Internauten intimidadea
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Estadu Batuetatik heltzen jakuzan barriak nahikoa txireneak izaten dira, Europa zaharrean nekez ulertzeko modukoak sarritan; dana dala, hango kontuak laster heltzen dira gurera, batez be, teknologiagaz zeozelako lotura daukien barriak.
Sarea eta internautak, gero eta erabilera gehiago, gero eta konekzino gehiago, gero eta enpresa gehiago eta ondorioz, gero eta interes ekonomiko gehiago. Duda barik, enpresa eta erakunde askorentzat sano interesgarria da, internautak nondik nora mobiduten diran jakitea, zelan, zenbat denpora eta zenbat aldiz nabegetan daben Sarean eta zeintzuk diran erabiltzaileen webgune faboritoak.
Interes hau dala eta (azken finean, interes ekonomikoa izango da gehienetan) Sarean dabilzan “spyware” programak ugaritu egin dira. Programa honeek gure ordenagailuetan instaletan jakuz gure baimen barik eta Internet-en gora eta behera gabilzanean, informazinoa batzen dabe euren sortzaileei bialtzeko. Spyware kaltegarrienak internautak tekleetan dauan guztia gordeteko gai dira.
Intimidadearen kontrako ekintzea izanda, Estadu Batuetan horren kontrako lege gogorrak imini dabez indarrean: enpresek kontsumitzailearen baimena (internautarena) eskatu behar izango dabe holako “spyware” programak instaletako. Arau hori beteten ez dauan enpresak isunaren mehatxua dauka bere gainean eta isun horreek miloeka dolarrekoak be izan leitekez. Microsoft enpresearen esanetan, programa horrek gure intimidadea urratzeaz gan, ordenadorean izaten doguzan akatsen sortzaileak be izaten dira sarritan. Arlo honetan behintzat internauten intimidadea babestuta egongo ei dala esaten da.
Baina kontrako elementuak be badira AEBn. Eta hara hor gure Arnold Schwarzenegger aktorea, orain Kaliforniako gobernadorea dana. Lege proiektu bat egoan preparauta baina gobernadoreak (gure Arnold-ek) atzera bota ei dau. Zer ekarren lege proposamen horrek? Enpresa batek bere langileen korreo elektronikoa ikusteko eta Internet Sarean nondik nora dabilzan jakiteko politikak erabili ezkero, langileak jakinaren gainean egon beharko litzatekezala. Dana dala, enpresak beharginei modu ofizialean esan behar deutsie euren korreoak eta nabegazinoak kontrolauta dagozala? Bai ala ez? Estadu Batuetako legeriak esaten dauan legez, enpresek langileen telefono deiak kontroletan badabez, idazki ofizial batez jakinarazo behar jake interesatuei (beharginei).
Lege horreek aprobetxauta, kontrola bai e-mail, Interneteko nabegazino eta beste tramankulu elektronikoetara be zabaldu gura izan dabe Kalifornian. Lege proposamenaren aldekoek (hau egin ezkero, langileak modu ofizialean jakin behar dau), langileen intimidadearen babesa aitatzen eben. Baina legearen kontrakoek (Arnold gobernadorea buru) ez dala beharrezkoa esaten dabe, ze langileek jakin badakie ezelako dokumentu barik euren komunikazinoak enpresearen kontrolpean dagozana.