Tiovivo. c1950
Film hau ikusi ostean, nork bere buruari egiten deutson lehenengo itauna zera da: norentzat egin dau Garcik pelikula hau? Santiago Seguraren zine eskatologikoa maite dabenak zinera hurreratu be ez dira egingo; benetako istorioen bila ibilten diranek ez dabe kontuan hartuko; zine mueta bat atsegin dabenek ez dabe jakingo pelikula hau non sartu. Orduan, norentzat egin dau? Seguru antzean, bere egoa asetzeko lana baino ez da izan. Garciren zinea autarkikoa da, bere istorioek gogora ekarri gura deuskuezan sasoien antzekoa. Ganera, lan guztiak malenkonia eta nostalgia sundez beteta dagoz, iraganeko sasoi guztiak oraingoak baino hobeak izan balira legez. Kasu honetan, ganera, gerra osteko Madril baltz eta pobre hori gogora ekartean egin daiteken gauzarik tristeena da.
Honaino helduta, zer gehiago esan daiteke argumentu bako film honen ganean? Beharbada, abiapuntua ez zan hain txarra izan: sasoi horretako gizartearen erretratua egitea alkarri lotutako makina bat pasadizoren bitartez. Baina Garcik hori jadesteko hainbat baliabide modu egokian –batez be filman ikusten diran 80 antzezle ezagunak eta girotze lan ikusgarria– erabiliagaitik be, ez dau asmatu kontakizunak bilbatzen, ez dau loturarik topau nahi izan. Eta ez da nahikoa Alfredo Landa, Carlos Larrañaga edo Josep Maria Pouren distirea. Hau ez da Celaren “La Colmena”. Garcik txotxongiloen antzezlantxu bat atondu dau, bere gomutan baino ez dagoan sasoi bateko nostalgia merkeak gozatzen lagundu leion.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: José Luis Garci
- Herrialdea: Espainia
- Iraupena: 150 minutu.
- Antzezleak: María Adanez, Francisco Algora, Manuel Andrés, Ángel de Andrés López, María Asquerino, Aurora Bautista, Frank Braña, Juan Calot, José Caride, Roberto Catarineu, Antonio Dechent, Fernando Delgado, Ana Fernández, Fernando Fernán-Gómez, María Elena Flores, Manuel Galiana, Julio Gavilanes, Eduardo Gómez, Ricardo Gómez, Concha Gómez Conde, Agustín González, Fernando Guillén Cuervo, Carlos Hipólito, Javivi, María Kosty, Alfredo Landa, Ramón Langa, Carlos Larrañaga, Ramón Lillo, Francis Lorenzo, Mabel Lozano, Manuel Lozano, Carlos March, Luisa Martín, Francisco Merino, Iñaki Miramón, Mario Morales, Pilar Ordóñez, Blanca Oteiza, Andrés Pajares, Valentín Paredes, Elsa Pataky, Rafael de Penagos, Sergio Peris-Mencheta, José María Pou, Santiago Ramos, Miguel Rellán, Beatriz Rico, Jorge Roelas, Rafael Romero, Marchent, Enrique Rueda, Mapi Sagaseta, Tina Sainz, Miguel Ángel Solá, Manuel Tejada, Andrea Tenuda, Juan Jesús Valverde, Luis Varela, Enrique Villén, Manuel Zarzo.
- Gidoia: José Luis Garci eta Horacio Valcárcel.
- Argazkia: Raúl Pérez Cubero.
- Muntaia: José Luis Garci.