izango munduan zehar bidaiak egiten, eta gero denpora asko eukiko dot etxean egoteko. Dana dala, Euskal Herria lakorik ez dago munduan; berton daukadaz, familia eta lagunak eta lekua bera be asko gustetan jat.

2. Etxean pare bat egun egiteko etorri zara, baina bazoaz barriro kanpora, oraingo honetan Hegoafrikara. Euskal Herrian ez dago ala olatu nahikorik entrenamentu saio egokiak egiteko?

Euskal Herriko kostaldean olatu oso onak daukaguz eta nik neuk Mundakan hartu dodaz nire bizitzako olaturik onenak; munduko ezker olaturik onena dago Mundakan. Gure arazorik handiena eguraldia da; neguan sekulako hotzagaz uretan sartzea oso gogorra izaten da trajea erabili arren be. Surflari profesionalok ordu asko egin behar izaten doguz uretan, eta hori ezinezkoa da ura 12-13 gradutan dagoanean. Hemen oso mugatuta gagoz; kontuan hartu beste herrialde batzuetan epel-epel egoten dala itsasoko ura urte guztian, eta egun osoan ibili daitekela olatu artean.

3. Ze erronka dozu aurtengo denporaldiari begira?

Nire kasuan gauzak goitik behera aldatu dira. Lehen beste modu baten planteetan nituan gauzak; orain, ostera, lehentasuna emoten deutsat egunetik egunera hobetzeari, estiloari, teknikeari eta surf egiteko nire moduari jagokenez, jakin badakidalako hobetu ezkero, emoitzak be berez etorriko dirana. Aurten, hitzordu garrantzitsu bi izan dodaz daborduko: bata Australian eta bestea Maldivetan. Maila handia erakutsi dabe bietan be, eta manga batzuk pasau izan dodaz. Gauzak hobeto egiteko modua be izan dot, baina beste batzuetan legez ez dot suberterik izan. Badakit, halan da be, urte osoa aurretik dagoana.

4. Surfaren munduan gauza handiak lortu dozuz (Europako onena zara eta munduko 35-40 surflari onenen artean zagoz) eta benetan maite dozun kirolari esker bizimodua ataratea be ez da makala.

Egia da, gaur egun Europa mailan surfari esker bizitea sano da gatxa. Pribilegiatutzat ikusten dot neure burua, eta orain arteko moduan lehiaketetan parte hartzen eta bidaiak egiten jarraitzeko ustea daukat behinik behin, ze ahori da nire bizitzea eta ahori da orain gehien maite dodana.

5. Ibilbidean atzera egin eta kontaiguzu noiz eta zelan sartu zinan lehenengoz itsasoan ohol bategaz eta zelako esperientzia izan zan.

Umetan patinean ibilten nintzan asko Arrigunagako Hondartzako skate gunean eta, duda barik, patinean ibiltea oso baliagarria izan da gero surf munduan sartzeko. Hamabi urtegaz, surfa egiten eben nire lagunei ohola eskatu eta bildurrik bape barik sartu nintzan uretan. Asko gustau jatan esperientzia eta hortik aurrera Iker nire anaiak eta nik tabarrea emon geuntsen gurasoei ohola erosteko eta ohola erosteko. Azkenean, urte horretako gabonetan ohola eta trajea erregalau euskuezan eta, hilebete batzuk geroago, udan, 13 urtegaz egunero sartzen ginan uretan; horrenbestez, ia-ia konturatu be egin barik, zehatz engantxau ginduzan surfak. Lehiaketen munduan be arin sartu ginan eta, beraz, 17 urte inguru daroadaz lehiaketetan parte hartzen. Serioago, barriz, 16-17 urtegaz ekin neutsan surfari.

6. Hasikeran, ura ukutzeagaz batera, beharbada hotza eta bildurra be sentiduko zenduzan; edozelan be, surfa egitea arriskutsua be izan daiteke (olatuen kolpeak eta oholakaz hartutako zartadak). Zuk zeuk bildurrik pasau dozu itsasoan?

Hasikeran dana da barria eta, jakina, itsasoari errespetua euki behar jako. Itsasoaren indarra mugarik bakoa da eta surfa kirol arriskutsu edo estremoen artean ipini geinke. Surf egiten jente asko hil da, eta argi dago itsasoan edo mendian naturearen esku zagozana; horregaitik, nik errespetu handia daukatsat itsasoari. Urte asko dira surfean, eta susto batzuk be hartu dodaz, bai: oholagaz hartutako kolpeak, olatu baten kolpea jaso, uraren azpian geratu eta urtekeran, ia arnasa barik nengoala, beste olatu bat ganera jaustea, ... marrazoak parean agertzea...; halan da be, alde fisikoa ondo lantzen dogu, eta ezusteko horreetarako be ondo preparetan gara. Alde fisikoa eta elastizidadea oso garrantzitsuak dira surfaren munduan.

7. Olatuen ganean dantzan hasi zinanetik hona momentu onak eta txarrak biziko zenduzan. Onenen eta txarrenen artean zer azpimarratuko zeunke?

Momentu onak asko dira, baina txarrak be badagoz, eta ez dot inoiz ahaztuko Ingalaterran ospatzen zan 18 urtetik beherakoen arteko Europako txapelketa baten jazotakoa, euskal selekzinoaren ordezkari modura joan nintzan baten; hiru proba eta finala ziran pasau beharrekoak, eta lehenengo hiru saioetako puntuazinoagaz finalerako txartela lortzen zan. Hiru proba horreetako manga edo saio guztiak irabazi ostean, finalean bigarren gelditu nintzan; sekulako disgustua hartu neban, eta ez daukat, ez, ahaztuteko.

Esperientzia onak askotxu izan dira, eta Europako zirkuitua irabaztea lorpen handia izan da niretzat; azkenengo probea Donostian zan, eta ordurako Europako txapelduna nintzan. Oso ederra izan zan zirkuitua etxean eskuratzea, eta azkenengo probea irabazita ganera. Duda barik, nire ibilbidean 2001. urtea izan da onena. Mundu mailako txapelketetan, ostera, gorabeherak izan arren, oso gustora ibili izan naz beti.

8. Gaur egun Euskal Herrian, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean batez be, sekulako afizinoa dago eta surf eskoletan gero eta ume txikiagoak ikusten dira. Urte batzuk barru surf izar asko izango doguz gure artean?

Surf eskolak oso garrantzitsuak dira, eta esan dozun legez, emoitzak be laster ikusiko dira. Urte batzuetatik hona, surfak gora egin dau eta eskoletan gaur egun gauza normala da 7 eta 8 urteko umeak ikustea; horrek esan gura dau urte batzuk barru izarrak agertzeko aukera asko dagoala, orain baino gehiago bai behintzat; gauza ona da hori, guretzat konpetentzia izango badira be.

9. Orain surflari profesionala zara eta seguruenik surf etxe eta babesleen aginduak bete beharko dozuz, eta jakina, horrek mugak be ekarriko deutsuz. Surfa egiteko orduan lehen baino mugatuago ikusten dozu zeure burua? Hasikerako pausuetan baino gehiago ala gitxiago gozetan dozu ohol ganean?

Orain oso gustora nabil. Etxe babesleen artean diferentziak dagoz eta lehen gauza batzuk eskatzen izan deustiez eta orain, barriz, beste batzuk. Esan deutsudan lez, oraintsu Oakley etxeagaz sinatu dot datozen hiru urteetarako publizidadea egiteko, eta esan neike lehen baino presino gitxiago sentiduten dodala; gauzak egiteko askatasun gehiago daukat eta ez dot nire burua mugatuta ikusten. Beste alde batetik, egia da urte asko daroadazana lehiaketetan, eta hasikeran markautako helburuen artean asko lortu dodazala. Honenbestez, ba, nasaiago nabil.

10. Nazinoarteko surf txapelketetan Euskal Herriko surflariak maila handia erakusten zabilze, baina Espainiako surf federazinoak trabak baino ez deutsoz ipinten Euskal Herrikoari. Zelan ikusten dau gaia Eneko Acerok?

Txiki-txikitatik euskal selekzinoagaz parte hartu izan dot eta bidaia eta esperientzia asko bizi izan doguz. Orain aukerarik ez egotea pena handia da, baina aspalditik datorren kontua da; euskal federazinoa desagertuarazoteko ahaleginak eta presinoa alde biek egin dabe, bai Espainiako federazinoak eta bai Frantziakoak, eta ezelako zentzun barik, kontuan hartuta, euskal selekzinoa indartsua eta maila handikoa dala, munduko edozein herrialderen kontra lehiatzeko modukoa. Danok dakigu kirol arloko gaia barik gai politikoa dana, eta egoera politikoak be ez dau askorik laguntzen; gaur egun, Gales edo Eskozia Europa mailako txapelketetan ikusten doguz, baina Euskal Herriaren kasuan, gauzak benetan gatx ikusten dodaz.

11. Surfa karua be bada. Trajea eta ohola gitxieneko tresnak dira eta fundak, negurako botatxuak, eskunarruak eta bestelakoak be ez dira merkeak...

Bai, surfa ez da merkea, batez be gure inguru honetan; Hawain ez dabe behar trajerik, eta Hawai lako herrialdeetan merkeagoa da surfa, bainujantzia eta ohola baino ez dabez behar eta. Gure inguru honetan, maila arruntean, urtean batez beste 1.000 euroko gastua dakar surfak, trajeak, ukenduak, parafinea eta bestelakoak pagetako. Profesionaletan, gastua askozaz handiagoa izaten da; uretan ordu asko egiten doguz eta oholak errazago apurtzen doguz edo apurtzen jakuz; urtean 60 ohol behar izan dituen surferrak ezagutzen dodaz, eta datu legez esango deutsut nire ohol hau 500-600 eurokoa dala; atara kontuak. Halan da be, surfa baino askozaz karuagoak diran kirolak be badagoz, eskia berbarako.

12. Ohol handiak, txikiak..., azken baten, neurri desbardinetakoak dagoz, surfa egiteko erak be asko diralako; baina, ohola erosteko, morroiaren altuerea eta pisua kontuan hartu behar izaten dira?

Bai, jakina; altuerea, pisua eta bakotxaren estiloa be kontuan hartu behar dira. Surf egingo dogun hondartzan olatuak zelakoak izango diran be jakin beharko dogu, olatuak bardintsu ikusi arren, gorabehera handiak egoten dira eta.

13. Eneko Acerok zenbat ohol erabilten ditu urtean?

Nik 20 bat erabilten dodaz urtean, baina aurten honezkero 10 apurtu dodaz, eta beraz, askozaz gehiago izango dira seguru. Oholak olatuen kolpeakaz apurtzen dira, askotan olatuen azpian sartzen zaralako eta olatu handien kasuan kolpeak handiak izaten diralako. Gitxiagotan baina, ohol batzuk materiala txarra dalako edo fabrikazino akatsak izan diralako apurtzen dira.


14. Altua, galanta, errubioa, eguzkiak baltzituta eta asko ligetan dauena. Horixe da zabal-zabal dabilen surflariaren ideia edo irudia, eta horreek guztiak mitotzat hartzen badira be, kasurik gehienetan egia izaten dira, ala ez?

Argi eta garbi topikoaren edo mitoaren eremuan sartzen gara. Nire ustez, kirol guztietan legez, ligetan dabenak eta gora begira dagozanak topauko dozuz surfaren munduan be, eta bardin baltz-baltz eginda dagozanak eta uruna baino zuriago dagozanak. Erropearen kasuan, egia da surfaren munduan badagoana estetika jakin bat, eta ni neu be hor nago, besteak beste, etxe zehatz batzuentzat egiten dodalako behar; ganera, badakizu gaur egun irudiak eta itxureak zelako garrantzia daben, baina ez bakarrik surfaren munduan.

15. Surfa kirola da, baina zeozer gehiago be bada; askoren ustez bizitzeari aurre egiteko modua da, filosofia berezia. Zein da Enekoren eretxia?

Bai, bizitzeko modua da. Gu itsasoaren aginduen arabera bizi gara eta beti gagoz itsasoari begira. Surferrok giro guztia, lagunak, esperientziak eta abar hondartzan eukiten doguz, eta benetan txarto pasetan dogu itsasoa luzaroan ikusten ez badogu. Nire bizitza osoan ia hiru bat aste baino ez dodaz egin itsasotik urrun, baina momentu zehatza izan zan orain urte batzuk; luzea eta gogorra izan zan, denporaldia amaitu ostean, surfa eta itsasoa apur bat baztertzeko gomendioa egin eustien, gorputzeari deskantsu apur bat emoteko. Beste kirolari batzuentzat gauza onak izaten dira atsedena eta oporrak; surferron kasuan, barriz, itsasotik urrun egotea sufrimentua da, ze gu uretan gabilz gustora eta egunero olatu artean ibiltea obsesinoa be izan daiteke.

16. Olatuen artean noiz arte jarraitzeko ustea dozu?

Maila profesionalean, hobetzen ez dodala edo goia jo dodala ikusten dodan arte. Dana dala, maila profesionala baztertu ondoren, urteetan ikasitakoagaz disfrutetan jarraitzeko asmoa daukat. Munduko azken txapelduna 32 urtekoa zan, eta niri asko gustauko litxakit beste 5-6 urtetan maila honetan jarraitzea. Hori bai, surf profesionalari agur esan ostean, surfagaz lotuta atara gura neuke bizimodua.

17. Zelakoa da ba surfer profesionalen bizimodua?

Arrainen antzean, beti egoten gara uretan; oraintsu Indonesiako Sumatran egon naz, Mentawaii's izeneko isletan munduko surflari onenekaz. Egunean 7-8 ordu egiten genduzan uretan, baina promozinorako bideoak grabetako eta argazkiak egiteko astia be izan dogu. Paradisuan egon gara.

18. Etxean pare bat egun baino ez dozuz egin eta bazoaz barriro kanpora. Urtean zenbat egun egiten dozuz 'etxean'. Non dago zure benetako etxea?

Surfer profesionalok bizi dogun egoerea bitxia da. Aurten, babeslearen aldaketea tarteko, txapelketak eta promozino bidaiak pilatu jataz, eta zazpi bat hilebete egingo dodaz kanpoan eta ganerakoa etxean. Dana dala, barriro dinotsut asko be asko disfrutetan dodala eta oso pozik nabilela.

ENEKO ACEROren historiala:

- Europako zirkuituko txapelduna (1999an eta 2001ean).
- Mundu mailako sei WQS txapelketa irabazi dituan Europako surflari bakarra.
- Narrabeeneko PRO-JUNIOR txapelketan, Europakorik onena.
- Europako zirkuitu profesionalean 19 bider irabazi dau.
- SUB-16 txapelketan, Europako txapelduna.
- PRO-JUNIOR-ISA, munduko txapelduna (1993an).
- Bizkaiko kirolaririk onena (1995ean).

Koldo Isusi Zuazo