Birus sortzaileak lanpetuta
Sven honek ikasketak oraindino amaitu barik daukaz baina enpresako arduradunek lortu dabe bai arerioa lagun bihurtzea. “Arerioagaz ezin badozu, bat egizu beragaz” edo antzeko zeozer pentsauko eben.
Gotzon Plaza
Lanean dabiz, bai, eta jo ta ke ganera. Aurten inoiz baino birus gehiago sortu ei dabez, urtarriletik bagilera bitartean, Windows sistema operatiboaren kontra 5.000 birus barri sortu ziran, pasa dan urtean eta epe berean 1.000 inguru sortu baziran be. Ganerako sistema operatiboen kontra be egon badagoz birusak baina ez daukie aitatutakoen besteko osperik eta indarrik. Dana dala, Linux kode edegiko sistema operatiboak gero eta indar gehiago hartzen dauan neurrian, gero eta birus gehiago dabiz beronen kontra be. Hor be badaukie beraz hackerrek beharrerako arlo zabala.
Baina “zeregin berezi” horreezaz aparte, elementu horreek bizimodua atarateko aukera ederrak daukiez (lan eskaintzak eta kontratu potoloak...). Eta eskaintza horreek legeriaren bedeinkazino guztiakaz datoz ganera.
Hile batzuk atzera egin daigun. Maiatza-bagila bueltan nahiko zaratatsua izan zan birusa zabaltzen hasi zan mundu guztiko ordenadoreetan: Sasser izenekoa eta bersino desbardinetan. Honen berezitasuna ondokoa zan, Internet Sarean batera eta bestera ebilen birusa eta Windows sistema operatiboaren segurtasun akats bat aprobetxauta, gure ekipoetan sartzen zan. Ekipoa amatau eta biztu, barriro amatau eta biztu egiten jakun. Lehenengo momentuan, birus sortzaileak Errusiako programatzaileak ziralakoan gengozan baina azkenean poliziak alemaniar mutil gazte bat kartzelaratu eban, Sven J. hamazortzi urteko gaztea.
Antza danez, tipo horrnen trebeziak eta ezagupenak nahiko sakonak izango dira ze “Securepoint” izeneko enpresak lan eskaintza bat luzatu deutso mutilari. Zein da enpresa horren betebeharra? Helburu nagusia antibirus programak sortzea da, “firewalls” sistemak sortzea hain zuzen be (“su-ebazleak”, sarritan ordenadorea eta Internet-en artean dagozan lehen trabak).