Zinea  III. urtea // 79. zenbakia

Udabarria, udea, udagoiena, negua... eta udabarria

(Bom, yeoreum, gaeul, gyeowool, geurigo, bom)


Donostiako zinemalditik igaro ostean, budismoaren gogoetan eta sortaldeko estetikan girotutako fabula hau heldu jaku. Gaur egun, nazinoarteko zinemaldi guzti-guztietan ohikoa izaten da sortaldeko lanak ikusteko aukerea eukitea. Horrek, dana dala, ez dau esan gura etiketa horren azpian datorren guztia ona danik.

Zuzendari honeri, antza danez, kontrapuntuak gustetan jakoz: ura eta lurra, maitasuna eta heriotzea, atsegina eta zigorra, baina beti be fatalismoz beteta; gizakia ez da zoriontasuna topetako gauza, ez da bere sen maltzurra gainditzeko kapaz. Filmak bizitzearen ganean emoten dauan ikuspuntua ezkorra eta manikeoa da. Pelikulan diziplina espiritualaren inguruan berba eginagaitik be, ez da irudikatzen bizitzearen ganeko ikuspegi orekaturik; dana gizakiak ezin kontrolatu daiken berezkotasun baten menpe dago.

Laburbilduz, filmaren errodajea egiteko erabilitako inguruaren edertasuna nahiz argazkigintzearen bikaintasuna ez dira nahiko; filmak ezin dau arnasarik hartu, bere filosofian ito egiten da eta ito egiten gaitu. Pantailako edertasunagaz asetzeko gauza ez bazarie, film hau samako okerreko bidetik joango jatzue.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidolaria: Kim Ki-duk.
- Herrialdeak: Hego Korea eta Alemania.
- Iraupena: 103 minutu
- Antzezleak: Oh Young-soo (monje zaharra), Kim Jong-ho (ume monjea), Seo Jae-kyung (mutiko monjea), Kim Young-min (monje gaztea), Kim Ki-duk (monje heldua), Ha Yeo-jin (neskea), Kim Jung-young (neskearen ama), Ji Dae-Han (Ji ikertzailea), Choi Min (Choi).
- Argazkia: Baek Dong-hyun.
- Montaia: Kim Ki-duk.