Txutxu-mutxuan  III. urtea // 79. zenbakia

Tabako enpresak, errudunen jesarlekuan


Legezko ekintza nagusiak tabakoaren kontra

1998ko zemendiaren 17an: AEBetako tabako enpresek 46 estaduri 206.000 milioi dolar pagetea onartu eben 2025era bitartean, epaiketak saihesteko.

1999ko irailaren 22an: Janet Renok, AEBetako fiskal nagusiak, tabako industriaren kontrako 25.000 milioi dolarreko demanda baten barri emon eban.

2000ko garagarrilaren 15ean: bost enpresak 145.000 milioi dolarreko isuna ordaindu behar izan eutseen Floridako hainbat erretzaileri.

2000ko zemendiaren 7an: Europako Batzordeak Estadu Batuetako konpainiei demandea imini eutsen kontrabandoa zala eta.

2001eko urtarrilaren 4an: Bartzelonako hainbat erretzailek estaduko tabako ekoizleei 24.000.000 euroko kalte-ordaina eskatu eutseen.

2004ko garagarrilaren 10ean: Philip Morris-ek Bruselagaz 1.250 milioi dolarreko ordainketea adostu eban, kontrabando-demandea kentzearen trukean.

Begiluzea

Estadu Batuetako Fiskaltza Nagusiak herrialde honetako tabako enpresak salatu dauz konspirazino eta iruzurragaitik; izan be, enpresok berrogeita hamar urteko epean zehar ostendu dabe tabakoak sortu eragiten dauzan kalteak eta menpetasuna. Epaiketeak, bost urteko prestakuntzen ostean, porrotera eroan leikez konpainia honeek.

1953an tabako arloko konpainietako buruak Manhattan-go hotel batean batu ziran. Batzarraren ustezko helburua ikerketa institutu bat sortzea zan, baina, fiskaltzearen esanetan, emoitza bakarra tabakoak osasunari sortu eragiten deutsozan kalteak isilarazoteko itun bat berbatzea izan zan.

Salaturiko konpainiak ondokoak dira: Philip Morris eta Altria, R.J. Reynolds, Brown & Williamson (udan honetan Reynolds-eri batu jakona), Lorillard (Loews Corporation-en filiala), British American Tobacco eta Liggett; guztiara 280.000 milioi dolar eskatzen jakez, hau da, 230.000 milioi euro inguru.

Estaduko abogaduek bost urtetan egon dira auzia aztertzen eta prestetan; euren eretxiz, tabako enpresetako buruek batzar horretan nikotinearen eragin menpetasun-sortzaileak isilarazo, erretzaile pasiboaren gaixotasunen inguruan guzurrak esan eta euren publizidade ahaleginek gizaldi barrietako gazteei zuzentzeko erabagia hartu eben.

Porrot mehatxua

Fiskaltzeak uste dau ustezko erabagi hori osasun publikoaren kontrako konspirazinotzat jo daitekela; gauzak horrela, “disgorgement” legezko kontzeptua aplikatuz, estaduaren abogaduek tabako enpresek altxor publikoari delituzko jarduera horren etekinak itzultzea lortu gura dabe. Arrakastea izan ezkero, konpainiok porrot egin leikie; izan be, salaturiko enpresen balio garbia, guztira, 200.000 milioi dolarrekoa da, hau da, eskatzen dana baino 80.000 milioitik beheragokoa.

Gauzak horrela, Auzitegi Federalak 100 lekuko ingururi entzun behar izango deutse zinpeko epaimahai bako prozesu batean. Horri beste 200 lekukok idatziz egingo dabezan adierazpenak gehitu behar jakoz. Eragin Mafiosoen eta Erakundeen Ustelkeriaren kontrako Legearen arioan abian iminitako auzi hau 6 hilabetez luzatuko dala uste da.

Tabako enpresek, bestalde, baieztu dabe kasu honek ez daukala ezelango oinarririk eta orain dala 50 urte tabakoaren alde hartu zan jarrerea, beharbada, okerra izan zala, baina ez zala ezelan be iruzurra izan.

Konpainia honeek gogora ekarri gura dabe 1998an akordio batera ailegau zirala demandea aurkeztu eutseen 46 estaduakaz; izan be, estadu horreek osasun publikoaren sistemeari eragindako kalteak ordaintzeko 250.000 milioi dolarreko kopurua eskatu eta, Bill Clinton-ek administrazinoagaz lortutako akordioari esker, osasun programen bitartez 200.000 milioi dolar ordaintzeko konpromisoa hartu eben 25 urteko epean; horren trukean estaduak konpainiei zelanbaiteko inmunidadea emon behar eutsen. Kasu honetan, dana dala, ez dira estaduari emon beharreko konpentsazinoak, ezpada iruzurraren bitartez eskuraturiko etekinak itzultzeko bidea.